Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Talentua, bikaintasuna eta ikerkuntza ziurgabetasunaren aurrean

Foto Talentua, bikaintasuna eta ikerkuntza ziurgabetasunaren aurrean

Talentua, bikaintasuna eta ikerkuntza ziurgabetasunaren aurrean

Gero eta konplexuagoa eta aldakorragoa den testuinguru ekonomiko honetan, talentuaren, bikaintasunaren eta ikerketaren uztarketa izango da ziurgabetasunean argituko gaituen itsasargia.

Talentua, bikaintasuna eta ikerkuntza ziurgabetasunaren aurrean

Lurralde gisa indartuko gaitu, aurrera eginaraziko digu, lehiakorragoak egingo gaitu, garapenerako aukera berriak zabalduko ditu eta gizarte kohesioan sakontzea ahalbidetuko diguten baliabideak sortuko ditu. 

Gipuzkoako enpresak diharduten ekonomien hazkundearen dezelerazioari buruzko zalantzak ez dira erabat argitzen.  Baina egoera horretatik harago, panorama aldatu egin da, eta orain gutxi arte kostuetan bakarrik lehiakorrak ziren herrialdeek, gaur egun, industrializazio zaharreko herrialdeek baino garapen teknologiko hobeak edo antzekoak dituzte. Herrialde horietan, pertsonen faltak eta industriako bokaziorik ezak erronka gehigarriak ekarriko dituzte, heldu beharrekoak. Gipuzkoa ez da salbuespena.

Horregatik, talentua eta berrikuntza behar bezala kudeatzea funtsezkoa da ezagutza aurreratua sortzeko, zeinak aukera emango dion Gipuzkoari eta bere ehun ekonomikoari lehiakorragoak izateko eta aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortzeko gaitasun handiena duten sektore ekonomikoetan sendotzeko. Etorkizuneko zutabeetako bat ikerketa da.  Era berean, ikerketa oinarritzen da pertsonengan eta gure zientzia eta ikerketa ekosisteman, eta egiten duten lanari merezi duen balioa eman behar zaio.

Diputazio gisa dugun helburua argia da: Gipuzkoa Europako I+G arloko punta-puntako eskualde gisa kokatzen laguntzea enpresen euskarri modura, enpresa horiek produktu eta zerbitzu berriak gara ditzaten, ezagutza berriak eta balio erantsi handiagoa lor ditzaten, eta ikertzaile berrien prestakuntza nahiz nazioarteko estaldura izango duten oinarri teknologikoko enpresa berrien sorrera bultza dezaten.

Egia da Gipuzkoak kokapen nabarmena duela I+G arloan. Eustaten azken datuen arabera, I+Gn aritzen diren 12.000 pertsona ditugu, Bizkaiko datuetatik gertu, baina askoz biztanle gutxiagorekin.  2017an, Gipuzkoan I+Gn aritzen ziren langileak Euskadiko guztizkoaren % 41,9 ziren. BPGrekin alderatuta I+G arloan dugun 2,37ko gastua, Bizkaikoaren (1,68), Arabakoaren (1,35), Euskadikoaren (1,85) eta, jakina, Espainiakoaren (1,24) oso aurretik dago. Eta Europar Batasuneko batez bestekoaren gainetik ere (2,06).

Baina Alemaniaren, Japoniaren, Suediaren, Austriaren edo Belgikaren oso azpitik gaude, horiek guztiek % 3a gainditzen baitute. Hain zuzen ere, hori da EBk 2020. urterako ezarritako helburua. Beraz, konplazentziarik ez. Onak gara, baina agian ez uste dugun bezainbeste. Dugun potentzial guztia ustiatu behar dugu; izan ere, hori eginez gero, askoz gertuago egongo gara arlo horretan buru diren herrialdeetatik, eta horrek gure enpresen eta gure eredu sozio-ekonomikoaren sendotasuna ekarriko du.

