Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Bi lagun sendatu dira, hiru hil dira eta batek eman du Covid-19n positibo azken orduetan

Bi lagun sendatu dira, hiru hil dira eta batek eman du Covid-19n positibo azken orduetan

Aldundiak, udalekin lankidetzan, babes-materiala banatuko die prestazio ekonomikoak jasotzen dituzten mendeko pertsonei, eta laguntza psikosoziala eskainiko die

Eider Mendoza foru bozeramaileak lurraldeko egoitzen azken orduko egoeraren berri eman du eta, 5.425 plaza dituen 65 zentroko sarean, bi lagunek gehiagok gainditu dute gaixotasuna, hiru zendu dira eta batek eman du Covid-19n positibo. Beraz, gaur arte, 204 dira mediku alta jaso duten pertsonak, 160 zendu dira eta 181ek jarraitzen dute diagnostiko positiboarekin. Osatu diren pertsonak bizi dira Eibarko Egogain eta San Andres zentroetan; aldiz, azken heriotzak eman dira GSR Aretxabaleta egoitzan, Arrasateko Iturbiden eta Ordiziako San Josen. 15 izaten jarraitzen dute Covid-19 kasu positiboak dituzten egoitzak, 27 lagun Donostiako Gurutze Gorriaren zentro soziosanitarioan ingresatuta daude eta 28 ospitaleratuta.

          Bozeramaileak gaineratu du, egunero bezala, egoitza zentroetako desinfekzio lanek jarraitu dutela, suhiltzaileen, DYAko boluntarioen eta logeletan ekipo espezializatuen eskutik. Lau egunez behin egiten dira Covid-19 kasu positiboak dituzten egoitzetan eta astero gainontzekoetan, eta azken orduetan, berriro desinfektatu dira GSR Aretxabaleta, Arrasateko Iturbide, Donostiako La Paz, Aterpe, Hotzaldi-Cáritas eta Berra, eta Irungo Caser Residencial Anaka.

Bestalde, bozeramaileak azaldu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak, lurraldeko udalekin lankidetzan eta beraiekin koordinatuta, jarduketa plan bat diseinatu du mendekotasuneko prestazio ekonomikoak jasotzen dituztenen pertsonentzat, eguneko zentroetako erabiltzaileentzat eta zaintzaileentzat. Helburua da prestazioei buruzko informazioa ematea, eguneko zentroen hartzaile eta erabiltzaileen jarraipena areagotzea, gaixotasunaren prebentzioan sakontzea, eta prestazioak izapidetzeko ordezko bideak eskaintzea.

          Jarduketa planak lau arlo hartzen ditu: informazioa, jarraipena, prebentzioa eta izapidetzea, eta bozeramailearen hitzetan, plan horren bidez jarduketak ezarri nahi dira egoera ahulean dauden eta mendekotasuneko prestazio ekonomikoak jasotzen dituzten edo jasotzeko eskubidea duten pertsonentzat, eta adinekoen eguneko zentroen erabiltzaileentzat.

Mendozak azpimarratu duenez, COVID-19ak Gipuzkoako gizarte politiken esparruan sortutako egoerei modu "estrategiko eta koordinatuan" aurre egiteko diseinatu den Txoke Planaren barruan dago aipatutako plana. Txoke Planaren jarduketa ildoetako batek egungo prestazioak eta zerbitzuak egoera berriaren ondoriozko beharretara egokitzea sustatzen du, eta ekintzetako batek kaltetutako pertsonei arreta emateko ordezko moduak aztertzea planteatzen du.

          Horrela, hainbat neurri ezarri dira mendetasuna duten pertsonei, eguneko zentroetako erabiltzaileei eta etxean konfinatuta dauden zaintzaileei zuzenduta. Neurri horien artean honako hauek daude: babes-materiala banatzea laguntza pertsonaleko zaintzaileak dituzten 6.000 etxeetan, bai eta laguntza pertsonalaren alorrean lan egiten duten erakundeetan ere; udaleko gizarte zerbitzuek banakako jarraipena egitea prestazioak jasotzen dituzten pertsonei, eta eguneko zentroetako langileek zentro horietako erabiltzaileei; eta Gizarte Politiketako Departamentuarekin prestazioak zuzenean telematikoki izapidetzeko aukera ematea.

          Era berean, Telezaintza zerbitzuaren bidez (900 43 43 43), abian jarri da arreta psikosozialeko, prestazioei buruzko informazioko eta orientazio orokorreko zerbitzua, mendekotasuna duten pertsonei eta zaintzaileei zuzenduta; halaber, zaintzaileei zuzendutako taldeko esku-hartze zerbitzua eskaintzen da bideokonferentzia bidezko saioen bidez, laguntza emozionala emateko eta sare soziala indartzeko; eta, azkenik, informazio gisa, laguntza zerbitzuak eskaintzen dituzten entitateen zerrenda bat eman da, eta erakunde publikoek eta elkarteek eskaintzen dituzten zerbitzuen gida bat bidali da, lagungarriak izango direlakoan.

  

1538