Erabilera ona eta sorkuntza

Kultura Digital@: gaitasun digitalen garapena baino harago, digitala denaren kultura eta digitalki lantzen den kultura da.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak, lurraldeko haur, nerabe eta gazteen, eta haien sustapenean aritzen diren eragileen, gaitasun digitalen garapena bultzatzeko beharraz jakitun, Kultura Digital@ programa jarri du martxan, alfabetatze, gaitasun eta inklusio digitalak sustatzeko, baina baita sorkuntza eta ekoizpen digitala bultzatzeko ere.

Komunikazioaren teknologia eta logika berriek informazioa lortzeko aukera ugari eskaintzen dituzte, baina batez ere edukien ekoizle eta kultura-sortzaile bilakatzeko aukera ematen die haur, nerabe eta gazteei. Ez da teknologiei eta kontsumoari bakarrik dagokien gaia, baliabide horien inguruan kultura berri bat sortu da: elkarrekin egoteko modu berriak.

Kultura digital@ren xedea da haur, nerabe eta gazteek teknologiari esker informazioa eskuratzea eta talentua hedatzea, berrikuntzari bidea zabaltzea, haien artean autonomia sustatzea, eta beren egitasmo edo proposamenek aurrera egiteko aukera, jasangarritasuna, eta ikusgaitasuna izatea.

  • HNGek gizarte digital batean moldatu eta parte hartzeko beharrezkoak diren gaitasun digitalak aisiaren eta hezkuntza ez formalaren bitartez eskura ditzaten bermatzea, haiek sorkuntzarako, komunikaziorako eta harreman solidarioak ezartzeko duten abileziari bide emanez.
  • Haur, nerabe, gazte, eragile eta komunitatearen arteko topaketa- eta lankidetza-guneei bidea ematea, komunikazioko eta kulturako praktika berriak bitarteko izanik.
  • Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) era kritiko eta sortzailean ezagutu eta erabil ditzaten sustatzea, herritartasun arduratsu eta solidario bat gauzatzea ahalbidetuko duten partaidetzazko praktikak bultzatuz.

Talentua hedatzea, berrikuntzari bidea zabaltzea.

Kultura Digital@ programaren hartzaile zuzenak haurrak, nerabeak eta gazteak izango dira eta, jakina, familiak eta haiekin lanean aritzen diren profesional eta eragileak, honen helburuak lortzeko bitarteko diren heinean.

Sareko 10 portaera egokiak

Sarean guztiak gara pertsona duinak, besteei errespetua diet eta errespetatzen naute.
IKTek nire bizi-kalitatea hobetzen laguntzen didate, giro zintzo eta baketsua sortzen ahalegintzen naiz.
Sarean parte hartzea edo ez neuk erabakitzen dut. Besteen askatasuna ere onartzen dut.
Adingabeak babesten ditut. Lagunak sareen erabileran gidatzen ditut eta eredu ona naiz haientzat.
Nire identitatea, isilpeko informazioa eta besteen pribatutasuna babesten ditut.
Egile-eskubideak errespetatzen ditut. Besteen produkzio intelektuala aitortzen dut.
Bisitatzen ditudan guneak eta ezagutzen ditudan pertsonak aukeratu egingo ditut. Kontuz ibiliko naiz ditudan harremanekin.
IKTak ez ditut erabiltzen legez kontrako ekintzetarako. Gune seguruak eta konstruktiboak sustatu eta erabiltzen ditut.
Nire eta besteen ideiak, iritziak eta zaletasunak errespetatzen ditut.
IKTei eskaintzen diedan denbora erregulatu egiten dut.