Kontseilua: Aldundiak Etorkizuna Eraikiz Gipuzkoa Taldean programaren laguntzak onartu ditu, eta 2024an 600.000 euro bideratuko ditu horietara

Diputatuen Kontseiluak Etorkizuna Eraikiz Gipuzkoa Taldean proiektu-programaren laguntzen deialdia onartu du. Bi jarduera-ildo ditu: bata, eragile ekonomiko eta sozialek sustatutako proiektu esperimentalei zuzendua, Gipuzkoak dituen erronkei erantzuteko planteatzen direnak, eta, bestea, esplorazio-proiektuak bultzatzeko, lurraldeak dituen erronkei begira; guztira, 600.000 euroko zuzkidura batekin. Etorkizuna Eraikizen bidez, Irune Berasaluze foru bozeramaileak azaldu duenez, “Aldundiaren politika nagusien kudeaketan eta garapenean berrikuntza-apustu irmoa egiten” jarraituko da, “konfiantza publikoa eta mahai gainean ditugun erronka handiei modu kolektiboan heltzeko gaitasuna hobetuz, agenda publiko eraldatzaile batekin; gure elkarte-ehunaren eta herritarren ahalmen guztia txertatuko duena”. Unibertsitateek, lanbide-heziketako zentroek, elkarteek, fundazioek, enpresa publiko eta pribatuek, udalek, mankomunitateek, garapen-agentziek eta/edo interes ekonomikoko taldeek aurkez ditzakete beren proiektuak deialdi honetan. Bai proiektu esperimentalek, bai esploraziokoek, lankidetzan garatzeko erronka hauei erantzun behar diete nahitaez, osagai berritzaile batekin: Gipuzkoa kohesionatua, pertsonen ongizate fisiko eta emozionala, emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna, gazteei aukerak eskaintzea, erantzukizun komunitarioa, elkarte-sarea, lurralde-oreka berdea, administrazio publikoen eraldaketa edo berrikuntza ez-teknologikoa. Proiektu esperimentalen kasuan, aldez aurretik diseinatutako proiektuak ezartzea izango dute helburu, eta esperimentazio-maila aurreratua izan beharko dute. Proposamen inspiratzaileak dira, gizartean garrantzi handikoak, eta inpaktu handia izatea espero da, hedapen-estrategiaren proposamenarekin batera. “Helburua da Gipuzkoako eraldaketa sozial eta ekonomikoa dinamizatzea, Gipuzkoako erronka estrategiko handiak aukera bihurtzeko dinamikak sortuz, lankidetzan oinarritutako proiektu berritzaile multzo baten bidez eta erakunde bat baino gehiago inplikatuz garapenean”, bozeramailearen esanetan. Bigarren lerroari dagokionez, hipotesi edo ideia inspiratzaileetatik abiatuta, ondoren esperimentaltzat har daitezkeen proiektuak definitzea helburu dutenak hartzen dira esplorazio-proiektutzat. Kasu honetan, esperimentazioa oinarrizko maila batean planteatzen da, dagozkion kontraste eta testekin batera etorri behar dira, eta bideragarritasun-azterketa bat egin behar da, inplementatu ahal izateko. Bi lerroetan, erakunde interesdunek Internet bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez (https://egoitza.gipuzkoa.eus), dirulaguntzen atarira sartuta eta dagokion formularioa beteta. Beharrezko informazio eta dokumentazio guztia atarian bertan egongo da eskuragarri. Eskabideak aurkezteko epea deialdia GAOn argitaratzearekin batera ezarriko da. Aurreko deialdietako filosofiari eutsiz, berrikuntzetako bat da deialdietatik sortzen diren emaitzak eta aktiboak zabaldu eta eskalatu ahal izatea. Ildo horretan, garatzen diren proiektu esanguratsu batzuei jarraipena emateko aukera aztertu nahi da. “Lankidetzan eta esperimentazioan oinarritutako ikaskuntza kolektiboko prozesuez ari gara, eta prozesu horien ondorioak Plan Estrategikoan ezarritako lehentasunen zerbitzura jarri nahi ditugu, ongizate integrala giltzarri dela, agenda politiko berritzaile eta eraldatzaile batetik abiatuta”. Hala, “Etorkizuna Eraikizek jauzi kualitatiboa emango du legegintzaldi honetan bere bilakaeran eta hedapenean, Plan Estrategikoan mugatutako ibilbide-orriaren motor eta I G unitate gisa”, bozeramaileak nabarmendu duenez. 