Genero berdintasuna gaur, etorkizun jasangarri baten alde
Genero berdintasuna gaur, etorkizun jasangarri baten alde
Nazio Batuen Erakundeak lema horrekin ospatuko du aurtengo Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Mundu osoko erakunde eta gizarte ordezkariek, horrela, gizartearen garapen iraunkorra eta gizon eta emakumezkoen berdintasunaren arteko funtsezko lotura adierazten dugu gaur.
Ez dago garapen iraunkorrik, benetako berdintasunik gabe. Horregatik, 2030 Agendarekin helburuekin bat eginez, aurten berriro ere, aldarrikatzen dugu ezinbestekoa dela emakumeek pairatzen dituzten injustiziak eta mugak gainditzea eta ahalegin horretan beren papera, ahotsa eta errealitatea kontuan hartzea, gizarte justuago eta jasangarriago baten eraikuntzan.
1975etik aurrera Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen du Nazio Batuen Erakundeak. Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egiten du, gainontzeko euskal erakundeekin batera, mundu osoan zabalduko den mezuarekin: emakumeen eskubideen aldeko aldarriarekin, alegia. Martxoaren 8ak, Emakumeen Nazioarteko Egunak, testuinguru egokia eskaintzen digu berdintasunaren bidean egindako lorpenak aztertzeko, baita egiteko dagoen guztia azaleratzeko ere. Aldi berean, Gipuzkoaren eta, oro har, Euskadiren bilakaera politikoan eta sozialean arrastoa utzi duten emakumeen jarduna gogoratzeko abagunea da; haien aintzindaritza eta adorea aitortzeko unea.
Aurtengo Martxoaren 8a, zoritxarrez, Ukrainaren inbasioak eta herrialde horrek jasandako erasoaldi militarrak eragindako kalteek markatzen dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak Ukrainako herritarrek bizi duten egoeragatik ezinegona eta elkartasun osoa adierazi du. Kezka eta babes mezu hori, hala ere, are eta indartsuagoa da gerrak Ukrainako emakumeen eta nesken bizitzetan eta bizirauteko dituzten bitartekoetan dituen ondorioetan pentsatzen dugunean.
Egungo egoera bidegabeak arriskuan jartzen du ukrainar guztien segurtasuna. Modu berezian, emakumeek eta neskatoek sexu-indarkeria eta indarkeria matxista jasateko arrisku handiagoa dute, batez ere errefuxiatuek edo etxetik aldatutakoek. Faktore horiek kontuan hartu behar dira Ukrainako egoera gainbegiratu eta horri erantzuteko ahalegin guztietan. Kezka hori dela eta, konpromisoa hartzen dugu Ukrainako biztanleei laguntzeko, batez ere herrialde honetako emakume eta neskatoei, behar handiko une hauetan.
Hemen, Euskadin, Eusko Legebiltzarrean Berdintasunerako 4/2005 Legearen Aldaketa onartzeak ekarriko dituen aldaketak mugarri esanguratsua izango dira Berdintasunaren aldeko ahalegin konpartituan. Batetik, berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka jauzi kualitatiboa egitea ahalbidetuko duelako. Gaur egun, gure auzo, herri eta hirietan, gero eta sustraituagoa daude berdintasunaren aldeko ideia eta jarrerak. Horregatik, lege berri hau aukera bikaina da gizartearen aldarriari eta erakundeen ardurari tresna eraginkor bat eskaintzeko.
Aldi berean, Berdintasunerako Legeak kontziliazio erantzunkidearen aldeko lanari bultzada emango dio. Erraztu egingo baitu ekonomia eta gizartearen eraldatzea, zaintza eta bizitzaren jasangarritasuna bera erdigunean jarrita.
Berdintasunerako legeak, beraz, berdintasun-politikak indartzea ekarriko du. Hori guztia emakumeen eta gizonen berdintasuna, giza eskubidea izateaz gain, demokrazian sakontzeko balio estrategikoa dela sinetsita. Euskal gizarte kohesionatuagoa, inklusiboagoa eta sozialki eta ekonomikoki jasangarriagoa eraikitzeko beharrezko baldintza, alegia.
Horregatik guztiagatik, testuinguru honetan, honako konpromiso hauek plazaratu ditu gaurkoan Gipuzkoako Foru Aldundiak eta horietan sakontzeko determinazioa agertzen du, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Foru Planaren (2020-2023) argitan:
• Foru Aldundiak emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko lana eta konpromisoa berresten ditu, gaur egungo eta etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeko garaian. Berdintasun politikak funtsezko elementua dira, are eta gehiago Covid-19ak eragindako krisialditik irtetzen ari garen honetan, gizarte jasangarri eta justu bat eraikitzeko garaian.
• Berdintasun Lege berriak ezarriko dituen aukera eta lan lerro berriak bere egiten ditu Foru Aldundiak eta horiek probesteko konpromisoa adierazten du, Berdintasunaren aldeko herri politika eraginkorrak garatzen jarraitzeko.
• Eremu sozio-ekonomikoan berdintasunaren balioa indartzeko garaia da, emakumeen autonomia ekonomikoa eta kalitatezko enplegua bultzatzea helburu. Ildo honetan, Foru Aldundiak Erantzunkide Sarea indartzen jarraituko du, emakumeen eta gizonen berdintasunerantz zuzendutako kontziliazio erantzunkiderako palanka estrategikoa garatuz.
• Zaintzaren ikuspegitik emakumeek jasaten duten karga neurriz kanpokoa areagotu denez gero, Foru Aldundiak berretsi egiten du kontziliazio erantzunkidea eta zaintzaren eremuan berdintasuna sustatzeko politiken beharra. Emakumezkoen garapen pertsonala, soziala eta profesionala zigortzen duten lan ereduak eta genero estereotipoak baztertzeaz gain, erantzukizun partekatutako kontziliazioa bultzatzea esan nahi du horrek.
• Gaurko eta etorkizuneko belaunaldien eredu izan daitezen, gizartean arrastoa utzi duten emakumezko aitzindarien ekarpena gizarteratzeko konpromisoan sakontzeko determinazioa agertzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Aurten, bereziki, gizarte demokratiko eta justu baten aldeko lanean beren ekarpena egin duten emakumezkoen lana aitortuz, estereotipoak gainditzeko mugarriak eta erreferentziak ezartzen ditugu.
• Eskubide urraketarik larrienak, emakumeek emakume izate hutsagatik pairatzen duten indarkeriak, gizartean bizirik dirau tamalez. Bortizkeria matxistaren aurrean konpromiso aktiboari eusteko unea da, biktimek erakundeen eta gizarte osoaren babesa sentitu dezaten. Alor honetan, arreta zerbitzuak sendo mantentzeaz gain, haur eta gazteekin prebentzio alorreko ekimen eraginkorrak bultzatuko dira.
Pandemiak sortutako krisialdi sanitario, sozial eta ekonomikotik irtetzen ari garen honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da erakundeen eta gizarte ehunaren arteko lankidetza. Gizon eta emakumeen berdintasunaren aldeko konpromisoan, baita ere, emakume elkarte eta elkarte feministekin elkarlanean jarraitzeko prestutasuna adierazten du Martxoaren 8 honetan Foru Aldundiak. Modu horretan soilik lortuko dugulako gizarte berdinzaleagoa bat, etorkizun jasangarriago eta justuago bat. Gipuzkoako herritarrei dei egiten diegu berdintasunaren aldeko engaiamenduari eusteko eta, gizartearen jarrera aktibo horrekin bat eginez, helburu horretan saiatzeko konpromisoa berresten dugu.
2402