‘Gaur nirekin’, influentzerrek barne turismoa sustatzeko egindako "insta-tourra"
‘Gaur nirekin’, influentzerrek barne turismoa sustatzeko egindako "insta-tourra"
Iker Goiria: «Hurbileko turismoaren bidez, gure lurraldeaz gozatzeko eta sektorea suspertzeko apustu irmoa egin dugu berriz ere".
Foru Aldundiak Aste Santuan tokiko turismoa sustatzeko kanpaina aurkeztu du gaur. Oraingoan, sare sozialak ardatz duen ekintza bat da, zehazki, Gipuzkoa Turismoaren kontuko "Instagram" sare sozialaren bitartez (@gipuzkoaturismoa). Proposamenaren arabera, hamaika egunez jarraian, Instagrameko kontu batek Gipuzkoa Turismoko Instagrameko kontuaren ardura hartuko du, egun oso batez, eta bere "istorioak" eguneratuko ditu, Gipuzkoako hainbat tokitan egingo duen plan baten berri emanez. "Plan horien barruan, protagonistek naturaz gozatuko dute, baliabide turistikoak bisitatuko dituzte eta ostalaritzako lokaletara zein dendetara joango dira, ekimenari osagai sozioekonomiko bat erantsiz", azaldu du Aldundiko Turismoko zuzendari Iker Goiriak.
Era berean, Goiriak nabarmendu duenez, "kanpaina Aste Santuan egingo bada ere, bidali nahi dugun mezua da birusaren aurkako borrokan aurrera egiten jarraitzen dugun bitartean, gure lurraldea ezagutzea dela irtenbiderik interesgarriena, are gehiago kontuan hartuta zenbat baliabide erakargarri ditugun gure inguruan. Hurbileko turismoa sustatzea mugimendu murrizketek sektorean duten eragina leuntzeko aukera bat da. Horregatik, herritarrak Gipuzkoako txokoez gozatzera animatzen ditugu, tokiko eta hurbileko kontsumoaren alde eginez eta, horrela, gure ostalaritza, merkataritza edo lehen sektorea babestuz. Gure esku dago ekonomia suspertzen laguntzea", azpimarratu du.
Kanpaina datorren asteazkenean hasiko da, martxoaren 31n, eta apirilaren 10ean bukatuko da. Gipuzkoako hainbat tokitako "instagramerrek" parte hartuko dute, horrela, kanpainak lurraldeko eskualde guztiak har ditzan. Gainera, egun horietako batean, igandean, apirilaren 4an, Bilboko erreferentziako Instagram kontu batek parte hartuko du, eta Donostian egiteko plan bat eskainiko du; horrela, haren jarraitzaileengana ere iritsiko da kanpaina, eta, agian, Aste Santu honetan Gipuzkoara etortzera animatuko dira.
Egutegia honako hau izango da:
- Martxoak 31 / gidari instagramerra: @adondequiera
- Apirilak 1 / gidari instagramerra: @bekerreke
- Apirilak 2 / gidari instagramerra: @ehfurgo
- Apirilak 3 / gidari instagramerra: @alexkalextrik
- Apirilak 4 / gidari instagramerra: @IloveBilbao
- Apirilak 5 / gidari instagramerra: @wandering_be
- Apirilak 6 / gidari instagramerra: @lopezmountain
- Apirilak 7 / gidari instagramerra: @nakor_markez
- Apirilak 8 / gidari instagramerra: @furgobidaiak
- Apirilak 9/ gidari nstagramerra: @chalo84
- Apirilak 10 / gidari instagramerra: ezustekoa
Ezusteko pertsona eta amaierako lehiaketa
Azken egunerako, apirilaren 10erako, Turismoko Zuzendaritzak ezusteko bat prestatu du. Egun batzuk lehenago, Gipuzkoa Turismoko Instagram kontuaren ardura hartuko duen pertsona "ezagun eta ospetsu" baten parte-hartzea iragarriko da. Pertsona horrek, gainerako parte-hartzaileek bezala, plan bat prestatuko du Gipuzkoako herri batean, eta gustukoen dituen txoko eta esperientzien berri emango du.
Horrez gain, "insta-tourra" amaitu eta hurrengo egunean, lehiaketa bat egingo da sare sozialen bitartez, plan originalena eta erakargarriena aukeratzeko bozketa baten bidez. Azkenean irabazle suertatuko den planaren alde bozkatu duten parte hartzaileen artean ostatu-gauak eta Gipuzkoa Turismoko merchandisinga zozkatuko dira.
2021eko Aste Santua
2020. urtearen amaieran eta urte hasieran okupazioa nabarmen jaitsi arren -% 70 inguru egin baitu behera-, martxoan ostatuak arnasa hartzen hasi dira. Aste Santuko hurrengo zubirako, Gipuzkoan % 50 inguruko okupazioa aurreikusten da, eta landa ostatuak izango dira onuradun handienak; Nekaturren arabera, plaza erabilgarrien % 80ko okupazioa gaindituko da. Izan ere, pandemiaren hasieratik gertatzen ari den joeraren beste adibide bat da hori, alegia, bidaiariek espazio irekiak bilatzen dituzte, natura ingurunean eta jende pilaketetatik urrun.
Bestalde, Hoteles de Gipuzkoa elkartearen arabera, joan den udazkenetik itxita egon diren hainbat establezimendu berriro irekiko dira Aste Santuari begira, eta espero dute urte azken hilabeteetako datu txarrak hobetzea. Azkenik, apartamentu turistikoen kasuan, Apartur elkarteak % 60tik gorako okupazioa aurreikusten du.
Hala eta guztiz ere, osasun egoeraren bilakaeraren eta ezar litezkeen murrizketa berrien zain jarraitzen dute guztiek, baina baikor daude Aste Santuari begira, hainbeste espero den normaltasunerako bidea hartu ahal izateko.
2081