Matxismoaren aurka eta berdintasunaren alde diharduten elkarteentzako laguntzak handitu ditu Gipuzkoak
Matxismoaren aurka eta berdintasunaren alde diharduten elkarteentzako laguntzak handitu ditu Gipuzkoak
Matxismoaren aurka eta berdintasunaren alde diharduten elkarteentzako laguntzak handitu ditu Gipuzkoak
Foru Aldundiak % 11 handitu du dirulaguntzen deialdi berria, eta 510.000 eurora iritsiko da 2026an

Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio gaur berdintasunaren alde lan egiten duten Gipuzkoako emakumeen elkarteentzako diru-laguntzen deialdi berriari, eta datorren urterako aurrekontua 510.000 eurora handitu du, aurreko urtean baino 50.000 euro gehiago, “Gipuzkoan ahalduntzea sustatzen duten elkarte feministen eta emakumeen elkarteen funtsezko lana” babesteko, hain zuzen. Irune Berasaluze foru bozeramaileak nabarmendu duenez, “deialdi honen % 11ko igoera honekin, Aldundiak berdintasunaren eta elkarte sarearen alde lan egiten duen komunitatea indartzen jarraitu nahi du, haiek matxismoaren aurka eta berdintasunaren alde gure lurraldean egiten duen lan garrantzitsua babestuz, gizarte bidezkoago eta parekideago baterantz urrats gehiago emateko, eremu guztietan”.
Berasaluzek laguntza lerro horrek azken urteetan izan duen eragin gero eta handiagoa nabarmendu du. Iaz 45 proiektuk jaso zuten laguntza, aurreko urtean baino hiru gehiagok. “Datu horiek erakusten dute Aldundiak laguntza hauek lurraldearen benetako beharretara eta elkarteek berdintasunean duten inplikazio gero eta handiagora egokitzeko duen borondatea”, adierazi du Berasaluzek. “Gure helburua da gero eta erakunde gehiagok beren ekimenak bultzatu ahal izatea eta Gipuzkoako emakumeentzat, bereziki zaurgarritasun egoeran daudenentzat, espazio seguruak eta ahalduntzekoak finkatzen laguntzea”.
Deialdi berriak bi diru-laguntza ildo espezifiko aurreikusten ditu: lehena, elkarteen ohiko jarduerak finantzatzera bideratua, eta bigarrena, gizarte orokorrari edo egoera ahulenean dauden emakumeen kolektiboei zuzendutako proiektu espezifikoei bideratua. 2026ko deialdiari begira, elkarteen ohiko jarduera finantzatzeko zuzkidura ekonomikoa indartu da, 120.000 €-ko aurrekontuarekin.
Salmentak % 2,7 hazi dira Gipuzkoan
Gipuzkoako enpresen salmentak % 2,7 igo dira 2025eko urtarriletik irailera, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Hazkunde hori barne-salmentek ( % 3,6) eta esportazioek ( % 1,1) eragin dute urteko lehen bederatzi hilabeteetan. Sektoreka, zerbitzuek aise gainditzen dituzte gainerako sektoreak eta hazkunde orokorra ( % 3,5), baina salmentak ere igo egin dira industrian (+%2,1) eta eraikuntzan (+%2,0), aurreko urteko aldi bereko datuekin alderatuta.
Hau da Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza departamentuak garatzen duen Salmenta, Kanpo Merkataritza, Enplegu eta Soldatei buruzko hileko txosten-etik eratorri daitekeen informazioa. Foru bozeramaileak azaldu duenez, txostenak “agerian uzten du Europako bazkide komertzial nagusien ahultasuna eta nazioarteko testuinguru ekonomikoaren ziurgabetasuna esportazioei dagokienez. Hala ere, irailera arte % 1 igo dira Europar Batasuneko herrialdeetarako esportazioak, eta % 1,3 gainerako herrialdeetarakoak”. Inportazioei dagokienez, horiek ere % 2,5 hazi dira urteko lehen bederatzi hilabeteetan. Inportazio horien jatorriari erreparatuta, EBko herrialdeetatik egindako erosketetan igoera txiki bat izan da (+%0,3), eta EBtik kanpoko herrialdeetatik etorritakoen inportazioak, berriz, % 9 igo dira.
Lan merkatuari erreparatuta, nolabaiteko moteltzea ikusten da azken hilabeteetan, nahiz eta horrek indartsu jarraitzen duen; hala, 2025eko lehen bederatzi hilabeteetako metatuan, enplegatutako pertsonen kopurua % 0,5 igo da. Hazkunderik handiena industrian izan da ( % 0,9); eraikuntzan hazkundea % 0,8koa izan da eta zerbitzuetan % 0,2koa.
Soldatei dagokienez, 2025eko lehen bederatzi hilabeteetako igoera % 5,1ekoa izan da. Puntu horretan, esan behar da sektoreen bilakaera nahiko orekatua izan dela; hala ere, hazkunderik handiena eraikuntzan izan da (+%5,5), industrian hazkundea % 5ekoa izan da eta zerbitzuetan % 5,1ekoa. Langile bakoitzeko batez besteko ordainsariari dagokionez, % 4,6 igo da.
