ekonomia sustapena
eta berrikuntza

Zerga Ondorioetarako Kalifikazio Txostenak

Ekitaldi fiskal honetan berrikuntzako proiektu bat garatzen ari bazara, Sozietateen Gaineko Zergan kenkari bat lor dezakezu. Horretarako, “zerga ondorioetarako kalifikazio txosten” bat eskatu behar duzu ekitaldiaren bukaera baino lehen ekitaldian izan dituzuen edo izango dituzuen gastuekin. Txoste hori Ogasunarentzat loteslea da..

Adostu den lan banaketaren arabera, I+Gko proiektuei buruzko txosten eskaera SPRIren bidez bideratu behar dira, Berrikuntza Teknologikoko proiektuei buruzko txostenak berriz Gipuzkoako Foru Aldundiko  Berrikuntzako Zuzendaritzaren bidez bideratuko dira.

Bi kasuetan, txostena doakoa da.

Sakatu hemen jakiteko nola eskatu berrikuntza teknologikoko proiektu batentzako zerga kalifikazio txosten bat. 

Definizioak

I+G

Urtarrilaren 17ko 2/2014 FORU ARAUAren 62.2 artikuluaren arabera, Lurralde Historikoko Sozietateen Gaineko Zergarena:

2.  Ikerketa eta garapentzat hartuko dira:

a) Ezagutza berriak aurkitzeko eta zientzian edo teknologian goi ulerkuntza bilatzeko egiten den "oinarrizko ikerketa” edo azterlan original eta planifikatua, betiere merkataritza edo industria helburuetatik kanpokoa.

b) Ezagutza berriak aurkitzeko egiten den "ikerketa aplikatua” edo azterlan original eta planifikatua, betiere ezagutza horiek produktu, prozesu edo zerbitzu berriak garatzen edo lehendik daudenak nabarmen hobetzen erabiltzekoa bada.

c) Ikerketa aplikatuaren emaitzen "garapen esperimentala" edo produktu, prozesu edo zerbitzu berrien plan,eskema edo diseinu batean aplikatutako ikerketaren gauzatzea, edo emaitza horien hobekuntza nabarmena, bai eta merkaturatu ezin diren prototipoen sorrera eta hasierako erakusketarako proiektuak edo proiektu aitzindariak ere, baldin eta aplikazio industrialetarako edo merkataritzako ustiapenerako bihurtu edo erabili ezin badira.

d) Software aurreratuaren sorkuntza, baldin eta horrek aurrerapen zientifikoa edo teknologiko nabarmena badakar, dela teorema eta algoritmo berriak garatuz dela sistema eragile eta lengoaia berriak sortuz, edota pertsona ezgaituak informazioaren gizarteko zerbitzuetara sartzeko egiten bada. Softwarearekin erlazionatuta dauden ohiko edo betiko jarduerak hortik kanpo geratzen dira.

 

Berrikuntza Teknologikoa

Urtarrilaren 17ko 2/2014 FORU ARAUAren 63.2 artikuluaren arabera, Lurralde Historikoko Sozietateen Gaineko Zergarena:

2. Berrikuntza teknologikotzat hartuko da produktu edo produkzio prozesu berrien lorpena edo jadanik daudenen hobekuntza nabarmena dakarren jarduera, baldin eta horren emaitza aurrerapen teknologikoa bada. Era berean, berritzat hartuko dira ikuspegi teknologikotik begiratuta lehendik daudenetatik nabarmen bereizten diren ezaugarri edo aplikazioak dituzten produktu edo prozesuak.

Jarduera horren barruan sartuko da produktu edo prozesu berriak plan, eskema edo diseinu batean gauzatzea, bideragarritasun azterketak egitea, prototipoak sortzea eta hasierako erakusketarako proiektuak edo proiektu aitzindariak eta ehunen lagindegiak egitea, bai eta aplikazio industrialetarako edo merkataritzako ustiapenerako bihurtu edo erabili daitezkeenak ere.

Halaber, diagnostikoari lotutako jarduerak ere sartzen dira, helburua soluzio teknologiko aurreratuen identifikazioa, zehaztapena eta orientazioa denean (artikulu honetako 3. idatz-zatiko a) letran aipatzen diren entitateek egiten dituztenak), emaitzak gorabehera.