Osagaiak baditugu. I+G ekosistema sendo eta finkatu bat dugu, aldekoa, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareak Gipuzkoan duen presentzia zabala da: 11 zentro teknologiko, ikerketa kooperatiboko 2 zentro, 4 BERC, ikerketa biosanitarioko institutu bat, I+G sanitarioko 2 erakunde, enpresen I+G arloko 26 unitate eta lau unibertsitate. Horiez gain, beste erakunde batzuk, eskaintzaren eta eskariaren arteko bitartekaritzakoak, zabalkundekoak eta bereziak.

Zentroek ezagutza sortzen dute, gai dira aurrerapenak eta teknologiak enpresetara egokitzeko, ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren arteko lotura izateko produktu berriekin.

Era berean, Gipuzkoa beti izan da lurralde ekintzailea, eta oso ekosistema indartsua du BIC Gipuzkoa bezalako eragileekin, laguntza ekonomikoekin eta monitorizazioarekin laguntzeko prozesu osoan zehar: proiektuaren sorreratik hasi eta merkaturatze nahiz hedatze fasera arte. Hala ere, enpresa sorreraren moteltzea, industria arloan, eta ekintzailetza bokazioaren ahultzea, bertan gozo egoteko joera gero eta handiagoa duen gizarte batean, ahaztu ezin ditugun errealitateak dira.

Egia da krisi garaian Gipuzkoako enpresek estatuko enpresek baino sendotasun handiagoa erakutsi zutela eta enpresa itxiera gutxiago gertatu zirela. Hala ere, ekonomiaren susperraldian, enpresa ekimenen sorrera ere motelagoa izaten ari da.

Talentu handiko harrobia ere badugu; izan ere, biztanleen % 43k erdi mailako edo goi mailako lanbide ikasketak ditu, eta %25ek baino gehiagok unibertsitate prestakuntza du. Ospe handiko unibertsitateak ditugu, eta industriaren beharrekin bat datorren Lanbide Heziketako eta prestakuntza dualeko eredu bat dugu. Txanponaren beste aldean, gero eta zaharragoa den eta profil teknologikoen gabezia duen gizartea gara, eta, beraz, STEAM ikasketak sustatzearen eta horietan emakumeen parte hartzea bultzatzearen alde lan egin behar dugu.

Era berean, kontuan hartu behar dugu kooperatibismoak Gipuzkoan duen pisua, 33.000 lanpostu baino gehiago sortzen dituzten 880 enpresa eta sozietaterekin. Ez dugu ahaztu behar langileek kudeaketan eta jabetzan parte hartzearen alde lurralde gisa egiten ari garen apustua, ezta enpresa kultura berria ere, pertsona ardatz duena. Langileen inplikazioaren eta enpresen errotzearen aldeko apustua egitea etorkizunaren aldeko apustua egitea da. Eta jarraitzeko bokazio hori, zalantzarik gabe, enpresa-arloko I+G+b-rako haztegi egokia da.

Gipuzkoa lurralde txikia da, ehun ekonomiko eta sozial aurreratua duena, baina ezin da atzean geratu esparru horretan. Are gutxiago kontuan hartzen badugu ezagutza aurreratua, bizi dugun eraldaketa teknologiko sakonarekin lotuta dagoena, gero eta gehiago, aktiborik garrantzitsuena dela lehiakortasun ekonomikoari begira.

Horrek guztiak estrategia eta ikuspegi argia eskatzen du, baita ausardia, lankidetza eta abilezia ere eragina izan nahi dugun sektoreak mugatzeko orduan.  Kasu honetan ere baliagarria da arrautza guztiak saski bakarrean ez jartzeko gomendioa, baina ezin dugu beste muturreraino eraman, gure ahaleginak sakabanatzera eramango lukeelako.

Aldundian oso argi daukagu I+Gko aurrerapenak ez direla inprobisatzen.  Talde bat sortzea, ikerketa ildo batzuk garatzea, egunean egoteko behar diren azpiegiturak eta ekipamendua sortzea eta mantentzea, inbertsioak dira, baina denbora, ahalegina eta baliabideak eskatzen dituzte, eta fruituak ez dira berehala ikusten. Gaur egungo egoera pertsona, enpresa, erakunde eta administrazioek egindako ahaleginaren emaitza da.

