Menu nagusira joan Eduki nagusira joan

Aurkezpena

Pasaiako badia, lehentasunezko esku hartze area bat

Pasaiako badiari gogor erasan izan diote joan den mendearen 70eko hamarkadaren amaieratik aurrera eragin diguten ondoz ondoko krisialdien ondorioek. Aldi honetan, krisialdi sakona jasan du tradizionalki haren sostengu izan den eredu sozioekonomikoak, zeinak oinarri izan baititu portuaren jarduera, metal-mekanika industria eta eraikuntza.

Pasaiako badia ingurune zailtzat hartzen zen 2008an hasi zen azken krisia baino lehen ere, eta egoera hori are gehiago okertu da azken urteetan.

Horrek itxura narriatua eta erakargarritasun gutxikoa ematen dio, eta, ondorioz, ezinbestekoa du esku hartze publiko bat, hiri ingurunea zaharberritzea eta berreskuratzea eta ekonomia suspertzea oinarri izango dituen biziberritze integraleko prozesu bat gauzatzeko.

Narriadura sozioekonomikoa eta geldialdi teknologikoa

Jarduera ekonomikoa nabarmen narriatu da, ardatz izan baititu sektore tradizional eta ez berritzaileak, merkataritza eta turismo sektore ahul bat, eta enpresen dinamismoaren galera handi bat.

Horrek guztiak langabezia eragin du, eta, era berean, langabeziak areagotu egin ditu gizarte bazterkeriako arriskuan dauden biztanle ahul eta zaurgarrien sektoreak.

Hirigintza eta ingurumen narriadura

Badiaren inguruak biztanleria eta hirigintza dentsitate handia du, eta garraio azpiegitura handiak kontzentratzen dira bertan (portuko azpiegiturez gain); horrek kanpoaldearekiko interkonexioa errazten badu ere, presioa gehitzen diote lurraldeari, eta trafiko, segurtasun eta irisgarritasun arazo larriak sorrarazten dituzte. Bestalde, oraindik ere gabeziak daude mugikortasunaren arloan, auzoen eta herrien arteko barne interkonexioa hobetzeko eta motorizatu gabeko komunikazio bideak egonkortzeko beharra baitago.

Etxebizitza parkea ere progresiboki narriatzen ari da: eraikuntza kalitate baxuko eremuak eta erosotasun indize baxuko etxebizitzak daude, ez dago kolektibo jakin batzuei zuzenduriko etxebizitza eskaintzarik, etxebizitzetarako lurzoru urbanizagarriaren eskasia dago, eta erabilerarik gabe progresiboki narriatzen ari diren eraikinak daude.

Ingurumen arazo larriak ere badaude, portuko jardueraren ondorioz, besteak beste; nolanahi ere, hobekuntzak egin dira azken urteotan. Gainera, hiri eremu berde gutxi dago, inguruan balio handiko naturagune babestuak badaude ere.

Horren guztiaren ondorioz, bizitza kalitatea ere progresiboki okertzen ari da. Erabilera kolektiborako ekipamenduen eta zerbitzuen maila baxua.

Aktiboak eta baliabideak

Pasaiako badiak indarguneak ere baditu, ordea, eta bikaintasun elementu horiek aintzat hartu behar dira, badia eraldatzeko oinarri eta bultzatzaile izan daitezen.

Inguruaren berezitasuna, identitatea, Pasaiako badia elementu bereizgarri izatea eta Baiona-Donostia euskal eurohirian duen kokapen estrategikoa elementu giltzarriak dira.

Gainera, badia erakuts geniezaieke besteei, integrazioa ardatz eragiletzat harturik, bizikidetzak, aniztasunak eta mestizajeak ezaugarritzen duen leku gisa.

Une hau giltzarria da, oraintxe lortu baitugu Pasaiako badiaren biziberritzeari bultzada emateko beharrezko diren adostasuna eta konpromisoa erakundeen artean.

