Urola Garaia eta Goierri Donostiarekin eta alderantziz lotzen dituen Lurraldebuseko lineak 16.000 bidaia baino gehiago izan ditu lehen asteetan
Urola Garaia eta Goierri Donostiarekin eta alderantziz lotzen dituen Lurraldebuseko lineak 16.000 bidaia baino gehiago izan ditu lehen asteetan
Urola Garaia eta Goierri Donostiarekin eta alderantziz lotzen dituen Lurraldebuseko lineak 16.000 bidaia baino gehiago izan ditu lehen asteetan
Apirilaren 28tik ekainaren 4ra 7.580 bidaia egin dira Donostiarako norabidean, eta 8.443 Zumarraga-Legazpi norabidean

Azahara Domínguez diputatua, Leire Artola, Mikel Serrano eta Eric Galvezekin batera
Urola Garaia eta Goierri Donostiarekin eta alderantziz lotzen dituen Lurraldebuseko linea berriak 16.000 bidaia baino gehiago izan ditu apirilaren 28an martxan jarri zenetik ekainaren 4ra arte. "Herritarrek harrera bikaina egin diote zerbitzu honi, eta horrek argi erakusten du linea hau martxan jartzeko beharra zegoela", adierazi du Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak.
Domínguezek agerraldia egin du ostiral honetan Donostian, Legazpi, Zumarraga, eta Beasaingo alkateekin, Erik Galvez, Mikel Serrano eta Leire Artolarekin batera.
Azaldu duenez, linea honen erabilera handieneko eguna apirilaren 28a izan zen, aldiriko trenak zerbitzurik gabe utzi zituen itzalaldi elektrikoaren ondorioz. Hala ere, diputatuak azaldu duenez, linea horren erabileraren zifrak "nahiko egonkorrak" dira, eta "eskaera handia dago, batez ere astelehenetik ostiralera", 200 bidaia baino gehiago egiten baitira lanegunetan norabide baikoitzean, eta 300era ere iritsi dira.
Gainera, denbora horretan, 721 transbordo egin dira guztira linea horren erabiltzaileen eta MUGI sareko beste operadore batzuen artean: 545 Lurraldebuseko beste linea batzuekin ( % 75,6), 158 DBUS lineekin ( % 21,9), 13 Renferekin ( % 1,8), 4 Euskotrenekin ( % 0,6) eta 1 ( % 0,1) Tolosako hiri-autobusarekin.
Era berean, 17 pertsonak 30 transbordo egin dituzte DG04 linearen (Arrasate>Oñati>Legazpi>Zumarraga) eta GO07 linearen artean. Bestalde, Legazpiko lau pertsonak aldaketa bikoitza egin dute MUGI barruan dauden operadoreetan.
Ikasleak eta langileak
Diputatuak azaldu duenez, erabilerari buruzko datuak aztertuta, linea honen erabiltzaileen profila egunero Donostiara joan behar duten ikasle eta langileena da, edo alderantziz. Gehien erabiltzen den zerbitzua Legazpitik 7:05ean irteten dena da; izan ere, lehenengo astetik bertatik, errefortzu zerbitzu bat jartzea erabaki zen, "inor autobusera sartu ezinik gera ez zedin". Kontrako norabidean, 12:45etik 15:45era bitarteko zerbitzuak dira erabilienak.
Era berean, eta Legazpiko herritarrei zerbitzu hobea emateko asmoz eta Udalarekin konponbide bat landu ondoren, joan den maiatzaren 26tik, 6:15 eta 7:15etako espedizioek zerbitzua dute herri honetatik 6:05 eta 7:05ean; era berean, 20:45 eta 21:45etan Donostiatik irteten diren autobusak Legazpiraino iristen dira. Erabilera-datuak aztertzen ari dira, urrian beharrak zein diren eta zerbitzua noraino aldatu beharko den aztertzeko.
"Linea hau martxan jartzea izan da sail honen apustu estrategikoetako bat; izan ere, horrekin erantzun diogu Goierriko eskualdean zegoen errepide bidezko garraio publikoaren alternatiba faltari, eta, gainera, Urola Garaiko konexioak hobetu ditugu, eskualde hauetako herritarrek eskatzen zuten bezala", adierazi du Azahara Dominguezek, eta gogorarazi du "funtsezkoa dela garraio publikoa zerbitzu bizia izatea, gipuzkoarren benetako beharretara etengabe egokitzen dena". Dominguezek eskerrak eman dizkie berriro alkateei, gure lurraldean "garraio publikoaren erabilera sustatzen laguntzeko duten prestasunagatik", eta "entzute aktiboaren bidean sakontzearen" alde egin du, "eskaintzen dugun zerbitzua gure herritarrek behar dutenera egokitu dadin, ibilgailu pribatuarekiko mendekotasuna murriztuz joan dadin garraio publikoaren zerbitzuak pertsona guztien desplazamendu-beharrak asetzen dituen heinean; izan ere, modu horretan bakarrik bermatuko dugu pertsona guztientzako aukera-berdintasuna, bizi diren lekuan bizi direla eta duten errenta-maila dutela".
Leire Artola Beasaingo alkatearentzat, datuak “Goierri Donostiarekin eta alderantziz konektatzeko zegoen beharra erakusten digute”. “Eskerrak diputatuari egokitzapenerako agertutako prestutasunagatik eta eskertuko genuke irailean autobus zerbitzua beharretara egokitzea, orain arte egin den moduan. Espero dugu kotxea erabiltzen zuten ikasle askok garraio publikora jauzia ematea”, adierazi du.
Bestalde, Mikel Serrano Zumarragako alkateak eskertu egin du "mahai gainean zegoen arazo bati erantzun izana". "Lehen balorazioa da hau, eta datuak alderatzen jarraituko dugu, zerbitzua egokitzen nola joan jakiteko, orain arte egin den bezala, goizeko lehen orduan jarritako errefortzuarekin", gaineratu du.
Azkenik, Eric Galvez Legazpiko alkateak uste du lehen datu hauek balorazio "positiboa eta itxaropentsua" egiten ahalmentzen dutela. "Datuek erakusten dute beharrezko zerbitzua zela. Legazpin maiatzaren 26tik bi espedizio ditugu goizez eta bi gauez, eta gainerakoa transbordoen bidez egiten da. Erabiltzaileen datuak aztertuko dira, eta urritik aurrera zerbitzua gure udalerriaren beharretara egokitu ahal izatea espero dugu. Eskerrak eman nahi dizkiogu diputatuari zerbitzua beharretara egokitzen joateko", esan du.
4807