Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 25,5 milioi itzuli ditu Aldundiak, amatasun eta aitatasun prestazioen PFEZari dagozkienak

25,5 milioi itzuli ditu Aldundiak, amatasun eta aitatasun prestazioen PFEZari dagozkienak

Gipuzkoako diputatu nagusiak Facebook Live saio batean azaldu duenez, 19.849 zergadunek jaso dituzte edo jasotzear daude itzulketak

2019/01/30

Gipuzkoako Foru Aldundiak 25,5 milioi euro itzuli ditu gaur arte, amatasun eta aitatasun prestazioen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) dagozkienak. Hau horrela izanda, 19.849 zergadun gipuzkoarrek jaso dituzte edo jasotzear daude itzulketa hauek. Honela, Aldundiak jada erantzun die azken hilabeteetan jaso dituen aitatasun eta amatasun prestazioen inguruko eskari gehienei. Teknikoki konplexuenak direnak geratuko lirateke, eta egunez egun jasotzen jarraitzen direnak ere. 
Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok ezagutarazi ditu datuak, gaur arratsaldean egin duen Facebook Live saioan. Bertan, foru arduradunak erakunde eta lurraldeari buruzko herritarren galderei erantzun die. Hizpide izan dituen gaien artean egon dira, besteak beste, gazteen enplegua, indarkeria matxista, hondakinen kudeaketa, Reala eta Athleticen arteko derbia edota euskararen etorkizuna.

Amatasuna eta aitatasuna
Amatasuna eta aitatasunari dagokionean, itzulketa hauen arrazoia Auzitegi Gorenak pasa den udazkenean plazaratu zuen ebazpenaren ondotik datoz, amatasun prestazioak Estatuan salbuetsita uztea erabaki baitzuen. Sententziak ez zien foru lurraldeei eragiten baina, hala ere, zergadunen segurtasun juridikoa bermatzea xede, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasunek Gorenaren irizpidea hartzea erabaki zuten. Ondoren, pasa den urtarrilaren 22an, Gipuzkoako foru Ogasunak salbuespen hori aitatasun prestazioetara hedatzea erabaki zuen. Bi kasuetan, erabakiak preskribatu gabeko urteei eragiten zien eta, ondorioz, eta hala dagokion kasuetan, zergadunaren aldeko itzulketak dakartza. 
Horretarako, eta diputatu nagusiak gaur gogoratu duenez, eskaria aurkeztu behar da. Nahikoa da bikotekideetako batek eskaria egitea, hau da, amak amatasun prestazioaren PFEZari dagokion eskaria aurkezten baitu, Ogasunak automatikoki tramitatuko du aitarena, eta alderantziz. Idatzia eskuragai dago foru erakundearen web orrian (www.ogasuna.eus), Ogasunaren bulegoetan eta Zergabidea plataforman. Inprimakiak zergadunaren izena, helbidea, NAN zenbakia eta berrikustea eskatzen den PFEZaren likidazioaren urtea bakarrik eskatzen dizkio zergadunari. 
Idatzia Zergabidea plataformaren bidez aurkeztu daiteke, era telematikoan, erarik arin eta erosoena; bestela, Ogasunaren edota Gipuzkoako Foru Aldundiaren edozein bulegotan aurkeztu daiteke, eta posta bidez bidaltzeko aukera ere badago. Azkenik, 2018ko amatasun eta aitatasun prestazioei dagokienean, egindako atxikipenak 2018ko Errenta kanpainan itzuliko dira. Apirila eta ekaina bitartean egin ohi da aipatutako kanpaina hau.

  

1631