
Artxibo hau Gipuzkoako Lurralde Historikoaren erakunde diren Batzarre eta Aldundiek sortu edo jasotako agiriez osaturik dago; XV. mendetik XX. mendearen amaiera arteko agiriak hartzen ditu barne, eta zabalik dago erakunde horietatik datozen agiriak jasotzeko.
Erakunde horiek mendeetan zehar izan duten jarraipena eta beren eginkizunen aniztasuna askotariko gai eta tipologiako dokumentazioan islatzen dira: aktak, ordenantzen koadernoak, foru bildumak, aurrekontu eta kontuak, probintzi-arielak, kaparetasunen irizpenak eta baita espedienteak ere. Azken horiek ongintza, probintzia, nekazaritza eta basogintza-lanenak, soldadutzarako salbuespenenak eta zenbait eskola eta kultur erakunderi emandako laguntzen gaineko espedienteak dira.
Horrez gain, funts honetan Irungo pasabideko kontrabandoa zaintzeko ardura zuen erakundearen dokumentazioa dago, Sakazaintzarena, alegia. Erakunde hori Probintziaren menpe zegoen 1475 urteaz geroztik, betiko saria zela medio.
Azken urteotan Gipuzkoako Artxibo Orokorrak lan handia egiten ari du erabiltzaileen eskura ahalik eta informazio gehien jartzeko: 2020an Gipuzkoako Batzar Nagusien eta Aldundiaren aktei dagozkien deskribapen eta irudiak eskuragarri jarri ziren, XVI. mendetik XIX. mendera bitartekoak.
Egun dokumentu horien kopia digitalak Rosa Ayerbe eta Luis Miguel Díez de Salazar (in memoriam) EHUko irakasleek foru-erakundeen laguntzarekin egindako transkripzioekin lotuak daude.
Horrela, aldi berean jatorrizko dokumentuarekin eta honen transkripzioarekin lan egin dezakegu. Horrela guztiok murgildu gaitezke gaur egun Gipuzkoaz eta bere erakundeez ulertzen dugunaren sorreran eta bilakaeran.
Funts hau hurrengo estekan kontsulta dezakezu: Artxibo Ataria
9157 dokumentu-unitate (katalogatutakoak)
Goian aipatu bezala, artxibo hau Gipuzkoako Lurralde Historikoaren erakunde diren Batzarre eta Aldundiek sortu edo jasotako agiriez osaturik dago; XV. mendetik XX. mendearen amaiera arteko agiriak hartzen ditu barne.
Kontsultarako baliabideak:
Funts hau oraindik deskribapen prozesuan dago. Katalogatutakoa hemen kontsulta daiteke.
Gipuzkoako Batzarren akten serieari dagokienez, sailak hutsune garrantzitsuak ditu, bereziki aipagarriak dira 1530az aurretik suertatutako Batzarren Akteenak, 1559-1568 tartekoenak, XVIII. mendearen lehen erdikoenak eta 1840-1876 tartekoenak.
Gipuzkoako Probintziako Aldundiaren funtsa (1877-1977)
Sarbide libreko funtsa.
Funtsaren kontserbazio-egoera ez zen ona, horregatik, funtsa osatzen duten hainbat dokumentu zaharberrituak izan dira.