Laugarren industria-iraultzarako prest

Gipuzkoa 4.0 Fabrikazio Aurreratuko Sarea

Industria gure ekonomiaren oinarria da aspalditik. Industria guztiz errotua dago gure lurraldean. Ehunka enpresa txiki eta ertainek bultza egiten dute egunero Gipuzkoan aberastasuna sortzeko, milaka herritarrentzako lana sortuz. Mundu osora esportatzen duten enpresa espezializatuak dira.

Egun, industria aurreratuak dira etorkizuna, teknologia, negozio eredu eta ekoizpenaren ikuspegitik. Horregatik, ekonomia sustatzeko eta enpresei laguntzeko duen konpromisoari jarraiki, Gipuzkoako Foru Aldundiak eraldatze hori bultzatu nahi du, enpresa eredu lehiakorrago, berritzaileago, jasangarriago eta eraginkorrago bat lortzeko.

Gure helburua da inor atzean ez geratzea. Ez enpresak, ezta pertsonak ere. Gizarte solidarioa gara. Horregatik, elkarlanean oinarritutako programa berritzaile bat osatu dugu: Gipuzkoa 4.0 Fabrikazio Aurreratuko Sarea. 4.0 industria ekoizpenean eredugarri diren enpresen esperientziak aztertu eta zabaldu nahi ditu egitasmo honek. Hau da, mundu mailan erreferente diren Gipuzkoako enpresen eta zentro teknologikoen kasu arrakastatsuak gure enpresa txiki eta ertainei ezagutarazteko programa bat.

Industriaren eraldaketarako bidea hemen da. Batu nahi?