Gobernantzako diputatu Irune Berasaluzek, Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko zuzendari Josu Idigorasek eta Josu Mañarikua ofizialak 2024ko ekitaldiari dagokion jardueraren balantzea aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan. Azaldu dutenez, “eskakizun operatibo handiko urtea izan da zerbitzuarentzat, ekitaldia 3.370 esku hartzerekin itxi baitu, 2023an baino % 10 gehiago, hain zuzen, azken urteetako erregistrorik altuenetako bat. Jarduera bolumen horrek esan nahi du Gipuzkoako suhiltzaileen parke bakoitzak gutxienez esku-hartze bat egin duela egunean”. Berasaluzek azpimarratu du igoera horrekin batera erantzun eraginkorra eman dela, jarduteko denbora optimoei eutsiz eta zerbitzuaren gaitasun operatiboa berretsiz.