2023ko deialdian, Aldundiak 8 proiektu esperimental babestu zituen guztira, EHU/UPV, Zubigune, Asmoz, EDE edo Gizabidea bezalako erakundeak buru zirela, eta 11 esplorazio-proiektu, non Athlon, Zabalduz, Oreki, APTES, Zermik, Iraurgi Lantzen edo Bizipoz bezalako agenteek parte hartu zuten. VII. Euskararen Erabilera Plana Diputatuen Kontseiluak Euskararen Erabilera Plana onartu du, baita ere, gaur egindako bilkuran. 2023-2027 epeari dagokion dokumentu honek Foru Aldundian euskara lan hizkuntza izateko erronkak eta helburuak jartzen ditu eta foru erakundearen baitan indarrean egongo den zazpigarren plana da. “Aurreko urteetan egindako lanak oinarri sendo bat eskaintzen dio Aldundiari, plana garatzeko eta proposatzen diren neurriak gauzatzeko. Euskara foru administrazioan komunikazio, zerbitzu eta lan hizkuntza izan dadin lan egiten jarraitzeko tresna izango da”, aurreratu du Berasaluzek. Foru bozeramaileak aurreratu duenez, langileen %96k egiaztatuta dauka dagokion hizkuntza eskakizuna eta horrek “abiapuntu sendoa” eskaintzen dio Aldundiari, behin hizkuntzaren ezagutza hedatuta, datozen urteetan euskararen erabileran “jauzia” eman ahal izateko. Horrela, foru erakundearen 2024-2027 Plan Estrategikoan jasotako helburuetako batean aurrera egiteko aukera eskainiko du Euskararen Erabilera Planak: erakunde mailan, Aldundiaren jarduera euskaratik eta euskaraz izatea. Euskararen VII. Erabilera Planak ezartzen duen xedea da foru administrazioa epe laburrean euskararen ezagutza unibertsalizatu eta erabilera lehenetsiko duen erakundea izan dadin lan egitea eta, epe ertainera begira, berriz, “dauzkagun arauetatik abiatuta, datozen urteetan Aldundia euskararen arnasgune soziofuntzional” bihurtu dadin sustatzea. Zeregin horretan, Berasaluzek sakondu duenez, “hizkuntza eskubideen bermeak gidatuko du” Aldundiaren jarduera, “ziurtatuz herritarren hizkuntza aukera errespetatzea, bereziki, administrazioarekin dituzten harremanetan”. Horretarako, euskarak bizi duen egoera soziolinguistiko “desberdin eta desorekatua” kontuan izanda, Aldundiak “lehentasunez” erabiliko du euskara, “eredugarria eta erreferentziazkoa” izateko administrazioari dagokion ardura betez. Norabide horretan, foru bozeramaileak xehetu duenez, Euskararen Erabilera Planak lau erronka nagusi ezartzen ditu. Lehenik, ezagutzan egindako aurrerapena “sortze hizkuntzan islatzea”, hau da, euskarak foru erakundearen lan hizkuntza gisa duen pisua areagotzea. Bigarrenik, Aldundiko arduradun politiko eta teknikoen “lidergoa” bultzatzea, langileen, herritarren, udalen eta eragile sozioekonomikoen aurrean “euskararen aldeko jarrera proaktiboa” izan dezaten. Hirugarrenik, kudeaketarekin lotutako lan tresna eta lan prozedura guztietan hizkuntzen kudeaketa zehar lerro gisa txertatzea. Eta, azkenik, “kontratazio publiko arduratsuaren” bidez hizkuntzaren normalizazioan eragingo duten “hizkuntza klausula egokiak” garatu eta txertatzea, genero berdintasunean, arlo sozialetan edota ingurumenean egiten den moduan.

16:18

Oharra

Azpitituluak sistema automatiko baten bidez sortu dira. Zerbitzuaren kalitatea eta fidagarritasuna hobetzeko lan egiten badugu ere, kontuan izan transkripzioan akatsak egon daitezkeela.

Webgunean bideoa txertatu

Bideoa deskargatu

Bideoa kalitate desberdinetan eskaintzen dizugu: HD, 720, 576 eta 240. Aukeratu behar duzun kalitatea eta deskargatu bideoa.

Kalitatea

Transkripzioa deskargatu

Bideoaren transkripzioak, automatikoki sortutakoak, eskura dituzu. Aukeratu nahi duzun formatua.

Formatuak

Itzulpena deskargatu

Bideoaren itzulpenak, automatikoki sortutakoak, eskura dituzu.

Erlazionatutako bideoak