Atzealdea Zizurkilgo eskribautzaren XVII. mendeko protokolo baten zaharberritzea

Zizurkilgo eskribautzaren XVII. mendeko protokolo baten zaharberritzea

Martin Arano Etxaniz eskribauaren notariotza-protokoloaren zaharberritzea (1633-1637)

Notariotza-protokolo hau kalte ugarirekin iritsi zen zaharberritze-tailerrera, hala nola galera materialak, arrakalak eta orbanak. Narriadura larrienetako bat paperaren degradazio kimikoa zen.

Paperaren zuntzak hondatu egiten dira bere osagaiek modu natural batean jasandako erreakzio kimiko batzuen ondorioz. Zahartze naturala esaten zaio horri, eta, paperaren konposizioaren arabera, modu ezberdinetan gertatuko da.

Gainera, kanpoko faktore desberdinek; argiaren eraginpean egotea, hezetasuna, tenperatura, kutsadura, intsektuen eta/edo mikroorganismoen erasoa eta baita tinten izaerak ere, erreakzio horien katalizatzaile gisa jardun dezakete. Degradazio horren ondorioz, paperaren hauskortasuna eta azidotasun maila handitu, elastikotasuna galdu eta papera horitu daiteke.

Kalte horiek guztiak AGG-GAO PT2508 protokoloan daude. Erabilitako papera, artisau-erako trapu-pastaz egina dago; berez, oso paper egonkorra da, eta zahartze natural geldoa du. Hala ere, ingurumen baldintza desegokiek eta erabilitako tinta batzuen konposizioak, orrien azidotasuna sortu dute. Tinta metaloazidoak, goma natural batekin aglutinatutako gatz metalikoz eta azido galikoz osatuak, artisau-eran egiten ziren, eta, horren ondorioz, tinta metaloazidoak desberdinak izan daitezke beraien artean. Horietako batzuek, ioi metaliko gehiegi dituzte eta paperarekin erreakzionatzen dute, hainbat erreakzio kimiko eraginez. Erreakzio kimiko horiek paperaren zuntzak degradatzen dituzte.

Azidotasuna arintzeko eta hondatzen jarrai ez dezan, azidoak neutralizatzen dituzten eta paperean erreserba alkalino bat sartzen duten hainbat desazidotze-tratamendu daude. Aurretiko proba analitikoak egin ondoren, AGG-GAO PT2508 notariotza-protokoloan kaltzio hidroxidozko bainuaren bidezko ur-desazidotzea aplikatu da, orrien azidotasun handia murrizteko.

Kontuan izanda manipulazioa bereziki arriskutsua dela mota honetako dokumentuetan, digitalizatu egin da, jatorrizko dokumentura jo beharrik gabe kontsultatu ahal izateko. Gainera, behar bezala preserbatzeko, ingurumen baldintza egonkor eta kontrolatuetan biltegiratu beharra dago Artxiboko deposituetan.