Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro LIFE LEMA proiektuak itsas zabor 28 tona bildu ditu gure kostan

LIFE LEMA proiektuak itsas zabor 28 tona bildu ditu gure kostan

Aldundiak burutzen duen egitasmo honek 2.160.000 euroko aurrekontua izan du.

2019/06/27

LIFE LEMA proiektuak Bizkaiko Golkoan flotatzen dabilen zaborra aurreikusteko eta antzemateko sistemaren doitzea amaitu du, eta horrek etorkizunean kudeaketa eta garbitasuna modu eraginkorrenean kudeatzeko aukera emango du.

José Ignacio Asensio: “LIFE LEMA proiektuak itsasoko plastikoen kudeaketa hobetuko du eta Gipuzkoako herritarrak arazo honen aurrean sentsibilizatzea posible egin du”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak burutzen duen egitasmo honek 2.160.000 euroko aurrekontua izan du (%60 LIFE programaren Europako funtsek eman dute) eta AZTIren, Biarritzeko Udalaren eta Surfrider Europe Foundationen parte-hartzea izan du.

Hiru urteko garapenaren ondoren, LIFE LEMA itsasoko zaborra biltzeko proiektua azken fasean aurkitzen da. Gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak burututako jardunaldian, lortutako emaitzen eta Bizkaiko Golkoko hego ekialdeko itsas zaborraren egoeraren berri eman da. Programak jarraipena izango du After LIFE egitasmoaren bitartez, etorkizunari begira, Gipuzkoan garatu beharreko eredu eta estrategiarik eraginkorrenei buruzko gogoeta lerro bat zabalduko da.

LIFE LEMA proiektuaren honen xede nagusia izan da itsasoko zaborra detektatzeko eta biltzeko sistema bideragarri bat lortzea, eta horretan tokiko agintari eta komunitateak inplikatzea. Ekimenaren eremua Deba eta Adour ibaien artean dagoen Bizkaiko Golkoko zatia izan da, hau da, Gipuzkoako eta Lapurdiko itsas eta kostaldeko zonaldea, eta 3 urteko iraupena izan du.

Honen inguruan, José Ignacio Asensio, Ingurumeneko jarduneko diputatuak, jardunaldiaren irekiera ekitaldian azaldu duenez, “LIFE LEMA proiektuak itsasoetan plastikoaren problematika ez ezik, herritarren sentsibilizazio eta mobilizazio handia ekarri du oro har, eta esango nuke gaur egun jada inor ez dagoela problematika horretatik kanpo”.

Itsasoko zaborra biltzeko bi arrantzontzi eta bi garbiketa-ontzi erabili dira 864 egunetan zehar; zehazki, bi arrantzontzi (Miren Argia eta Itsas Belhara) eta bi garbiketa-ontzi (Uhaina, Subacuatic) aritu dira lanean. Hiru urte hauetan, guztira, 28 tona zabor bildu dira gure kostaldearen aurrean. 28 tona horietatik, 1,5 tona baino ez dira bildu Gipuzkoan, hau da, bildutako zabor flotagarriaren %95 Frantziako kostaldean bildu da. Datu horiek aztertuta, eta proiektuaren iragarpen ozeanografikoen eredu berek ekarri diguten informazioaren arabera, ondoriozta daiteke Gipuzkoako kostaldearen parean zabor flotagarria nahiko sakabanatuta dagoela, eta mugimendu balantze bat gertatzen dela, zeinak zaborra Lapurdiko kostaldeen aurrera eramaten baitu. Ondorioz, hor sortzen dira pilaketa gune nagusiak.

LIFE LEMA proiektuari jarraipena emateko, After LIFE egitasmoa martxan jarriko da. Etorkizunari begira, Gipuzkoan garatu beharreko eredu eta estrategiarik eraginkorrenei buruzko gogoeta lerro bat zabalduko duena. Detektatzeko teknologiari bidez, zabor flotatzailea atzemateko kamera infragorriak jarri dira ibaien bokaletan (Oria eta Adour). After LIFE egitasmoaren bitartez, 3 kamera berri ezarriko dira, aukera emango dutenak hondakinak ibaietatik itsasora iritsi eta alerta sistema egokia antolatzea.

