Erakundearen Zuzentasun
Sistema
Gipuzkoa Eredugarri bat egiten
Gai publikoak kudeatzeko zintzotasuna beti izan da gure lurraldearen eta herriaren izaeraren parte. Globalizazioa eta lehiakortasuna hain presente dauden honetan, gure izaeraren ezaugarri diren seriotasuna, zintzotasuna eta lanarekiko ardura are gehiago sustatu behar dira.
Horretan sinesten dugulako, Gipuzkoako Foru Aldundiak Erakundearen Zuzentasun Sistema aurkezten du, horren bidez geureak ditugun etika publikoa eta eredugarritasuna bermatu eta Gipuzkoa eredugarri bat eraikitzeko asmoz.
Zuzentasun Sistema bat eratzearen helburua arduradun eta langile publikoen artean beraien funtzio publikoen jardueran zuzentasun kultura bat garatu eta bultzatzea da, baita foru zerbitzu publikoak hornitzen dituzten entitateen artean ere, horrela infraestruktura etiko eraginkorra lortuz. Hori dela eta, ez bakarrik jardunbide kode ezberdinak baizik eta erakundearen zuzentasunaren prebentzio eta difusio sistemak eta berme, jarraipen eta ebaluaketa tresnak ere aurreikusten dira.
Kodea ez delako aplikatzeko eskakizunik eta ondorio praktikorik gabeko printzipio formulazio soila, aldi berean, berme organo gisa, erakundearen etika batzorde bat eratzen da, batzorde hori kodea betearazteaz arduratuko delarik. Batzordearen izaera independentea bermatuta dago, hitza eta botoa duten bost kideetatik hiru kanpokoak izango baitira (gure inguruan ohiz kanpokoa dena); esperientzia eta prestigio aitortua duten pertsonak izango dira, gainera, eta independentzia funtzionala eta erabateko autonomia izango dute, bai ofizioz jarduteko, bai eta kexa edo salaketa bati erantzunez jarduteko ere. Sistemak ez du soilik dimentsio etikoa hartzen; bideratuta dago, halaber, herritarrentzako zerbitzuen mesedetan Aldundiaren errendimendua hobetuko duten kudeaketako praktika onak garatzera: esaterako, informazio publikoaren inguruko eskariei erantzun azkar eta eraginkorra ematen zaiela bermatzea, euskararen erabilera bereziki zaintzea, informazio publikoaren berrerabilera sustatzea, desburokratizazioa edo prozedura eta tramiteak erraztea, eta sareko lana egitea. Ez genuke autokonplazentzian erori nahi. Urrats garrantzitsua egin dugu, bere xumean. Baina zuzentasunaren aldeko borroka prozesu jarraitua da, etenik gabea: egun jakin batean abiarazten bada ere, ez du amaiera-datarik. Ez dugu etika kosmetika balitz bezala saldu nahi; etika etengabe hobetuko duen prozesu bat abiarazi nahi dugu, Aldundiaren parte garen guztion eguneroko jarduna oinarri hartuta.
Kontsultatu Zuzentasun Sistema [PDF]Jokabide eta jardunbide egokien kodeak
Gipuzkoako Foru Aldundiko eta haren sektore publikoko kargu publikoen zein langile baliokideen Jokabide eta Jardunbide Egokien kodea
Kudeaketa etikoko tresna horren inguruan sortzen den Kode eta sistemaren oinarri, 8 printzipio eta 8 balioetan oinarritzen dena (Foru Gobernuaren Erabakia: Gobernantza Etiko, Zentzudun eta Eraginkorrerako Konpromisoak [PDF]), Zuzentasun Politika modu positiboan eraikitzea da. Gizarte ekintzan eta gobernatzeko moduan aldatzeko konpromisoa zehazten duen oinarrizko azpiegitura etikoa da, eta jarduera exekutiboaren eta herritarrei zuzendutako zerbitzuen eredua bihurtzen dena
Erakunde publikoko kargudunen jarduna Foru Aldundiaren irudia islatzen duen ispilua da. Horrexegatik sinatzen dituzte kargudunek ordezkaritza, zuzentasun, eredugarritasun, zintzotasun eta eskuzabaltasun printzipioak, bai eta erabakiak hartzeko objektibotasunari, profesionaltasunari, kudeaketa eraginkorrari eta bizikidetza zein errespetuari dagozkienak ere. Balio horiek guztiak kodean zehazten dira espresuki, jokabide arau multzo baten bidez. Ordezkaritza, Zuzentasuna, eredugarritasuna, zintzotasuna eta eskuzabaltasuna, objetibotasuna erabakiak hartzerako orduan, profesionaltasuna, eraginkortasuna kudeaketan, bizikidetza eta errespetuaren printzipioak, eta lidergo partekatua, gardentasuna, datuen eskuragarritasuna, kudeaketa eta berrikuntza eredu berria, euskararen sustapena, kohesio ekonomiko-soziala eta lurralde oreka, harreman kapitalean oinarritutako gobernua eta kontu emateak, kodean espresuki jasotzen diren jardunbide batzuetan irudikatzen dira.
Gipuzkoako foru Enplegu publikoaren Etikaren eta Kudeaketa Onaren Kodea
Esparru publikoko erakunde baten zuzentasun edo integritate politikak halabeharrez hartu behar du barruan enplegu publikoa. Izan ere, Ekonomia Kooperazio eta Garapenerako Erakundeak zein Europar Kontseiluak (Tokiko eta Eskualdeetako Botereen Biltzarra) Etika Publikoaren eremuan azken bi hamarkadetan onartu dituzten dokumentu guztiek argi planteatzen dute zuzentasunaren aldeko politikak ez direla zabaldu eta itsatsi behar Administrazio Publikoaren goialdean bakarrik (Gobernuaren eta kargu publiko exekutiboen nahiz aholkularien mailan bakarrik, alegia) baizik eta, baita ere, funtzio publiko osoan.