Guztizko salmentak % 5,5 igo dira irailean, batez ere barne merkatuaren dinamismoagatik, non salmentak % 8,5 igo diren. Kanpoko salmentak, berriz, % 0,3 hazi dira. Sektoreka, sektore ekonomiko guztiek portaera positiboa izan dute: industria (%+5,6), eraikuntza (%+4,4) eta zerbitzuak (%+5,4). Lan-etekinak jasotzen dituzten pertsonen kopuruari buruzko zifra pixka bat igo da irailean (+%0,2). Enpresek ordaindutako soldatak, berriz, % 5,2 igo dira.
Zarataren aurkako pantailak Oiartzunen
Aldundiak hobekuntza-lanak egingo ditu AP-8 eta GI-20 errepideen arteko elkargunean, Oiartzun parean, Donostiarako noranzkoan seguruago eta erosoago gidatzeko. Jarduketarekin batera, halaber, pantaila fonoxurgatzaile berriak instalatuko dira, errepideen soinu-inpaktua murrizteko. Bidegik 9.876.852 euroko aurrekontua duen lizitazioa onartu du (BEZa barne) eta exekuzio epea 17 hilabetekoa izango da esleitzen den unetik.
Foru bozeramaileak emandako azalpenen arabera, gaur egungo 150 metroko bidegurutzea 500 metrora luzatuko da, eta, horri esker, erreien arteko trantsizioa arinagoa eta progresiboagoa izango da, arrisku egoerak murriztuz eta AP-8tik Zarautzerantz edo Bilborantz jarraitzen duten edo Pasaia-Donostiarako norabidean GI-20 errepidea aukeratzen duten erabiltzaileen segurtasuna “nabarmen” hobetuz.
Lanek AP-8ko erreien plataformaren zabalgunea hartuko dute, Bilborako noranzkoan, Oiartzungo biaduktuan eta ondoko azpiko pasagunean jarduketak eginez, eta horiek ere handitu egingo dira.
Era berean, jarduketak errepideen inpaktua murriztuko du, lau metroko altuera duten pantaila akustiko xurgatzaile berriei esker – zubibidean eta azpiko pasabidean bi metro izango baitituzte –, eta eusteko sistemak berrituko dira metalezko petril berriekin, hala autobidearen enborrean, nola Oiartzungo irteerako eta sarrerako adarretan.
Mezenasgo jarduerak
Halaber, bozeramaileak iragarri du 2025-2029 aldirako lehentasunezko mezenasgo jarduerak onartu dituela gaur foru dekretu bidez Diputatuen Kontseiluak. Marko honek mezenasgoari lotutako zerga abantailez baliatzeko esparru gisa balioko du erakunde laguntzaileek onura fiskalak izan ditzaten. Berasaluzek azaldu duenez, Aldundiak lehen aldiz ezarri du urte anitzeko esparru bat, “segurtasun eta egonkortasun handiagoa ematen diena mezenasgoaren esparruan ekarpenak egiten dituzten erakunde eta pertsonei, zerga kenkariak bost urtez bermatuz”. “2025-2029 aldi osoan zerga kenkariak mantentzen diren bermea izango dute, eta horrek lasaitasuna eta konfiantza ematen die euren konpromisoari esker Gipuzkoaren interes orokorrari laguntzen dioten elkarte eta eragileei”.
Erreforma Maiatzaren 9ko 1/2025 Foru Arauan oinarritzen da, zeinak lehentasunezko jarduerak urtero onartzeko betebeharra ezabatu eta hainbat urtetarako deklaratzea ahalbidetu baitu. Onartutako Foru Dekretuak mezenasgoaren eremu tradizionalak mantentzen ditu, hala nola gizarte politikak, ingurumena, kirola, kultura, nazioarteko lankidetza, euskara, sustapen ekonomikoa eta berrikuntza eta suteen prebentzioa; eta eremu berri bat txertatzen du, lurralde oreka berdearena, Gipuzkoako basoen babes eta kudeaketa jasangarriko ekintzak bultzatzeko helburuarekin.
Errenta Kanpainarako lan poltsa
Gipuzkoako Foru Aldundiak hautaketa-prozesu ireki baterako deialdia egin du, Ogasun eta Finantza departamentuaren kanpainei laguntzeko erdi-mailako teknikarien lan-poltsa bat sortzeko. Poltsa bereziki 2026ko udaberrian egingo den Errenta kanpainari zuzenduta dago. Eskaerak azaroaren 13ra arte aurkeztu ahal izango dira.
Poltsa osatzeko, izangaiek abendutik aurrera egitea aurreikusten den proba bat gainditu beharko dute. Aldundiak aurreko kanpainetan izandako esperientzia baloratuko du.
Iragarpen horrekin, bozeramaileak azaldu duenez, “Foru Aldundiak Ogasun Sailean aitorpenak tramitatzeko sasoian gertatzen diren aparteko langile-beharrak bete nahi ditu”. “Zergadunen beharrei erantzun nahi diegu, eta zerbitzu eraginkorra, arina eta kalitatezkoa eman” adierazi du Berasaluzek, eta prozesuan izena emateko deia egin die interesdunei.
Informazio guztia eskuragarri dago Aldundiaren egoitza elektronikoan, Enplegu Publikoaren ataleko Lan Poltsen atalean eta urriaren 23ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Aurreikuspenen arabera, azterketaren data azaroko azken aurreko astean jakinaraziko da.
1733