Menu nagusira joan Eduki nagusira joan

Trantsizio ekologiko jasangarria eta bidezkoa

Trantsizio ekologiko jasangarria eta bidezkoa

   Gaur egun, aurrekaririk gabeko egoera batzuk ditugu aurrean: larrialdi klimatikoa, biodibertsitatearen galera eta desberdintasunen hazkundea.

Eta, erronka horien aurrean, lehentasunezkoa da ekonomia ekologikoa, erresilientea eta inklusiboa eraikitzeko beharra; garapen ekonomikorako eredu berri bat eraikitzea. Kasu honetan, trantsizio ekologiko jasangarri eta bidezkoak aukera ematen du Gipuzkoa garapen jasangarri eta integratzaileranzko bide berri batean kokatzeko. Trantsizio horrek pertsonak hartu behar ditu kontuan eta kaltetuenak zaindu; ekitatea aldagai gisa integratu behar du eredu horretan. Bidezkoa eta integratzailea izanik soilik aurrera egin dezakeen eredu batean.

Horrek esan nahi du pentsamendu sistemiko bat hartu eta hiru pentsamolde aldaketa erradikal onartu behar ditugula: berrasmakuntza (gure garapen eredua nahi ez diren gizarte eta ingurumen inpaktuak sortzen ari dela onartzea); erresilientzia (aldaketei aurrea hartzeko, onirizteko eta egokitzeko gaitasuna hobetzea enpresetan, epe luzera haien jasangarritasuna bermatzeko, erronkak aukera bihurtuz; eta, horretarako, etengabe inplikatu behar dira interes taldeak erabakiak hartzeko prozesuan, eta haiekin elkarlanean eta elkar sorkuntzan aritu eta aliantzak egin behar dira); eta berroneratzea (gure ikusmoldean aurrera egin eta hura aldatu behar da: kalterik ez egitetik, gure gizarte eta ingurumen sistemen lehengoratze eta hobetze gaitasuna garatzera).

Beraz, enpresek, administrazioak eta gizarte zibilak sistemak eraldatu behar dituzte, garapen jasangarri, oparo eta inklusiboa ahalbidetzeko. Aldaketa eta eraldaketa prozesuak eta konponbide berriak eraikitzea prozesu konplexua da, eta gizarte osoa inplikatzen du. Horratarako beharrezkoa da maila anitzeko gobernantza ekologiko bat, alde batetik, lurraldearen garapena eta naturaren nahiz jendearen ongizatea lotuko dituena, eta, bestetik, gizarte eragile guztien parte hartzea eskatuko duena, erantzun eraginkorra emateko eta gizarteari mesede egingo dion eraldaketa bat sustatzeko.

Horren guztiaren aurrean, jasangarritasun hirukoitzari begirako lurralde gisa definitzen ari da Gipuzkoa, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren alorrean dituen erronkei modu proaktiboan aurre eginez, bere erakunde bakoitzaren gizarte erantzukizunetik abiaturik, bere aktibo ukigarriak eta ukiezinak lankidetza estrategien eta alde anitzeko konpromisoen bitartez garatuz, alderdi guztientzat balioa sortzen duten irtenbide eraginkorrekin.

Hiru integratu nahi ditugu, produktibitatea, enplegagarritasuna eta gizarte kohesio inklusiboa; hazkunde berdeko eredu batean, alegia, garapen ekonomiko indartsu eta orekatua eta gizartearen ongizatea sustatuz, eta, aldi berean, aktibo naturalek gure ongizate ereduaren oinarri diren ingurumen baliabideak eta zerbitzuak ematen jarraituko dutela bermatuz.​​​​​​​

Eta, horretarako, negozio eredu berdeak dituzten enpresa erresilienteak sortzera bideratu behar ditugu ahaleginak: produktibitatean eta eraldaketa iraunkorrean oinarrituko diren enpresak, profesional berriei behar dituzten trebeziak emateko eta lanpostu berriak sortzeko gai izango direnak, trantsizio bidezkoa bermatuko duen joera eta dimentsio sozial bat izanik. Horrek esan nahi du, Europar Batasunaren aginduari jarraikiz, eremu hauetan jardun beharko dela: prebentzioa eta arintzea, ekonomia zirkularra, energia jasangarria, balio katea, natura eta biodibertsitatea.

Programak eta laguntzak