Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea AP-8 errepideko Garraio Zentro berria

AP-8 errepideko Garraio Zentro berria

2021erako Gipuzkoak abian izango du 545 kamioirentzako Garraio Zentro Integrala, AP-8 errepideko bi eremutan, Astigarragan eta Oiartzunen.

Aintzane Oiarbide, Alfredo Etxeberria.
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak iragarri du lizitaziora atera dela Astigarragako Garraio Zentroa eraikitzeko lanen exekuzioa. 355 kamioi aparkatzeko plataforma bat, zerbitzuen eraikin bat eta 39 ibilgailu arinentzako kanpoko aparkaleku bat izango ditu. Obrek 9,5 milioi euroko aurrekontua dute eta Bidegik finantzatuko ditu. Lanak burutzeko 24 hilabete beharko direla aurreikusten da. Garraio Zentro Integrala Oiartzungo kamioientzako aparkalekuaren berrantolaketarekin osatuko da, eta erabilgarri egongo da 2021erako.
 
Garraio Zentro Integral berria AP-8 autopistaren bi eremutan eraikiko da: plataforma berri bat izango du Astigarragan, Behobiarako noranzkoan doazen ibilgailuentzat, eta beste bat Oiartzunen, Bilborako noranzkoan doazenentzat. Astigarragako obra hori izango da Gipuzkoako Garraio Zentro Integral berria osatzeko lehen jarduketa. 545 kamioientzako lekua izango du guztira; horietatik 355 Astigarragan egongo dira, eta gainerako 190ak Oiartzunen.
 
Aintzane Oiarbidek proiektu honen garrantzia azpimarratu du: «Zerbitzu on bat eskaini nahi diegu autopista erabiltzen duten garraiolariei. Uste dugu garraio zentro honek trafikoa arinduko duela, eta, gainera, zerbitzu on bat eskainiko diela kamioilariei, atseden har dezaten; langileen eta ibilgailuen segurtasuna bermatuko dugu horrela». Garraio Zentro Integrala 4. mailakoa izango da Europako estandarren arabera, eta, Oiarbide diputatuak adierazi duenez, «bakarra izango da Euskadin, eta Estatu mailako handiena, halako zerbitzu eta segurtasun maila eskaintzen duena».
 
Bidegi arduratuko da Astigarragan urbanizatze-lanak egiteaz: plataforma egiteko, lurra berdindu beharko da lehenik, eremua hondeatuz eta betez. Orobat, autopistatik bide adar bat eraikiko da, 176 metroko luzerakoa; aparkalekuaren parean sartzen eta irteten den trafikoa banatzeko biribilgunea eta AP-8 errepidera sartzeko 300 metroko adar bat ere egingo dira. Drainatze sare bat ere egingo zaio, zeinak euri urak tratatzeko sistema bat izango baitu, eta pantaila akustiko begetalak eta polikarbonatozkoak jarriko dira. Garraio Zentroak 55.591m2-ko zoladura bat izango du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak CO2 isurketak murrizteko egina duen apustuaren bidetik, lurzati bat gorde du ingurumena errespetatzen duten erregai jasangarrientzako, gasa eta hidrogenoa besteak beste, eta baita ere ibilgailu astunek elektrizitatea kargatzeko instalazioentzako.
 
Astigarragako zentroa, erabat berria, 17,000 KPan kokatuko da, Behobiako noranzkoan, eta Frantzia aldera doan trafikoa hartuko du. «Guk diogu garraio zentro honek trafikoaren arintasuna hobetuko duela Frantziako noranzkoan, eta zerbitzuguneetan ibilgailu astunak pilatzea ekidingo duela, mugan pilaketak daudenean ere atseden hartzeko edo gestioak egiteko aukera izango baitute, instalazio berrietan eskainiko diren zerbitzuei esker».   Proiektu hau Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako azpiegiturak modernizatzeko egina duen apustuaren barruan kokatzen da: Nazioarteko garraioaren igarobide gara, trafiko astunaren zirkulazio handia dugu, eta horrek afekzioak dakartza ezinbestean; espero dugu honek trafikoaren arintasuna hobetzen lagunduko dugula», gaineratu du Oiarbidek.
 
Aurreikuspenen arabera, 2019ko azken hiruhilekoan aterako da lizitaziora Garraio Zentro Integrala erabiltzeko eta ustiatzeko emakida. Emakidadunaren ardura izango da Astigarragako zerbitzuen eraikina eraikitzea eta bi plataformen itxitura perimetrala eta zaintza sistema abian jartzeko lanak egitea.
 
Beste 190 kamioientzako zerbitzua, Oiartzunen
 
Oiartzungo zentroa egungo Oiartzungo zerbitzugunean kokatuko da, hau da, 8,000 KPan. Gaur egun, bi aparkaleku daude eremu horretan, bat noranzko bakoitzean: Bilborako noranzkoan kokatutakoak 150 ibilgailurentzako lekua du eta Behobiarako noranzkoan dagoenak, berriz, 57rentzakoa. Birmoldaketa proiektuaren lizitazioa 2020ko urtarrilean egitea aurreikusten da; hala, plataforma bakar batean bilduko dira orain dauden bi zelaiguneak, 190 ibilgailurentzako azalera bat osatuz Donostiarako noranzkoan. AP-8 errepidetik dagoen sarbidea mantenduko da, Irungo enborreko ordainlekutik igaro bezain laster, eta zirkulazioa banatzen duen barneko biribilgunea kenduko da. Aparkaleku berrirako sarrera bi noranzkoko bide bat izango da, eta zelaigune berriaren perimetro osoa inguratuko du.
 
Lanak bi fasetan egingo dira une oro 35 eta 100 ibilgailurentzako lekua bermatze aldera. Zerbitzuen eraikina orain erabiltzen den bera izango da, eta eutsi egingo zaio Behobiako noranzkoan dagoen gasolindegitik zerbitzugunera joaten diren ibilgailu arinentzako aparkalekuari. Berrantolaketa horren kostua 2,2 milioi euro izango da gutxi gorabehera. Obrak egin ondoren, Astigarragako zentro berriak dituen segurtasun eta zerbitzu estandar berberak izango ditu.  Gaur egun, ez du perimetroko itxiturarik, ezta ere segurtasun sistemarik edo kamera-zaintzarik.
 
Garraio Zentro Integralaren bi plataforma berriak, Astigarragakoa eta Oiartzungoa, perimetro itxi baten barruan egongo dira, eta azalera guztia eta sarrera-irteerak monitorizatzeko zaintza-kamerak eta argiztapena izango dituzte. Esparrura aparkalekuko langileak eta gidariak bakarrik sartu ahal izango dira, erabiltzaile eta salgaien segurtasuna bermatzeko. Bi zerbitzuguneetako zerbitzuen eraikinek jatetxe-kafetegia, supermerkatua, komunak eta dutxak, telebista gela edo aisialdi eremua eta garbitegia izango dituzte. Beste zerbitzu hauek ere izango dituzte: wifia, kutxazain automatikoa, telekomunikazio zerbitzuak, takografoa deskargatzeko sistema eta plaza aldez aurretik erreserbatzeko aukera.
  

1591