Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Txara I eraikinaren erreformarako proiektuaren idazketaren kontratazioa onartu da

Txara I eraikinaren erreformarako proiektuaren idazketaren kontratazioa onartu da

931.700 euroko aurrekontuarekin, espazioak berrantolatzea da helburua, egungo beharretara egokitzeko

Diputatuen Kontseiluak atzo erabaki zuen onestea Onestea Donostiako Txara I eraikina eraberritzeko proiektuak eta beste azterlan tekniko osagarri batzuk idazteko kontratazio espedientea, eta baita obren zuzendaritza ere, 931.700,00 euroko aurrekontuarekin. Proiektua idazteko epea zortzi hilabetekoa da, eta obren zuzendaritzarako epea, berriz, obrak egikaritzeko benetan behar dena izango da. Eraikinean lanean ari diren bitartean egin beharko dira obrak, eta, beraz, faseka antolatuko dira, ahalik eta afekzio gutxien eragiteko eraikinaren eguneroko funtzionamenduan.

Txara I eraikina, Donostiako Zarategi pasealekuko 100 zk.an kokatuta dago. 1996an eraiki zen eta, hasiera batean, apartamentu babestuak zeuden bertan. Gaur egun, Txara I-en hainbat entitate daude: adinekoentzako eta mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako egoitza plazak eskaintzen dituzten entitateak; Gipuzkoako elkarte desberdinen bulegoak; Gizarte Politikako Departamentuari atxikitako KABIA organismo autonomoa; Gizarte Politikako Departamentuak erabiltzen dituen areto balioaniztun batzuk, balorazioko zentro bat eta biltegi batzuk; eta Intxaurralde Elkartearen Jubilatuen Etxea.

Haatik, Imanol Lasa foru bozeramaileak aditzera eman duenez, biztanleen beharrak aldatu egin dira Txara I eraiki zenetik, eta orain aurreikusitako erreformaren eta antolaketaren arabera, eraikinak bost unitate eta zona izango ditu, behar horietara egokitzeko: mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako egoitza unitatea, gutxienez 120 plaza izango dituena; desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza unitatea, zeinak ahalik eta plaza gehien hartzeko diseinua izan behar duena; etxebizitza unitatea, 5, 6 eta 7. solairuetan kokatuko dena eta 18 plaza hartzeko diseinatuko dena; bulegoak eta elkarteak, egoitza eta etxebizitza unitateetatik aparte diseinatu beharko direnak; eta garajea, trastelekuak eta instalazioak jartzeko gunea, 2. solairuan kokatuko dena.

Aurreikusten den eraberritzearen xedea da aipatutako erabilerak gauzatzeko guneak prestatzea, eraikina egungo araudi teknikora eta sektorialera egokituta, eta, besteak beste, gai hauek aztertu eta konpondu beharko dira: efizientzia energetikoa bermatzea barneko isolamendu termikoaren bitartez; egoitza unitateetarako sarbideak eta elkarteen guneetarako nahiz areto balioanizdunetarako sarbideak bereiztea; eta azalera handitzeko aukera lantzea, ataripeak, barruko patioaren guneak edo beste espazio batzuk okupatuta. 

Minden tratamendurako diru laguntzak

Bestalde, atzoko bilkuran oniritzia eman zitzaion Gipuzkoako abeltzaintzako ustialekuetan sortutako mindak tratatzeko, arazteko eta banatzeko diru laguntzen deialdiari, 200.000 euroko kopuruarekin. Ustialeku askoetan minda moduko gorozkiak sortzen dira. Gehienak, ustialekuan bertan erabiltzen dira, baina beste batzuetan, soberakinak ondoko ustialekuei ematen zaizkie edo baimendutako gestore batek kudeatzen ditu.

Lurraldean “lehen sektorea finkatzeko eta indartzeko” apustu estrategikoan kokatzen da deialdia, Lasak azaldu duenez, “baita jasangarritasunaren ikuspegitik ere”. Izan ere, horrelako substantziak desegoki kudeatzeak arazoak dakarzkio ingurumenari eta, horregatik, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuak diru laguntzak aurreikusi ditu bere aurrekontuetan, Gipuzkoako abeltzaintza ustialekuetako mindak tratatzeko instalazioak finantzatzeko, eta baita ere hondakin horiek lurrazalean zabaltzeko makineria erosteko. Horiek, nekazaritza jarduera egoki batekin bateragarriak izan beharko dira, ongarri organiko horiek ez daitezen hondakin kutsagarri bihurtu.

  

1447