Proiektuari esker, hemendik aurrera Bizkaiko Golkoan itsasoan flotatzen dabilen zaborra aurreikusteko eta antzemateko tresna bat izango dugu. Lanabes honen bitartez, gure kostaldean zabor flotagarriaren portaera eta egiten duen joan-etorrien patroia ezagutuko dugu, eta horrek etorkizunean kudeaketa eta garbitasuna modu eraginkorrenean kudeatzeko aukera emango du. Bestalde, kostaldean eta itsasoan jasotako itsas zaborrari buruzko datu-base bat sortuko da ere, datu historikoak izatea ahalbidetuko duena. Behaketa hori beharrezkoa da ekintzak planifikatzeko eta itsasoko arazoaren aurrean neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezartzeko gure itsasertzetan eta itsasoetan.

Bildutako zabor flotagarriaren karakterizazioari dagokionez (bilketa eta birziklatzeko eta balorizatzeko aukerak aztertzea),  ondoriozta daiteke bildutako zaborraren gehien-gehiena arrantza-sektoreko edukiontziak eta hondakinak direla, batez ere: sareak, sokak eta abar. Materialak birziklatzeari dagokionez, LIFE LEMAn zehar egindako proba pilotuek diote edukiontziak birziklatzea dezente zaila dela oso degradaturik daudelako; alabaina, arrantza sektoreko hondakin batzuek (sareek, esaterako) birziklatzeko ezaugarri egokiak dituzte.

Jardunaldiak eremu akademiko eta instituzioetako aditu ugari bildu ditu. Parte hartu dute besteak beste, José Ignacio Asensio, Ingurumeneko jarduneko diputatuak; Michel Veunac, Biarritzeko alkateak; eta Marc Bérard, Syndicat Mixte Kosta Garbia-ko ordezkariak. Jarraian, Oihane Cabezas AZTIko ikerlariak, Bizkaiko Golkoko hego ekialdeko itsas zaborraren egoeraren ikuspegi orokorra eman du; Iker Azurmendi Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuko teknikariak, LIFE LEMA proiektuaren deskribapena egin du; Peggy Bergeron, Caroline Serrade, Matthias Delpey, María Ballesteros, Vanessa Sarah Savo eta Beatriz Marticorenak berriz, proiektuaren emaitzak aurkeztu dituzte. Amaitzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritzako zuzendariak, Mónica Pedreirak; AZTIko zuzendari nausiak, Rogelio Pozok; Surdrider Europe Foundation-eko zuzendari exekutiboak, Florent Marcoux-ek eta SUEZ-Rivagea Pro Tech-eko arduradunak, Laetitia Jourdan-ek, proiektuaren ondorioak ezagutzera eman dituzte.

 

Ingurumenaren Europako Agentziaren (EEA) esanetan, urtero 10 milioi tona zabor botatzen dira itsasora eta munduko ozeanoetara. Bizkaiko Golkoa ez da salbuespena. Itsasontzietatik datorren zaborra, eta kostaldetik eta ibaietatik datorrena, metatuz joaten da itsas azaleran eta hondoan, eta ondorio larriak sortzen ditu ingurumenean, itsas segurtasunean eta gure osasunean.

Proiektua nazioarteko lan-talde batez osatuta egon da eta sei bazkide izan ditu, Gipuzkoako Foru Aldundia horien buru delarik. Ondokoak dira beste kideak: AZTI eta Rivages Pro Tech ikerketa zentroak, Syndicat mixte Kosta Garbia eta Biarritzeko Udala erakunde publikoak eta Surfrider Foundation Europe GKE. Proiektuak 2.160.000 euroko aurrekontua izan du, eta horren %60 LIFE programaren Europako funtsek eman dute.

  

1941