Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Aldundiak 3.780.000 euro xedatuko ditu, aurten, lankidetzarako laguntzetara

Aldundiak 3.780.000 euro xedatuko ditu, aurten, lankidetzarako laguntzetara

Proiektuen % 25, gutxienez, Afrikan egingo dira

Iaz, 3.488.000 euro xedatu ziren. Deialdi honetako berrikuntzetako bat da helmugako proiektuen % 25, gutxienez, Afrikan egingo direla, eta proiektuen jarraitutasuna balioetsiko dela.

2015az geroztik, bikoiztu egin da onetsitako proiektu kopurua. 2015ean onetsitako 27 proiektuetatik, 2018an, 58 proiektu izatera pasatu gara, eta, horietan parte hartu zuten entitate kopurua ere, 2015ean 52 entitate izatetik 2018an 97 izatera pasatu gara.

Garapenerako Lankidetzako zuzendari Fernando San Martínek lankidetzarako laguntzen 2019ko deialdia aurkeztu du, Diputatuen Kontseiluak bihar onetsiko duena, eta 3.780.000 euroko aurrekontua duena.

Prentsaurrekoan, Fernando San Martínek ez ezik, parte hartu dute, baita ere, zenbait entitateren ordezkariek, hala nola Tau Fundazioa, Aldarte, Derandei Fundazioa eta Ingeniería para la Comunicación sozietatea, azaltzeko zer egoeratan dauden 2018an jasotako laguntzekin egin dituzten proiektuak.

Diru laguntzen xede diren proiektuak dira pobreziari aurre egitekoak, hezkuntza sustatzekoak, gizarte eraldaketa bultzatzekoak, eta larrialdi egoerei aurre egitekoak. Hala, lau jardun esparrutan biltzen dira:

Garapen proiektuak Hegoaldeko herrialde pobretuetan: 2.320.000 euro. Ematen den laguntzaren zenbatekoa 15.000 eta 120.000 euro bitartekoa izan daiteke, proiektuko.

Gizarte eraldaketarako hezkuntza proiektuak: 700.000 euro. Ematen den laguntzaren zenbatekoa 15.000 eta 60.000 euro bitartekoa izan daiteke, proiektuko.

Gizarte eraldaketarako ekintza puntualak (tokikoak edo nazioartekoak): 400.000 euro. Laguntza, 20.000 eurokoa izan daiteke, gehienez, proiektuko.

Larrialdiko eta ekintza humanitarioko laguntzak: 360.000 euro. Laguntza, 40.000 eurokoa izan daiteke, gehienez, proiektuko.

Aurten, eta Afrikako laguntzak indartzeko asmoz, diruz laguntzen diren proiektuen % 25, gutxienez, Afrikan egingo dira. Orobat, lehenengo aldiz balioetsiko da proiektuen jarraitutasuna.

San Martinek azaldu duenez, garapenerako lankidetza dago une batean, non bere planteamenduak eta helburuak aldatu behar dituen, bere hartan dirautelako hainbat fenomenok, hala nola pobrezia, ingurumen arazoak, desberdintasuna, oinarrizko giza eskubideen urraketa, eta emakumeen mendekotasuna.   

Gipuzkoako Foru Aldundiaren iritziz, ezinbestekoa da lankidetzarako garapena indartzea, eta esparru estrategiko bat edukitzea, arlo horretan bere jarduera bideratzeko. Erreferentzia esparru horren beharrak bat egiten du Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2015-2019ko Kudeaketa Plan Estrategikoaren funtsezko printzipioetako birekin, hau da, elkartasunarekin eta erantzukizunarekin.

Foru Aldundiak nahi du laguntza horien funtzionamendua hobetu, urteen poderioz metatutako esperientziatik abiatuta; hartara, handiagoak izan daitezen haien efizientzia, koherentzia eta benetako eragina, bai Gipuzkoako lurraldearen barruan bai hemendik kanpo. Kokapen hau Nazio Batuen Erakundeak 2015eko irailean onetsitako ebazpenean oinarritzen da, zeinaren bidez Garapen Jasangarriko Helburuak onetsi baitziren, jomugatzat hartu behar dituztenak nazioarteko komunitatearen ahaleginek 2030. urtera arte.

“Gure politiken helburua da lankidetza gizarteratzea, Agenda 2030en irizpide eta balioak eta Garapen Jasangarriko Helburuak txertatuz, hala nola pobreziaren aurka egitea, eta giza eskubideen, genero berdintasunaren, kultura aniztasunaren, ingurumen jasangarriaren eta tokiko erakundeak sendotzearen alde egitea”, esan du San Martinek.

Azpimarratu behar da nola lortu den, Gipuzkoan lankidetzarako politikaren diseinuan norabide berri bat proposatu ondoren hiru urte bakarrik igaro direnean, % 50 baino gehiago handitzea antolakundeen partaidetza, eta ia % 90, berriz, onetsitako proiektu kopurua. Izan ere, 2015ean onartutako 27 proiektuetatik, 2018an, 58 proiektu izatera pasatu gara, eta, parte hartu zuten entitateen kopuruari erreparatuz gero, joerak indarra hartzen du, zeren eta, 2015ean 52 entitate izatetik 2018an 97 izatera igaro baita. Datu horiek erakusten dute aldaketa esanguratsu bat izan dela Gipuzkoako elkarte sareko lankidetza-politikaren presentzian.  

“Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetzarako politika berriari esker, eta laguntza-deialdietara eragile desberdinak aurkezteko prozesuak errazteko eta azaltzeko egin zen ahaleginari esker, lortu zen ez bakarrik aurkeztutako eta onetsitako proiektu kopuruan azken urteotan izandako beheranzko joera iraultzea, baita ere kopuru hori bikoiztea”, azaldu du Lankidetzako zuzendariak.

”Azken urteotan, bultzada handiagoa eman diegu lankidetzarako politikei, eragileen eta entitateen partaidetza handiagoa lortzeko, onetsitako proiektu kopurua handitzeko, eta proiektuei emandako dirulaguntzak nabarmen handitzeko”, adierazi du.

Lankidetzako zuzendariak defendatu du gizarte eragile guztiak lankidetza-politiketan inplikatu beharra, mundu jasangarriago, justuago eta berdinzaleago baten alde egingo duten hazkunde eta jarduera-jarraibideen dinamika baten barruan.

 

  

1776