Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Herritar kritiko gisa konprometitzeko deia egin die diputatu nagusiak ikasleei

Foto Herritar kritiko gisa konprometitzeko deia egin die diputatu nagusiak ikasleei

Herritar kritiko gisa konprometitzeko deia egin die diputatu nagusiak ikasleei

'Aniztasunetik Eraikiz' programa didaktikoaren sari-ematea egin dute gaur Donostian. Gipuzkoa osoko 14 eta 15 urteko 390 ikaslek hartu dute parte.

Herritar kritiko gisa konprometitzeko deia egin die diputatu nagusiak ikasleei

Gaur abenduak 10, Giza Eskubideen Eguna, Aniztasunetik Eraikiz programaren sarien banaketa egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Irailetik abendura bitartean, lurralde osoko Bigarren Hezkuntzako (14 eta 15 urte) 10 ikastetxetako 390 ikaslek hartu dute parte, aniztasunaren eta Giza Eskubideen inguruan hausnar egin eta konpromisoa sustatzeko programa didaktiko honen baitan. Hala, 350 ikasle eta irakasleek, programan euren bizipenen testigantza partekatu duten kolaboratzaileek eta Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusiak, eta Maribel Vaquero, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen foru zuzendariak, ikastaro amaiera ekitaldian hartu dute parte Donostiako Kursaalen.

            Ekitaldian, programa amaierako lan gisa ikasleek prestatu behar izan dituzten ikus-entzunezko 25 lanetatik 10 ikusteko aukera egon da. Sariketan lan horietatik hiruk jaso dute saria gaur eta lehen saria (ikastetxearentzako 625 euro) Legazpiko Haztegi Ikastolako taldeak aurkeztutako lanak irabazi du, Merezi ditugulako izenekoa. Bideo honetan, Legazpiko neska-mutikoek euren herrian zenbait pertsonek bizi ditzaketen diskriminazio egoerak islatu dituzte. Oro har, lan guztien artean, nagusiki LGTBI+ pertsonen eta etorkinen egoerarekin lotutako istorioak jaso dituzte ikasleek. Sari banaketa ekitaldiaren parte gisa, Izaro musikariaren, Telmo Irureta aktorearen eta German Urteaga bertsolariaren saioekin  ere gozatu ahal izan dute parte-hartzaileek gaur Kursaalen.

           

Hausnarketa eta konpromisoa

Sari-emateak, ikastaroari amaiera emateaz gain, ikasitakoaren gogoeta orokorra egiteko aukera eman die ikasleei eta, horretarako, bi solasaldi egin dira ekitaldian, foru arduradunen partaidetzarekin. Markel Olano diputatu nagusiak Kursaalen batutako ikasleei dei zuzena egin die, "konpromiso aktiboa" har dezaten "eskubideen eta berdintasunaren alde, Gipuzkoa anitz, solidario eta aurreratu batean; urratsak emanez elkarrekin guztiontzat gizarte kohesioa eta aukera berdintasuna berma dadin". Halaber, Olanok azpimarra berezia jarri du hezkuntzan eta norberaren konpromisoan. Gazteei "etorkizuneko lider" gisa zuzendu zaie, haiek izango baitira, diputatu nagusiaren hitzetan, "herritar guztiek eskubide eta betebehar berdinak dituzte lurralde baten eraikitzeko ardura" izango dutenak, "non ongizatea gizarte kohesioan oinarrituko den eta ez besteen diskriminazioaren gainean."

            Aniztasuneko Bizikidetza Planaren barruan garatutako ekintzetako bat da Aniztasunetik Eraikiz programa, aurtengo irailetik abendura bitartean gauzatu dena, eta beren beregi sortutako material didaktikoarekin hainbat saio gidatu bideratu dira ikasletxeetan. Horrekin batera, hainbat pertsonak (LGTBI+ pertsonak, migranteak, aniztasun funtzionala dutenak ala erlijio musulmandarrekoak, besteak beste) ikastetxeetan euren bizipenen eta ikuspegiaren berri eman dute. Guztira, hezkuntza programa honetan Irun, Donostia, Orio, Urnieta, Elgoibar, Oñati, Azpetia, Alegia, Anoeta eta Legazpiko 390 neska-mutikok eta 20 hezitzailek hartu dute parte.

            Halaber, diputatu nagusiak azpimarratu duenez, Giza Eskubideetan oinarritutako kultura politiko demokratikoan sakontzen jarraitzeko lanari eutsi behar diote ikasleek. Hala, bigarren dei bat ere luzatu die "adi eta erne" egon daitezen, "gaur egun Europan zehar hedatzen ari diren Giza Eskubideen kontrako mugimenduen faltsukeria eta diskurtso arrazista, homofobo eta matxisten aurrean". Olanok azaldu duenez, Aniztasunetik Eraikiz bezalako ekimenek zentzu kritikoa lortzen laguntzen dute "populismoen diskurtso anbiguoen ostean ezkutatzen diren mugimendu horiei mozorroa kentzeko". Mugimendu horien manipulazioaren arriskuaz ohartarazi ditu ikasleak Olanok, "faltsukeria erabiliz kolokan jartzen dituztelako orain arte pertsonen berdintasunaren eta askatasunaren alde eman dira diren aurrerapenak".

            Lehen sariarekin batera, bi bigarren sari ere banatu dira bideo lehiaketaren baitan: Azpeitiko Ikasberri ikastetxeak eta Oñatiko Elkar Hezik jaso dituztenak, hurrenez hurren. Epaimahaia Aldundiko ordezkariek, InterEd elkartekoek, Euskadiko Gazteria Kontseiluko kide batek eta Giza Eskubideen Zinemaldiko ordezkari batek osatu dute eta Giza Eskubideen ikuspegia eta aniztasuna nola landu den, egunerako diskriminazio egoeren salaketa nola adierazi den eta lanen aspektu teknikoa baloratu dituzte.  

            Amaitzeko, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen foru zuzendari Maribel Vaquerok lehen esperientzia honen balorazio "oso positiboa" egin du. Maribel Vaquerok balio berezia eman dio diskriminazioa jasotzen duten pertsonen bizipenak ikasgelatara eramateko ahaleginari. Hala, azaldu du, "gazteei pertsona hauekin hitz egin, hauen bizitza ulertu eta errealitate hori sentiarazteko aukera eman zaie, konpromisoa xede duen irakurketa bat eginez, estereotipotik errealitatera gerturatuz". Vaquerok programan parte hartu duten pertsona guztien partaidetza eta inplikazioa eskertu du azkenik.