2025·10·02
Blue Expedition ekimenak geldialdia egingo du Pasaian, Santanderren eta Avilesen, herritarrak sentsibilizatzeko eta itsas eragileak itsasoaren defentsan aktibatzeko jarduera-programa komun batekin.
Proiektuak Blue Ambassadors sarea sortzea bultztuko du. Sarea gero eta erakunde eta herritar gehiagok osatzen dute, eta ozeanoak, ekonomia urdina eta etorkizun jasangarriagoa zaintzeko konpromisoa hartzen dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, Blue Point proiektu europarraren baitan, Blue Expedition kanpaina jarri du abian, itsas plastikoen inbasioa geldiarazteko sentsibilizazio kanpaina europarra.
"Itsas plastikoen inbasioa geldi dezagun" lelopean, espedizioak Kantauriko hiru portutan geldialdia egingo du: Pasaian (urriak 9-12), Santanderren (urriak 16-19) eta Avilesen (urriak 23-26). Herri bakoitzean, MATER itsasontzi museo ekoaktiboak eta kaian jarritako karpa batek lau eguneko doako programa bat hartuko dute, ikasle, familia, herritar eta itsas eragileentzat.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Trantsizio Ekologikoko zuzendari Mónica Pedreirak nabarmendu duenez, “Gipuzkoatik gidatzen dugu Pasaian abiatzen den espedizio hau, itsasoa gure nortasunaren parte delako eta itsas plastikoen aurkako borrokan abangoardian egon nahi dugulako. Ozeanoak gure altxor natural handiena dira, eta plastikoen inbasioak haien biodibertsitatea eta etorkizuna mehatxatzen ditu. Blue Point proiektuarekin eta Blue Expedition ekimen honekin beste urrats bat eman nahi dugu: hondakin horiek aukera bihur daitezkeela erakustea, itsasoa babestuko duen eta, aldi berean, gure komunitateetan ekonomia urdina eta enplegu-aukera berriak bultzatuko dituen balio-kate jasangarria sortuz”.
Bestalde, Izaskun Suberbiola MATER itsasontzi museo ekoaktiboaren zuzendariak adierazi duenez, “MATER kontzientzia pizteko gela flotatzailea da. Blue Expedition proiektuarekin Kantauriko hiru portutara eramaten dugu mezu hau, itsasoa zaintzea guztion lana dela erakutsiz”.
Jaialdi urdin bat ataka bakoitzean
Blue Expedition jaialdiak geldialdi bakoitzean erakusketa interaktibo bat, familia-tailerrak, MATERera bisita gidatuak, proiekzioak, itsas hondakinen bilketak, plastikoekin egindako sorkuntza artistikoak eta itsas sektoreko eragileentzako jarduera esklusiboak eskainiko ditu.
Pasaian, espedizioaren lehen geldialdian, honako hauek nabarmentzen dira:
Blue Ambassadors: itsasoaren defentsarako sarea
Blue Expeditionek itsasoarekin lotura handiena duten agenteak ere aktibatu nahi ditu, Blue Ambassadors sarea bultzatzeko. Sare hori kofradiek, klub nautikoek, GKEek, enpresek eta ozeanoak babesteko konpromisoa duten erakundeek osatzen dute.
Blue Ambassador bihurtzea itsasoaren zaintzarekin konpromiso aktiboa hartzea da, jardunbide egokiak ikusaraztea eta sarean lan egitea plastikoen inbasioari irtenbide bateratuak bilatzeko. Konpromiso Urdina sinatzea une sinbolikoa izango da erakundeak eta herritarrak mugimendu horretan parte hartzeko. Helburua da familia urdinaren argazki bat sortzea, lurraldearen batasuna erakutsiko duena itsaso bizi baten defentsan.
Herritarrek aukera izango dute, halaber, urriaren 12an, igandea, Pasaian Konpromiso Urdin hori ikusteko. Ekitaldi horretan, BIO eta ZABOR erraldoiekin batera, konpromiso horren irakurketa egingo da, publikoari irekitako jai ekitaldi batean, itsasoaren defentsaren aldeko konpromisoa ere erakutsi ahal izan dezaten.
Sare horren sorrera ez da espedizioan amaitzen: hemendik aurrera, Blue Ambassadors gisa batzen diren erakundeek dinamika esklusiboetan parte hartu ahal izango dute, esperientziak partekatu, aliantzak sortu eta jasangarritasunean, ekitatean eta errespetuan oinarritutako itsas kultura berri baten bozgorailu bihurtu.
Donostia, 2025eko urriak 2a