 Eta, azkenik, baina ez azkena, herritar parte-hartzaileak daude hor; elkarte eta boluntario sare sendo bat osatuz, erronka, estrategia eta jarduera askoren palanka gisa jarduten dute.

Pasaiako badiaren biziberritze integralerako programa

Deskribatutako egoera horren aurrean, foru gobernua biziberritze integralerako programa bat garatzen ari da, epe labur eta ertainean jarduera ekonomikoa sustatzeko, narriatutako hiri espazioak eta ekipamenduak zaharberritzeko eta berreskuratzeko, betiere Pasaia ekonomiaren, hirigintzaren, gizartearen eta kulturalen aldetik biziberritzeko helburu globalaren barruan eta Pasaialdeko herritarren premiei erantzunez, lurraldearen garapenari eta biztanleen ongizateari laguntzeko xedez.

Programa aitzindaria da, partaidetzan eta erakunde hauen arteko adostasunean oinarritua: Errenteriako, Lezoko, Pasaiako eta Oiartzungo udalak, Oarsoaldeko garapen agentzia eta Gipuzkoako Foru Aldundia.

Programak bi jarduera ildo estrategiko ditu:

  • Pasaiako Portuko zerbitzugunearen Antolaketa Plan Bereziaren Berrikuspena behin betiko onartzea.
  • Pasaiako badiaren hiri inguruneen biziberritze integralerako eskualde estrategia, zeinak gizarte, ingurumen eta ekonomia jasangarritasuna ekarriko baitu, Europako Hirigintza Agendan oinarritutako eta Aldundiak berak zuzendutako urteko hitzarmen eta jardueren bidez, eta hiri inguruneak biziberritzea, jasangarritasuna, mugikortasun jasangarria, ekipamenduak eta enplegua ardatz hartuta.

Udalekin eta Oarsoaldearekin izenpetu diren hitzarmenek adierazle sozioekonomiko jakin batzuk aztertuz egin den banaketa proportzional bat dute oinarri. Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak inbertsioaren % 85 hartu du bere gain, eta gainerako % 15az, berriz, udalak eta Oarsoaldea arduratzen dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen urteko diru laguntza 2 milioi euro ingurukoa da, eta horrek eskualde bakoitzeko 2,3 milioi euroko inbertsioa dakar.

Erronkak formulatzea

Horiek horrela, funtsezko erronka hauek finkatu ditugu jarduera programan:

1. erronka.  Administrazioaren eta herritarren arteko harreman eredu berri bat erraztea, zeinak partaidetza, gizarteratzea eta gardentasuna sustatuko dituen teknologia berriak erabiliz​.

2. erronka.  Baliabideak hobeto baliatuko dituen lurralde adimendun bat sustatzea: energiaren kudeaketa adimendunerako eredu berriak sartuz eta berotze globalera eta klima aldaketara egokituz​.

3. erronka.  Komunikazio eta mugikortasun jasangarrirako sare bat egokitzea, bizikletaren erabilera sustatuz garraiobide gisa.

4. erronka.  Gizarteratzearen zerbitzura egongo den harrera, heziketa, kultur eta aisialdi ekipamenduen sare bat egokitzea.

5. erronka.  Prekarietatea eta gizarte bazterkeriari aurre egitea, gizarteratze eta laneratze programen bidez. Ikasteko modu berriak sustatzea, jarduera ekonomikoa dibertsifikatzen laguntzea eta bultzada bat ematea suspertzen ari diren sektoreei, zehazki, gaitasun endogenoekin eta bereziki ekonomia sortzailearekin zerikusia dutenei.

6. erronka.  Baliabideak gizartearen eta ekonomiaren mesedetan ustiatzea: narriatutako espazioak berreskuratzea eta ondare historiko-kulturalari balioa ematea, eta, horri esker, herritarren bizimodua hobetzea, eta baliabide horiek turismo eskaintza eta baliabide ekonomiko gisa baliatzea.