Elkartegintzatik komunitatea eraikiz topaketan Gipuzkoa osoko elkarteetako 220 ordezkari baino gehiago bildu ditu gaur Foru Aldundiak Tabakaleran. Gipuzkoako lehen erreferentzia dokumentalaren milurtekoa ospatzeko programazio bereziari hasiera ematen dion ekitaldi honen helburua da komunitatea biziberritu eta lurraldeko elkarte-sarea sendotzeko estrategia parte-hartzaile bat diseinatzen hastea, gero eta gizarte konplexuago eta indibidualistago baten erronken aurrean prest egon ahal izateko. Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak ireki du jardunaldia, eta elkarteek lurraldean duten garrantzia azpimarratu du. Bere hitzetan: "Elkartegintzaren bizitasuna eta indarra mantentzea lehen mailako lehentasuna da, elkarteak adierazpen eta parte-hartze komunitariorako bidea direlako, guztiok osatzen dugun komunitatearen bizkarrezurra". Mendozak nabarmendu duenez, euren aniztasunean, elkarteek "herritarren parte-hartzea sustatzen dute erronka kolektiboen aurrean, eta balio komunitarioen funtsezko transmisoreak dira".