Foru enplegu publikoaren esparruan zerbitzu publikoaren baloreak indartzea (edo, nahi izatekotan, “herritarrenganako zerbitzu orientazioa”) Foru Administrazioan funtzio publikoaren instituzioak duen prestigioa eta profesionalizazioa indartzeko modu bat da, baita herritarrek beren instituzioetan duten konfiantza den balore intangible hori egonkortzeko modua ere, kasu honetan foru enplegu publikoaren bidez.
Foru Enplegu Publikoaren Etikaren eta Kudeaketa Onaren Kode hau abiaraztearen azken helburua foru enplegu publikoan azpiegitura etikoa eraikitzea da, zerbitzuaren konpromiso profesionala eta bokazioa islatzen duena, baita foru enplegu publikoaren eredugarritasuna ere.
Kontsultatu Gipuzkoako foru Enplegu publikoaren Etikaren eta Kudeaketa Onaren Kodea [PDF]
Kontratazio publikoari aplikatu beharreko Jokabide kodea eta zuzentasun instituzionaleko esparrua
Jardunbide txarrek, eraginkortasun ezak eta ustelkeriak erasotzen errazenetako jarduera dugu kontratazio publikoa, eta horren ondorioek badute zerikusirik herritarrek Administrazio publikoen gobernantzarekiko agertzen duten mesfidantzarekin.
Gipuzkoako Foru Administrazioaren kontratazio publikoari aplikatu beharreko Jokabide Kodeak kontratazio prozesuetako inpartzialtasuna, zuzentasuna eta gardentasunaren kultura zaintzeko helburua dauka, lehiakortasun handiagoa sustatuz
Kode hori nahitaez bete beharko dute kontratazioetan parte hartzen duten Foru Aldundiko kargu publikoek eta langileek, baita foru erakundeak sustatutako lizitazioetara aurkezten diren enpresek eta esleipendun suertatzen direnek. Hau aurrera pauso bat da gobernantza etiko eta eredugarriaren alde egiten ari garen apustuan, kontratazio prozesuetan interes publikoa bermatuz eta disfuntzioak, eraginkortasunik eza edo iruzurrak saihestuz.
Kode horrek baldintza desberdinak ezartzen ditu Foru Aldundiaren esleipen prozesuetako fase guztietan parte hartzen duten enpresentzat.
Kontsultatu Kontratazio publikoari aplikagarria zaion Jardunbide Egokien Kodea [PDF]
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta haren sektore publikoaren laguntzei eta diru laguntzei aplikatu beharreko Jokabide kodea eta zuzentasun instituzionaleko esparrua.
Administrazio publikoek garatzen duten sustapen jarduera gastu publikoaren modalitate garrantzitsuetako bat da, ez dago zalantzarik, eta hartzaile ditu erakunde pribatu edo publikoak, enpresak, gobernuz kanpoko erakundeak, eta zenbait motatako elkarte eta erakundeak, besteak beste. Beraz, inork ezin du ahantzi diru laguntza eta laguntza esparru horretara bideratzen diren baliabide publikoen garrantzia, ezta horien gainean kontrola zertu beharra ere. Sustapen jarduera horren helburua ere begi-bistakoa da: esparru publikotik zenbait jarduera pribatu bultzatu, piztu edo sustatu nahi dira eta, batzuetan, jarduera publikoak ere bai, izan ere diru laguntza edo laguntza horien bitartez lagundu egiten dela Gipuzkoako Lurralde Historikoko politika publikoak betetzen.
Beraz, zuzentasunaren eta oinarrizko eskubideen errespetuaren ikuspegitik zein beste balio eta printzipio batzuenetik, garrantzitsua da laguntza eta diru laguntza horien onuradun diren erakunde eta enpresa edo organismo horiek guztiek diharduten modua. Gipuzkoako herritarren ikuspegitik, entitate, enpresa eta organismo onuradun horiek funts publikoen hartzaile dira, eta lagundu egiten dute interes publikoak asetze horretan. Horrenbestez, parte hartu behar dute, era berean, Gipuzkoa eredugarria eraikitzeko proiektu kolektiboan, hots, erakundearen zuzentasun politika ezartzeko prozesu honetan gidari dugun eginkizunean.
Kontsultatu diru laguntzei aplikagarria zaien Jokabide Kodea [PDF]
Erakundearen Etika Batzordea
Erakundearen Zuzentasun Sistemak aurreikusten du Erakundearen Etika Batzordea sortzea (3/2016 Foru Dekretuak, martxoak 1ekoa, sortua eta 3/2018 Foru Dekretuak, urtarrilak 16koa aldatuta) organo independentea izango dena eta Foru Aldundiak onartutako Jokabideen eta Jardunbide Egokien Kode ezberdinetan jasotako balore, printzipio eta jokabide arauak bultzatu, sustatu eta horiek betetzen direla bermatzeko funtzioekin; eta Foru Aldundiaren irudia kaltetu dezaketen edozein ez-betetzeri edo jokabide desegokiri aurrea hartzea.
Berme organoaren funtzioak Gipuzkoako Foru Administrazioko eta foru sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateetako kargu publikoen nahiz langile baliokideen gain proiektatuko dira.
Sartu Erakundearen Etika Batzordean