Aldundiak lurraldeko enpresentzako finantzaketa-tresna berri bat abiarazi du Elkargirekin eta Oinarrirekin batera
Aldundiak lurraldeko enpresentzako finantzaketa-tresna berri bat abiarazi du Elkargirekin eta Oinarrirekin batera
Aldundiak lurraldeko enpresentzako finantzaketa-tresna berri bat abiarazi du Elkargirekin eta Oinarrirekin batera
Hitzarmenaren helburua da “eragin biderkatzaile bat” sortzea enpresa txiki eta ertainei laguntzeko programetan
Gipuzkoako Foru Aldundiak finantza-tresna bat hitzartu du Elkargi eta Oinarri elkarteekin –elkarrekiko berme elkarteak–, helburutzat hartuta lurraldeko enpresei finantzaketa erraztea jarduera-esparru hauekin zerikusia duten proiektuetarako: berrindustrializazioa eta enpresa-eraldaketa, internazionalizazioa, langileen parte hartzea, eta enpresa-proiektu berriak merkaturatzea. Lankidetza horrek kreditua ahalbidetu die Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainei, Gipuzkoan abian den “lankidetza publiko-pribatuaren dinamikan” sakonduz.
Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok harrera egin die, gaur, Elkargi eta Oinarri elkarteetako zuzendari nagusiei –Marco Pineda eta Pío Aguirre, hurrenez hurren–, eta horiek beren izenpekoa idatzi dute aipatutako lankidetza-hitzarmenean.
Ekitaldian parte hartu dute, baite ere, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuko foru diputatu Ainhoa Aizpuruk eta Ogasuneko diputatu Jabier Larrañagak. Orobat parte hartu dute bileran, lurraldean diharduten hamaika finantza-entitatek, bertatik bertara ezagutzeko apustu hau, Gipuzkoako enpresei finantzaketa eskuratzen erraztearen aldekoa.
Markel Olanok aintzakotzat hartu du Elkargi eta Oinarri elkarteekin lortutako lankidetza-hitzarmena; lehenengo eta behin “berekin dakarrelako modu erabakigarri eta berritzaile batean aurrera egitea gobernu honek legealdiko lehen minututik hartutako konpromiso batean”, zeina baita “Gipuzkoako enpresei laguntzea, etorkizunari begira egiten dituzten apustuetan, erakundeak eskura dituen tresnen bitartez”, azken helburua izanik “lurraldeko enpresak indartzea; beraz, suspertze ekonomikoa indartzea”. Diputatu nagusiak hau azpimarratu du: “Hitzarmen honek garbi erakusten du Gipuzkoako enpresa-ehun osoarekin egin nahi dugun ahalegina gure industriaren eraldaketan sakontzen jarraitzeko, lehiakortasun, dibertsifikazio eta presentzia globaleko maila handiagoetarantz, apustu eginez kalitatezko enpleguaren alde eta pertsonek enpresa-proiektuan parte hartzearen alde, gure lurraldeko eta gure herrialdeko industria-ereduaren identitate ezaugarriak indartuz”.
Olanok aintzakotzat hartu du, halaber, finantza-tresna berri honen helburua dela “lankidetza publiko-pribaturako dinamikak bultzatzea” eta dinamika horiek “osatu eta indartu egiten dituztela administrazio publikoaren ohiko tresnak”. Adierazi duenez, “lankidetza-ildo berri bat irekitzen da, non bilatzen duguna den ahalik eta etekinik handiena ateratzea Foru Aldundiaren baliabideei, aurrekontu eta gizarte ikuspegitik begiratuta. Hitzarmen hau dator ekonomia-sustapenaren eta fiskalitatearen eremuetatik ekonomia arloan egiten ari garen lana osatzera eta eragin biderkatzaile bat sortzera. Izan ere, iragarri duenez, asmoa da finantzaketa-ildo honek 130-150 milioi euroko inbertsioak aktiba ditzaten Gipuzkoako enpresek.
Elkargirekin eta Oinarrirekin sinatutako hitzarmenaren xedea da enpresa txiki eta ertainei inbertsioetarako finantzaketa ahalbidetzea, elkarrekiko berme elkarteen abalaz, lau jarduera-esparru hauek hartuta:
a) Langileek enpresen kapitalean zuzenean edo zeharka parte hartzea sustatzea.
b) Gipuzkoako enpresak internazionalizatzeko prozesuak indartzea, dela kanpoan ezartzeko fasean dauden entitateen enpresa-hazkundeari lagunduz, dela bestelako jarduera batzuei lagunduz, hala nola esportazioa eta ordezkaritzak zabaltzea, banatzaileekin hitzarmenak egitea, merkataritza kanpainak egitea, azoketan parte hartzea eta abar.
c) Berrindustrializazio eta enpresa-eraldaketa prozesuetan laguntzea, horren bidez Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna eta jasangarritasuna areagotzeko.
d) Hazkunde aukera handiak eta negozio eredu eskalagarria duten enpresa-proiektu berriak dituzten oinarri teknologikoko enpresa berriek edo enpresa eraldatzaile berriek finantzaketarako aukera izatea.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, aurten, 35 milioi jartzen ditu lau esparru horietan enpresei laguntzeko programetarako. Gaur sinatutako hitzarmenari esker, Elkargi eta Oinarri elkarrekiko berme elkarteek abalatuko dituzte enpresek laguntza horien testuinguruan egiten dituzten inbertsioak.
Beste alde batetik, hitzarmen honen osagarri, protokolo bat sinatuko da, hala badagokio, Gipuzkoan diharduten eta lurraldeko enpresa-ehunarekin lan egiten duten finantza-entitate nagusiekin, horiek ere partaide izan daitezen Gipuzkoako enpresek egiten dituzten inbertsioetan. Zehazkiago, aurreikusten denez, finantza-erakunde hauek sinatuko dute protokoloa: Bankinter, Bankoa, BBVA, Kutxabank, Luzaro, Caixabank, Banco Popular, Laboral Kutxa, Rural Kutxa, Sabadell eta Santander. Banketxe horien ordezkariek gaurko bileran parte hartu dute.
Hitzarmena sinatu ondoren, prentsaurreko batean balioetsi dute lortutako hitzarmenaren edukia bai Elkargi eta Oinarriren ordezkariek bai Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuko foru diputatu Ainhoa Aizpuruk eta Ogasuneko diputatu Jabier Larrañagak. Bestalde, Markel Olanok gogorarazi duenez, Foru Aldudian abian jarritako Ekonomia Suspertzeko Planaren jarduera-ildoetako bat da gure industria egiten ari den apustuetara egokitutako “finantza-tresna berriak garatzea”; hain zuzen, “finantzaketa integralerako eredu berriak” sortuz.
“Elkarrekiko berme elkarteek, sortu zirenetik, zeregin garrantzitsua bete dute Gipuzkoako enpresa-ehunean; izan ere, Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainei kreditua ahalbidetu die. Aitortzen dugun rol bat da, eta, gainera, hitzarmen honen bidez ere lagundu nahi dugu”, osatu du. Bi berme elkarteek beren poza agertu dute bete dutelako baliabide publiko eta pribatuen “tresna biderkatzailea” izateko duten betekizuna, eta bermatzen dutelako “baldintza ezin hobeetan eskuratzea kreditua enpresek, langileek eta sortzen ari diren proiektuek, finantza-entitateek maileguak kobratzea ziurtatuz”.
6580