Jardunaldiaren helburura gehiago mugatuz, eta zuen presentzia aprobetxatuz, Aldundia garatzen ari den lan ildoetako batzuen zirriborroa egin nahi nuke, baita horiek dakartzaten aukerena ere.

Alde batetik, ekosistemari emandako babesa dugu:

Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareari laguntzea, laguntza programaren bidez. Hain zuzen ere, onartu berri dugu 2020ko deialdia, 4,3 milioiko zuzkidura izango duena. I+Gko eta inbertsioko proiektuetarako laguntzak ere baditugu Sareko zentro guztiekin, babes berezia eskainiz enpresetako I+G unitateei, bai horiek sortzeko, bai beste zentro batzuekin lankidetzan aritzeko. Azken deialdi hori martxoaren hasieran onartuko dugu.
Laguntza bereziak estrategikotzat jotzen diren arloetan proiektuak eta inbertsioak egiteko:  elektromugikortasuna, zibersegurtasuna, 4.0 gastronomia, 4.0 industria, zahartzea, Biozientziak Fundazioa … Kasu askotan I+G zuzenean babesten ez duten arren, berrikuntzaren aldeko ingurunea sortzen dute edo I+G horren aplikazioa bultzatzen duten erakustaldi-proiektuak ahalbidetzen dituzte. Lan hori guztia Eusko Jaurlaritzaren espezializazio adimenduneko RIS3 estrategiarekin bat etorriz egiten ari gara. Azken batean, helburua da espezializatzea ondo kokatuta gauden eta kalitatezko enplegua sortzeko eta ekonomia bultzatzeko gaitasun handiagoa duten sektoreetan.
Eskualdeko garapen-agentziei laguntzea, enpresen eta I+Garen arteko edo enpresen beraien arteko bitartekari gisa, teknologiak aplikatzeko esperientziak partekatzeko. Garapen agentzien kapilaritatea oso garrantzitsua da, bereziki enpresa txiki eta ertainetara iristeko.
Talentua erakarri eta atxikitzeko laguntza, bai maila zientifiko goreneko talentua, bai enpresek behar dutena. Hemen hainbat programa aipa ditzakegu: Fellows, Gipuzkoako Sareko zentroetara izen handiko zientzialariak erakartzeko laguntzak ematen dituena; Talentia Skills, unibertsitateetako ikasleen arteko konpetentziak bultzatzen dituena; edo Gipuzkoa Talent Forum, enpresak eta kanpoan ikasten edo lan egiten duten eta beren gaitasunak hemen garatu nahi dituzten lurraldeko gazteak harremanetan jartzen dituena.

Enpresentzako laguntza ere badugu:

Enpresetako I+G unitateetarako laguntzez gain, enpresek produktuak garatzeko nahiz ekoizpen eta antolaketa prozesuak hobetzeko egiten duten I+G ere bultzatzen dugu hainbat programaren bidez.  Berrikuntza irekia, geratzeko iritsi den beste errealitate bat da.

 

ETEetatik ere bereziki gertu gaude, teknologiak ezagutzeko eta txertatzeko egiten ari diren ahaleginean. Enpresa txikiak pisu handia du lurraldeko ehun ekonomikoan, batez ere industrian. Sektore horretan, Gipuzkoan 900 ETE industrial baino gehiago daude, eta horiek, oro har, Gipuzkoako industriaren enplegu osoaren ia erdia sortzen dute.  Horregatik, laguntza deialdiek ehun hori guztia eraldatzeko funtsezkoak diren gaietan eragiten dute, hala nola digitalizazioan eta fabrikazio aurreratuan. 4.0 paradigma da hori, dagoeneko hemen dagoena eta gure industria finkatzeko palanketako bat izan behar duena, hau da, gure ekonomiaren motor handienetako bat.

Ekintzailetzari laguntzea Aldundiaren ekintzaren beste zutabeetako bat da.

