Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Suhiltzaileek larunbatean amaituko dute egoitzak desinfektatzeko lehen itzulia

Suhiltzaileek larunbatean amaituko dute egoitzak desinfektatzeko lehen itzulia

Gipuzkoak 9 positibo berri ditu adinekoen egoitzetan eta 6 gehiago desgaitasuna duten pertsonentzako baliabideetan.

Suhiltzaileen foru zerbitzuak larunbatean amaituko du Gipuzkoako egoitzak desinfektatzeko egiten ari den lehen itzulia. Atzoko egunean Irungo Caser Residencial Anaka egoitza desinfektatu ostean, suhiltzaileek sei egoitzetan aritu dira gaur: Hondarribiko Zubieta Uliazpi zentroan, Irungo Caser Betharram-en, Tolosako Iurramendi Zentran, Eibarko Egogain Zentroan, Eibarko San Andres Zentroan eta Arrasateko Iturbide egoitzan. Foru zerbitzuak bost edo sei laguneko taldetan egiten du lan, eta zona komunak, korridoreak, sarrerak, ateak… desinfektatzen dihardu, horretarako hipokloritoa oinarri duen soluzioa erabiliz. Ondoren, logelak enpresa espezializatu batek desinfektatzen ditu.

Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi du 15 direla lurraldeko egoitza baliabideetan hautemandako Covid-19 kasu berriak: bost positibo eman dira Zarauzko Santa Ana egoitzan, hiru gehiago Tolosako Iurramendin, bat gehiago Eibarko Egogainen eta sei gehiago desgaitasuna duten pertsonentzako Ulizapiko Hondarribiako zentroan. Guztira 37 dira Gipuzkoako bost egoitzetan positibo eman duten adineko pertsonak, eta 13 desgaitasuna duten pertsonentzako bi egoitzetan. Ospitaleratutako pertsonei dagokienez, lau dira guztira eta bi dira Donostiako Gurutze Gorriaren zentroan artatuak izaten ari direnak.

          Eider Mendozak gogorarazi du: “Gaur bertan onartu dugu Diputatuen Kontseiluan 56 ezohiko neurri biltzen dituen Txoke Plana, Gipuzkoako gizarte zerbitzuen arloan, aurrekaririk gabeko osasun krisi honi aurre egiten jarraitzeko”. Plan honek helburu ditu Covid-19a Gipuzkoan izaten ari den hedapenari aurre hartzea, hedapen hori eustea, egoera indartzea zerbitzu, baliabide eta erreminta berriekin, baita hedapenaren inguruko informazioa ematea ere. “Beharrezkoa den plana da pertsona zaurgarrienengan osasun krisi honek izan ditzakeen ondorioak ahalik eta gehien txikiagotzeko”. Era berean, gogorarazi nahi izan du, Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako neurriak, baita emandako datuak ere, lurraldeko plaza eta baliabide guztiak hartzen dituela bere gain, publikoak nahiz pribatuak izan.

Hartutako neurrien artean, Mendozak nabarmendu du “babes psikosozialaren arloan egiten ari garen ahalegina, martxan jarriko dugun arreta zerbitzu espezifiko baten bitartez, Gipuzkoako egoitzetako erabiltzaileei eta senitarteko eta familiei zuzendua”. Zerbitzu hau, bozeramaileak gehitu duenez, bihartik aurrera egongo da martxan 900 43 43 43 telefonoan.

Abiaturen banaketa bertan behera

Covid 19 birusak sortutako egoera dela eta, ABIATU gailuen entregak geldiaraztea erabaki du Bidegik. Etenaldi horrek hiru modalitateei eragiten die: Aritzetako aurrez aurrekoa, gaur egun itxita dagoena, Correosen jasotzea eta etxean entregatzea. Gailu zaharra itzultzeko 30 eguneko nahitaezko epea ere etenda geratzen da gailu berria jaso eta aktibatu duten guztientzat.

Geldiarazteak ez die eragiten www.bidegi.eus  webgunearen bidez izapidetzen jarrai daitezkeen eskaerei. Edozein zalantza izanez gero, interesatuek 943105106 bezeroarentzako arreta-zerbitzura dei dezakete, 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera, lanegunetan, edo posta elektronikoz, info@bidegi.eus helbidean. Neurri horiek, indarrean egongo dira alarma-egoerak irauten duen bitartean eta entregak eta itzulketak berme handienekin egin daitezkeela baieztatu arte.

  

1377