Atzealdea Notariotza-protokolo baten zaharberritzea

Notariotza-protokolo baten zaharberritzea

XVI. mendeko notariotza-protokolo baten zaharberritzea

Askotan, notariotza-protokolo bat zaharberritzea erronka bat da, formatua dela eta. Beste berezitasun batzuen artean, notariotza-protokoloen ezaugarria da bizkar oso altuko bolumenak direla. XVI. mendeko Francisco Luzuriaga eskribauaren protokoloa, Gipuzkoako Foru Aldundiko Artxibo Orokorreko zaharberritzaileen taldeak 2024ko azken hiruhilekoan esku-hartua, arazo horren adibide argia da. 

Liburuaren bizkarrak 21 cm neurtzen zituen, eta 1.287 orri zituen guztira. Horrek zaildu egiten zuen manipulazioa eta arriskuan jartzen zuen bere kontserbazioa. 

Pergamino malguko azaleztatzea oso hondatuta zegoen: urradura handiak eta ugariak ildasketan eta bizkarrean, euskarri-galerak eta itxituren haustura. Era berean, bizkarrean garai berekoak ez ziren zenbait txaplata zeuden itsatsita. Liburuaren gorputza multzoka jositako hainbat blokek osatzen zuten eta hauek haien artean zeharkako nerbioekin lotuak zeuden. Orriek, halaber, kalte fisiko-mekanikoak zituzten, hala nola, galerak, arrakalak, orbanak, deformazioak eta zikinkeria orokorra, kontsultak eta manipulazioak eragindakoak. 

Zaharberritzea osotasunean egin da estalkia desmuntatuz, egonkortzeko eta gero eransteko. Desmuntatutako orriak lehorrean eta hezean garbitu dira beharren arabera. Euskarriaren hondatze mailaren arabera galerak eskuz edo mekanikoki berrintegratu dira. Azkenik, berriro josi da frantses erako jostura berri batekin, bolumena irekitzea eta ikertzea errazten duena. 

Dokumentua digitalizatu egin da eta Artxibo Atarian dago eskuragarri.