Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak laguntza turistikoen lerroa zabaldu du, tokiko jatorri-deitura eta babes turistikoa duten produktuak sustatzen dituzten ekitaldiak barne hartzeko
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak laguntza turistikoen lerroa zabaldu du, tokiko jatorri-deitura eta babes turistikoa duten produktuak sustatzen dituzten ekitaldiak barne hartzeko
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak laguntza turistikoen lerroa zabaldu du, tokiko jatorri-deitura eta babes turistikoa duten produktuak sustatzen dituzten ekitaldiak barne hartzeko
Azahara Domínguez diputatuak iragarri duenez, zabalkuntza hau lehendik dagoen laguntza-lerro bati gehitu zaio, 150.000 eurokoa, interes turistiko nabarmena duten ekitaldi gastronomikoak antolatzen laguntzeko, bereziki Gipuzkoako Lurralde Historikotik kanpo proiekzio mediatikoa sortzen dutenei. • Interesdunek irailaren 5eko 15:00ak arte izango dute eskabideak aurkezteko.

Azahara Domínguez diputatua
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak laguntza-deialdi bat egin du, 150.000 eurokoa, Gipuzkoan MICE turismo-jarduera sustatzeko. Laguntza horiek "berrikuntza garrantzitsua" dakarte, izan ere, hemendik aurrera, "jatorri-deitura duten produktuak sustatzeko helburua duten ekitaldi eta azokak ere diruz lagunduko dira, betiere turismo-ibilbide sendoa badute eta, gainera, produktu hori turistikoki bermatzen duen turismo-azpiegitura edo -baliabide bat badago egiten diren udalerrian".
Hala adierazi du Azahara Domínguez diputatuak, eta esan du "zabalkuntza hau lehendik dagoen laguntza-lerro bati gehitu zaiola, interes turistiko garrantzitsua duten ekitaldi gastronomikoak antolatzen laguntzera bideratua dagoena, Gipuzkoako Lurralde Historikotik kanpo proiekzio mediatikoa sortzen dutenei arreta berezia eskainiz".
Diputatuak azaldu duenez, "gastronomia da, zalantzarik gabe, gure erakargarri turistiko nagusia, eta, neurri batean, Gipuzkoan gozatzen dugun lehengai bikainagatik da. Eta honen adierazki nagusiak jatorri-deiturak dira. Horregatik, jatorri-deitura duten produktuen inguruko ekitaldi profesionalak sustatzea eta gure lurraldeko hainbat herritan egiten laguntzea funtsezkoa da gure eskualde guztietan MICE turismoa zabaltzeko, balio handiko segmentu turistikoa baita, errespetuzko bisitariak erakartzen dituelako eta eragin ekonomiko oso positiboa duelako".
Laguntza hauek jaso ahal izango dituzte deialdiaren oinarrietan adierazitako ekitaldiak antolatzen dituzten eta Gipuzkoan kokatuta dauden irabazi asmorik gabeko enpresa, elkarte, fundazio eta erakunde pribatuek (bai eta Gipuzkoako udalek eta/edo horien mendeko turismoa sustatzen duten erakundeek eta eskualde-mailako turismoa kudeatzen duten mankomunitate eta agentzia publikoek ere, baldin eta oinarrietan adierazten diren gastronomiarekin lotutako ekitaldiak antolatzen badituzte).
Interesdunek irailaren 5eko 15:00ak arte izango dute eskabideak aurkezteko. Eskabideak Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztuko dira (https://egoitza.gipuzkoa.eus), dirulaguntzen atarian sartuta eta eskuragarri dagoen formulario espezifikoa beteta, proiektuaren memoria nahitaez aurkeztuta eta dagozkion fakturak edo aurrekontuak aurkeztuta.
5.000 eta 18.000 euro bitarteko laguntzak
"Azoka, erakusketa edo merkataritza-erakusketak antolatzen dituzten onuradunen kasuan, dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagun daitekeen kostuaren % 25 izango da, gehienez 7.500 €ekitaldiak egun bat irauten badu, 10.000 €bi egun irauten badu eta 12.500 €hiru egun edo gehiago irauten badu. Profesionalen edo negozioen biltzarretan, konbentzioetan eta enpresa-ekitaldietan Gipuzkoan turismo-jarduerak egiten dituzten onuradunen kasuan, dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen gastuen % 75 izango da, gehienez ere 5.000 € onuradun bakoitzeko (salbu eta ekitaldiak turismo-jarduera bat baino gehiago badu, kasu horretan 7.500 €izango baita gehienez). Azkenik, gastronomiarekin lotutako ekitaldiak antolatzen dituzten onuradunen kasuan, dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen gastuen % 40 izango da, gehienez 12.000 €proiektuko eta 18.000 € erakunde onuradun bakoitzeko", adierazi du Dominguezek.
"Gipuzkoa MICE helmuga gisa posizionatzea indartu nahi dugu, azoka handiak antolatzeko gihar garrantzitsua dugulako eta erakutsi egin behar dugulako. MICE turismoa funtsezko aliatua da turismo-fluxuak banatzeko estrategian eta erakarri nahi dugun kalitatezko eta errespetuzko turismo horren bilaketan; hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak gure lurraldean urtero aberastasun izugarria sortzen duen jarduera ekonomiko hori bultzatzen jarraituko du".
5224