Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Politika gertutik ezagutzen ari dira Gipuzkoako 600 gazte, Europaren Youth Empowerment programaren eskutik

Politika gertutik ezagutzen ari dira Gipuzkoako 600 gazte, Europaren Youth Empowerment programaren eskutik

Ikasle eta erakundetako arduradun politiko eta teknikoen arteko topaketak egiten ari da Aldundia, lurraldeko 10 ikastetxe eta lanbide heziketako zentroetan

2019/10/25

17 eta 23 urte bitarteko 600 gazte gipuzkoar inguru politikara eta arduradun politikoengana gerturatuko dira datozen hilabeteetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Europar Batasunaren Erasmus+ programaren barruan garatzen ari den Youth Empowerment ekimenaren bitartez. Honela, 10 youthworkshop edo mintegi antolatu dira lurraldeko 10 ikastetxe eta lanbide heziketako zentroetan, eta bertan udal arloko eta Aldundiko teknikari eta politikariak ari dira parte hartzen, Europar gaietan aditu diren pertsonekin batera. “Ekimenaren helburua gazteriaren partaidetza sustatzea da, eskubide osozko herritarrak bezala jokatu dezaten. Aldi berean, politikari eta erabaki hartzearen arduradunekin interakzioa, harremana eta ekimenak partekatzea sustatu nahi da”, azaldu du Eider Mendoza, Gobernantza diputatu eta foru bozeramaileak.
Foru arduraduna Arrasaten izan da gaur goizean, bertako Institutuan egin den mintegian parte hartzen. Lehen eta Bigarren Batxilergoko 40 ikasle inguruk hartu dute parte egitasmoan, eta bertan izan dira baita ere Maria Ubarretxena, Arrasateko alkatea; Anuska Ezkurra, alkateordea; eta Joseba Muxika, Herritarren Partaidetzarako foru zuzendaria. Gaurkoaz gain, aste honetan Tolosan ere egin da Youth Empowerment topaketa, eta datozen asteetan Donostia, Irun, Urnieta, Errenteria, Urretxu, Zarautz eta Eibarren egingo dira. “Lurralde orekaren ikuspegitik, ahalik eta egutegi orekatuarena osatzen saiatu gara, ekimena posible zen eskualde guztietara hedatzeko”, azaldu du Gobernantza diputatuak. 
Mota honetako ekimenak sustatzearen garrantzian jarri du azpimarra Mendozak. “Udalak eta Aldundiak herritarrengandik gertuen gauden erakundeak gara, baina hala ere herritarren gehiengoak ez daki zein diren gure eskumen zehatzak edota egiten dugun lanak zertan datzan”, adierazi du. “Gure ongizate sistema defendatu nahi badugu, lehenik eta behin zer daukagun ezagutu behar dugu. Eta, etorkizunera begira, ezinbestekoa da ariketa hau gure belaunaldi berriekin egitea, mota honetako egitasmoen edota bestelako ekimenen bidez”, gaineratu du foru bozeramaileak. 
Saio bakoitzak 3 ordu inguru irauten du, eta mahai gainean jartzen diren gaiak dira Europar Batasuneko erakundeen jarduera, partaidetzazko demokraziaren inguruko informazioa, eta lurralde mailako eta tokiko administrazioek dituzten eskumenak eta egiten duten lana. Lehen zatian, formakuntza teorikoa ematen zaizkie gazteei, saioaren bigarren zatirako prestatzeko. Bigarren bloke honetan, giza liburutegiaren metodologia aplikatzen da: administrazio publikoetako ordezkariak giza liburu bihurtzen dira, eta beraien erakundearen aurkezpena egin ostean, irakurleen (mintegian parte hartzen ari diren gazteen) galderak erantzun beharko dituzte. Esaterako, gaur Arrasaten egin den saioan klima aldaketa, gazteen emantzipazioa edota arduradun politikoak politikara nola iritsi ziren izan dira jorratutako gaietako batzuk.
Mintegi bakoitzaren amaieran arduradun politikoek eta ikasleek eztabaidatu dutenarekin agiri bat osatzen da, eta ondoren saio bakoitzean ordezkaritza bat hautatzen da. Workshop guztien artean hautatutako gazte guztiek, guztira 40 inguru, bigarren jardunaldia batean hartuko dute parte, Gipuzkoako Batzar Nagusietan egingo dena eta partaidetza anitza izango duena: ikasleak, udal arduradunak, ikastetxetako langileak, Aldundiko ordezkariak, batzarkideak, eurodiputatuak, gazte erakundeak eta Europako gaietan adituak. Saio horretan, gazteek YouthWorkshop bakoitzean atera dituzten ondorioak beraien ordezkariei helaraziko dizkiete, eta ekitaldian parte-hartzaileen arteko eztabaida eta elkarrizketa sustatuko dira. 

  

2116