Gipuzkoako gizartearen baitan jazarpen indarkeriak eragindako kaltea eta mina ikusaraziko ditu Aieten ‘Hurrengoa zu’ erakusketak

Baketik fundazioaren laguntzarekin antolatutako mostraren bitartez, Aldundiak sustatu nahi du indarkeria mota horren inguruko gogoeta, Giza Eskubideen ikuspegitik, eta indarkeria pairatu zuten biktimen oroimenean sakontzea.

-ren irudia
 Gipuzkoako gizartearen baitan jazarpen indarkeriak eragindako kaltea eta mina ikusaraziko ditu Aieten ‘Hurrengoa zu’ erakusketak

1975etik 2011ra bitartean Gipuzkoan jazarpen indarkeriak eragindako arrastoa eta ondorioak  argitara emango ditu gaurtik aurrera Donostiako Aieteko Kultur Etxean  Hurrengoa zu - En la diana erakusketak, gure lurraldean milaka pertsonak jasandako indarkeria mota horren biktimei ahotsa eskainiz. Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok adierazi duenez, jazarpen indarkeria “guztiz inhumanoa, bidegabea eta zentzugabea” izan zen eta, beraz, “biktimen memorian sakontzeko” eta gure gizartean “tamalez ohikoenak izan ziren” giza eskubideen urraketa horien inguruko hausnarketa sustatzeko beharra azpimarratu du. “Agian beste indarkeria batzuk baino ikusgarritasun gutxiago izan dute, baina oso kaltegarriak eta mingarriak izan dira, modu berean”, aipatu diputatu nagusiak.

“Kasu askotan denboran zehar luzatutako indarkeria izan zen, eta beldurra eta zatiketa eragin zituen gizartearen baitan, bai eta etengabeko mehatxu-sentsazioa ere herritar askorentzat. Askok Euskaditik alde egin behar izan zuten. Gure herrietako eta hirietako bizitza eta elkarbizitza nabarmen kaltetu zirela ahaztu gabe”, oroitarazi du Olanok. Hori dela eta, azken hamarkadetan ETAren –nahiz haren estrategia bortitza jarraitzen zutenen– indarkeria eta larderia pairatu zuten pertsona guztiei “aitortza eta elkartasuna” adierazi nahi izan die diputatu nagusiak, baita motibazio politikoko beste indarkeria batzuk jasan zituzten herritarrei ere.

Azkenik, bakeak eskatzen duen “konpromiso soziala” azpimarratu du, “giza eskubideen errespetuan eta biktimen memorian oinarritutako kultura demokratikoa” garatu ahal izateko. “Horrela bakarrik lortuko dugu datozen belaunaldiek akats berberak berriro ez egitea”, gogoeta egin du.

Biktimen ahotsa

Aldundiak Baketik fundazioaren laguntza izan du erakusketa antolatzeko garaian. Elkarte honetako zuzendari Maider Marañak azaldu duenez, Hurrengoa zu erakusketa “gonbidapen bat da, lehen urrats bat, indarkeria hau gure gizartean ere ezagutua eta aitortua izan dadin”. “Oraindik errealitate asko falta dira azaleratzeko, baina ezin izan ditugu erakusketa honetan sartu. Indarkeria horrek biktimizazioak eragin zituen, eta kalte iraunkorrak eta oso nabarmenak eragin zizkien indarkeria pairatzen duten pertsonei, haien familiei eta inguruneari”, gaineratu du, eta xehetu du jazarpen indarkeria “mota desberdineko pertsonek, erakundeek eta kolektiboek” jasan zutela, garaiaren eta testuinguruaren arabera.

Erakusketak 1975etik 2011ra bitartean, ETAk indarkeria-jarduera bertan behera utzi zuen arte, gure gizartean izandako jazarpen indarkeria motak ezagutarazten ditu. Arartekoaren definizioaren arabera, beren eskubide hauetan urraketa larriak eta galerak jasan zituzten pertsona edo kolektiboei buruz ari gara: bizitzeko eta osotasun pertsonalerako eskubidean, ongizate fisiko eta psikologikorako eskubidean, mugitzeko askatasunerako eta bizilekua aukeratzeko, eta ideologia eta adierazpen askatasunerako eskubidean, bizitza pribatu eta familiarrerako eskubidean, parte-hartze politikorako eskubidean eta ordezkari politiko gisa hautatuak izateko eskubidean.

Biktimizazio horrek kalte oso larriak eragin dizkie hura pairatzen duten pertsonei, haien familiei eta, oro har, euskal gizarteari. Erakusketak biktima horietako batzuen testigantzak entzuteko aukera eskaintzen du, hala nola Arritxu Marañon eta Jose Morcillo zinegotzi sozialistenak; Nerea Amuchástegui –Estanis Amuchástegui zinegotzi sozialistaren alaba– andoaindarrarenak; Arantza Quiroga EAEko PPko presidente ohiarenak; Pilar Zubiarrain abokatu eta Altzoko alkate jeltzale ohiarenak; eta Martxelo Otamendirenak eta Joan Mari Torrealdai seme-alabenak, biak Egunkaria-ko zuzendaritzako kideak.

Testigantzez gain, mehatxuak eta jazarpen indarkeria nola gauzatzen ziren erakusten duten hainbat material eta argitalpen erakusten ditu erakusketak, baita ordezkari politikoei, kazetariei eta enpresaburuei zuzendutako estortsio eta mehatxu gutunak ere bai, besteak beste.