Beste batzuen artean, oinarri teknologikoko enpresa berriak sortzearen alde egiten da. Enpresa horien abiapuntuak dira, batetik, I+G, Txekin programarekin, eta, bestetik, barne-ekintzailetza, enpresa batean I+G arloan egindako ahaleginetik abiatuta negozio berri bat sortzen duena. Legealdi honetan, bereziki azpimarratuko dugu azken lan ildo hori, gehien eskatzen denetako bat delako, eta ideiarik onenak, askotan, dagoeneko martxan dauden eta beste proiektu berri batzuetan adarkatzen diren proiektuetatik eratortzen direlako.  2018an, 1,5 milioi eurotik gorako inbertsioarekin, Aldundiak 388 enpresa sortzea eragin zuten 483 proiektu lagundu zituen, enpresa horietatik 234 emakumeek sustatutakoak, eta 45 start-ups edo oinarri teknologikokoak.

 

Tresna desberdinen artean, fiskalitatea ere badago.

Gipuzkoak enpresen I+G bultzatzearen aldeko apustua egiten du argi eta garbi, zerga politikaren bidez. 2020rako 8.510.000 euroko gastu fiskala aurreikusi da I+Gko kenkariagatik.

Halaber, mezenasgoaren zerga-pizgarrien bidez, kenkariak aurreikusten dira sareko zentroetan eta estrategikotzat jotzen diren arloetan ikerketarako funtsak ematen dituzten enpresentzat.

Azkenik, dagoeneko zeharka agertu bada ere, aipatu nahi nuke, batetik, Etorkizuna Eraikiz ekimena, zeinaren bidez esperimentazioan oinarritutako proiektu pilotuak abian jartzen ari garen, eta, bestetik, lurraldeko elkarte-, ekonomia- eta ikerketa-ehunarekin eta herritarrekin dagoen lankidetza. Etorkizunari begira ditugun erronkei aurrea hartu nahi diegu, lankidetza publiko-pribatuaren eta erakundeen eta gizarte antolatuaren arteko elkarlanaren bidez, lurraldeak dituen arazo konplexuei irtenbide konplexuak ematea ahalbidetuko duten proiektu esperimentalak gauzatuz.  Horrela, Gipuzkoa elkarlaneko gobernantzaren mundu mailako mapan jarriz.

Aurten, planak 22 milioi euroko aurrekontua izango du, horietatik 14 milioi martxan jartzen ari garen erreferentziazko zentroetara bideratuko direlarik (zahartzea, zibersegurtasuna, gastronomia digitala, elektro mugikortasuna eta euskarazko ikus-entzunezko edukien sorkuntza), eta 32 proiektu esperimental izango ditu: aurreko legealdian garatzen hasi ziren zortzi proiektu eta sartu berri diren 24 proiektu.

Esan dezakegu Etorkizuna Eraikiz dela Gipuzkoako politika publikoen I+G laborategi handia, eta arlo horretako hainbat ekimen bultzatu, dinamizatu eta katalizatuko dituela, lurraldean dauden potentzial, ezagutza eta ideia guztiak maximizatuz, eta punta-puntako herrialdeetako jardunbide egokiak ere aztertuz.

Esan gabe doa ekimen horiei buruzko informazioa zabaldu edo ekimenetan parte hartu nahi duzuen guztiok zuen esanetara naukazuela.

Azken batean, I+Gri buruz hitz egitea gure ekonomiaren etorkizunaz eta gure lehiakortasunaz hitz egitea da. Gure ongizatearen oinarriak indartzeaz, berdintasunean oinarritutako gizarte bat izateaz, eta hori guztia iraunkortasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa bermatuta egiteaz ari gara. Erronka kolektiboaz hitz egiten ari gara, pertsonei, haien hazkundeari, haien balioei eta eskumenei lotutako erronkaz. Beraz, prozesu horretan gizarte osoa, gure enpresak eta gure elkarteak inplikatu behar ditugu, teknologia berrien ezagutzak eragile sozio-ekonomiko guztietan eragina izan dezan.