Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Onartuta 2019ko Enplegu Publikoko Eskaintza, 72 plazarekin

Onartuta 2019ko Enplegu Publikoko Eskaintza, 72 plazarekin

Hautaketa prozesuak datozen hiru urtetan onartuko dira.

2019/07/23

Aurtengo Enplegu Publikoko Eskaintza (EPE) onartu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak, 72 plazarekin. Neurri honek pasa den urteko udazkenean onartu zen 338 plazako EPEa osatzen du. “Honela, Aldundiak 400 enplegu publikoko plazetarako eskaintzak onartu ditu jada, azken urteetan gure langileria berritzeko egiten ari garen ahaleginaren testuinguruan”, esan du foru bozeramaile den Eider Mendozak. Gogoratu duenez, datozen hiru legealditan foru langileen erdiak hartuko du erretiroa: “Beraz, aurrean daukagun erronka Aldundiaren belaunaldi aldaketa gauzatzea da, talentu berria erakarri eta egungo langileek duten jakintza eta eskarmentu galera ekidinez”.

            Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur, Aldundiaren aste honetako Diputatuen Kontseiluak hartutako erabakien berri emateko. Prentsa agerraldi honetan, zehaztu du eskaintza berriak honako plaza hauek dituela: 25 Ogasuneko goi-mailako teknikari; 23 suhiltzaile; 3 obra eta proiektuetako teknikari laguntzaile; zerga agente 1; 2 delineatzaile; erdi-mailako informatikari 1; erdi-mailako nekazaritza teknikari 1; erdi-mailako instalazioen teknikari 1; 2 erdi-mailako herri-lanen teknikari; 4 basozain; 2 goi-mailako artxibo teknikari; 2 goi-mailako kultura sustapeneko teknikari; 2 erdi-mailako zaharberritze teknikari; eta goi-mailako dokumentazio teknikari 1.

            Bere hitzaldian, Aldundiaren bozeramaileak azpimarratu du EPE berri honek foru erakundearentzako estrategikoak diren alorrak indartzen dituela, esaterako, foru Ogasuna edota suhiltzaileen zerbitzua. “Ogasuna giltzarria da ez bakarrik Gipuzkoarentzako, baizik eta herri honen erakunde sistemarentzako. Puntu honetan, ahalegin berezia ari gara egiten erretiroa hartzen ari diren langileak ordezkatu eta, aldi berean, garai eta teknologia berriek eskatzen dituzten profil berriak erakartzeko”, adierazi du. Suhiltzaileei dagokionean, Aldundiak zerbitzu hau sendotzen jarraitzen duela azaldu du, “belaunaldi erreleboari bide egin eta aurreko legealdian martxan jarri genuen zerbitzuaren transformazioa gauzatzeko baliabideak jarriz”.

            Gainera, foru bozeramailek nabarmendu du gaur onartu diren plazen %10 baino gehiago desgaitasuna duten pertsonentzako erreserbatuta daudela. “Apustu honekin, ezgaitasuna duten pertsonek funtzio publikoan duten presentzia normalizatzeko ahaleginari jarraipena ematen diogu”, zehaztu du Mendozak. Ildo beretik, gogoratu du irailean onartuko duela Gipuzkoako Foru Aldundiak bere lehen desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako EPE esklusiboa.

Datozen hiru urteetan

Foru arduradunak gogoratu du EPEek bi fase izan ohi dizutela: lehenengoan, EPEa bera eta plaza kopurua onartzen dira, hau da, gaurko Diputatuen Kontseiluan egin dena; bigarrengoan, hautaketa prozesua onartzen da (datak, temarioak…). “Hemendik aurrera, Aldundiak hiru urteko epea dauka, gaur iragarri ditugun plazen bigarren fasea onartu eta exekutatzen joateko”, azaldu du Mendozak. Hautaketa proben egutegiari buruz, esan du 72 plaza hauek aurretik onartutako EPEei gehituko zaizkiela, eta berriak diren postuen hautaketa probak prozesuaren amaieran egingo direla.

            Mendozak orain onartzen ari diren EPEen testuingurua ere nabarmendu nahi izan du, gogoratuz krisi garaian Estatuak debekatu egin zituela mota honetako prozesuak. Honen ondorioz, hazi egin dira bai bitartekotasun tasa zein administrazio publikoetako langileen batez besteko adina. “Hala ere, aukera izan bezain pronto, makina martxan jarri eta erakunde honetako funtzio publikoa berritzea helburu duten prozesuak aktibatu ditugu”, aldeztu du. “Prestatutako jendea behar dugu, garai berriek dakartzaten erronkei erantzuten lagunduko digutenak. Enplegu publikoko deialdi sorta honekin, belaunaldi berri bati irekitzen dizkiogu Aldundiko ateak eta, aldi berean, foru erakundeko enpleguaren egonkortasuna indartzen dugu”, borobildu du foru bozeramaileak. 

  

1576