Aldundiak diktaduraren goratzeak indargabetuko ditu

Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak adostu du gaur diktadura goratzearekin zerikusia duten hainbat aintzatespen, ohore eta sari indargabetzea

-ren irudia
 Aldundiak diktaduraren goratzeak indargabetuko ditu

Aldundiko Kontseiluak erabaki du gaur indarrik gabe uztea eta kentzea jarraian zehazten diren aintzatespenak, ohoreak eta sariak, Francisco Franco Bahamonderen diktadura goratzearekin zerikusia dutenak. Hainbat neurriren artea, aipagarrienak dira: Francori emandako Probintziako seme kutunaren titulua kentzea, 1939ko uztailaren 1eko erabakiaren bidez onartu zena; eta Francoren Aldundiko ohorezko presidente izendapena kentzea, 1945eko uztailaren 23an onartu zena. Hauekin batera, diktadura frankistaren garaian eman ziren bestelako aintzatespen, ohore eta sariak ere kendu dira, baldin eta balio demokratikoekin eta oinarrizko eskubide eta askatasunekin argi eta garbi bateraezinak badira, eta altxamendu militarra, gerra edo diktadura goratzea edo goraipatzea badakarte.

Mendozak azaldu duenez, 2022ko apirilean, Memoria Demokratikoaren Legea onartu aurretik eta legeari aurrea hartuta, Aldundiak ikerketa lan bat egiteko eskatu zion Iñigo Imaz Martínez historialariari. Lan horren helburua zen Francisco Franco Bahamonde jeneralaren diktadura erregimenaren alde 1937 eta 1975 bitartean egindako izendapenei eta pertsona edo talde esanguratsuei emandako beste ohorezko titulu batzuei buruzko erreferentzia dokumentalak bilatzea. Txosten hori 2022ko irailean jaso zen, eta Batzar Nagusiekin partekatu zuen Aldundiak.

“Txostena arretaz aztertu eta dagozkion kontsultak egin ondoren, Aldundiak egokitzat jotzen du aldi horretan emandako aintzatespen, ohore eta sari batzuk kentzea, Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Legeak ezartzen duenaren arabera”, zehaztu du. Ohoreak jaso zituzten pertsona guztiak hilda daude, eta  beraz ez da beharrezkotzat jotzen entregatu zitzaizkien objektuak itzultzea, hala nola dominak edo aginte makilak. Bestalde, txosten horretan hainbat plaka edo busto aipatzen dira; elementu horiek jada kenduta daude edo aurretik jardun da horien inguruan. “Gipuzkoako Foru Aldundiak apustu sendoa egin du Gipuzkoako lurralde osoan oroimen historikoa berreskuratzeko, zabaltzeko eta datozen belaunaldiei helarazteko, betiere biktimek egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko duten eskubidea bermatuz”, laburbildu du Mendozak.