Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Zibersegurtasun industrialaren azken joerak aztergai

Zibersegurtasun industrialaren azken joerak aztergai

Maiatzaren 10 eta 11n Industry Sec kongresua antolatuko du Donostian Gipuzkoako Foru Aldundiak.

zibersegurtasuna

Kongresu batek enpresek zibersegurtasun industrialaren inguruan dituzten azken erronkak aztertuko ditu Donostian maiatzaren 10ean eta 11n. Orobat mintzagai izango ditu azken joera eta berrikuntzak eremu horretan. Topaketa Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako departamentuak antolatuko du Donostiako Kursaalean, eta helburu izango du enpresa txiki eta ertainei laguntza  eskaintzea, zehazki ekoizpen eta kudeaketa sistemetan jasan ditzaketen erasoen aurkako babesaren inguruan.

John Lions zibersegurtasuneko adituak –ICSPA Cyber Security Protection Alliance-ko fundatzailea eta lehendakaria, eta Erresuma Batuko gobernuaren aholkulari ohia– emango du inaugurazio hitzaldia. Lionsek ibilbide luzea eta oparoa du zibersegurtasunaren alorrean. Cyber Highway egitasmoko burua ere bada, zeinak laguntzen dien tamaina guztietako enpresa eta erakundeei zibersegurtasun maila egokia lortzen. Besteak beste, Erresuma Batuko ziber-krimenari aurre egiteko estrategiaren arduraduna izana da eta zenbait multinazionalei ere aholku eman die gai honetan. Orobat, britainiar enpresei lagundu die segurtasun protokoloak garatzen eta hobetzen, balizko erasoen aurrean babestu ahal izateko.

Kongresua Gipuzkoa IndustrySec. 2018 izenburupean egingo da eta bertan ezagutzera emango dira enpresa industrialen babesean izan diren kasu berritzaileak, ziber-erasoak jasoz gero jarduerak zehazteko protokoloak ezarri dituzten enpresen adibideak eta zibersegurtasun industrialean izan diren nazioarteko azken joerak.Gipuzkoako zibersegurtasun enpresek ere beren lanaren berri emateko aukera izango dute, enpresei eskaintzen dieten babesa azalduz. Halaber, kongresuak balioko du Gipuzkoa zibersegurtasunaren alorrean kokatzeko eta Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak egingo duen lana aditzera emateko.

“Gipuzkoako industriak eraldaketa sakona du aurrean industria 4.0 eta digitalizazioari lotuta. Zibersegurtasuna lehiakortasunaren faktore garrantzitsua da testuinguru horretan. Gure industrien ondoan, batez ere enpresa txiki eta ertainen (ETE) alboan, egon behar dugu erronka horretan eta ildo berean lanean ari diren nazioarteko esperientziekin konektatuta jardun behar dugu. Kongresu honek lehen mailako aukera eskainiko die Gipuzkoako ETEei, kasu arrakastatsuak ezagutu eta gai honetan indarrean dauden azken tendentziak ezagutzeko”, adierazi du Ainhoa Aizpuruk, Ekonomia Sustapeneko diputatuak. 

Kongresuan izen-ematea otsailaren 15etik aurrera egin ahalko da Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren webgunean, www.gipuzkoa.eus/industrysec helbidean.

Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialerako zentro aurreratua
Gipuzkoako Foru Aldundia Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren testuinguruan bultzatzen ari den proiektu estrategikoetako bat da Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentro Aurreratua eta foru erakundearen aldetik 1,5 milioiko finantzaketa jasoko du. Zentroaren sorrera gauzatzeko fundazio publiko bat osatuko da datozen asteetan, zeinetan parte hartuko duen, Aldundiaz gain, Donostiako Udalak. Gisa horretan urteko lehen sehilabetekoan martxan egongo da Gipuzkoa Zibersegurtasun Industrialeko Zentroa.

Zentroaren helburu nagusiak izango dira ezagutza sustatzea zibersegurtasun industrialaren arloan, lurraldeko enpresei zerbitzua emango dion I+G+b-ko laborategi baten bitartez; sentsibilizazioa eta formakuntza, talentua sustatzea xede esparru honetan; enpresetan zabaltzea zibersegurtasunarekin erlazioa duten ohitura eta praktika onak, zibersegurtasun industrialarekin erlazionatutako teknologia behatoki batekin; enpresentzako aurre hartze eta esku hartze erreminten garapena eta bultzada; eta ekintzailetasuna eta zibersegurtasunaren sektorearen indartzeari bultzada. Gipuzkoa IndustrySec kongresuaren antolakuntzak bete-betean bat egiten du estrategia horretan markatutako helburuekin. 

 

  

2189