Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundiak lan-ingurune eraldatzaileak sustatzeko darabilen politika partekatu du europako lan-mahai batean

Gipuzkoako Foru Aldundiak lan-ingurune eraldatzaileak sustatzeko darabilen politika partekatu du europako lan-mahai batean

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Oreka Departamentuak, Ekonomia Sustapeneko zuzendari Antton Tomasenaren bidez, lan-mahai batean parte hartu du: "Public policies to stimulate, resource and sustain workplace innovation: European evidence and experience".

-ren irudia

2016ko maiatzaren 11n eta 12an izan zen lan-mahaia, Londresen, Acas erakundearen egoitzan, Europar Batasunak babestutako proiektu baten barruan. Lan-ingurune eraldatzaileak sustatzeko politikak ezartzen erreferentzia diren beste herrialde eta eskualdeko batzuetako ordezkariak ere izan ziren bertan (esaterako, Gipuzkoakoak).

Ekimena UK WON sareak antolatu zuen, eta Peter Totterdillek zuzendu; Workage proiektuaren barruan dago. Proiektua Europar Batasunak finantzatzen du, eta Nottingham Trent unibertsitateak zuzentzen. Elkarrizketa sortu eta ezagutza eta esperientziak trukatu nahi ditu lan egiteko modu, toki eta testuinguruen eraldaketa bultzatzen, indartzen eta sustatzen duten eskualde- eta estatu-politikei buruzko jardunbide egokiak dituzten eskualde eta herrialdeen artean, baita Europako gainerako herrialde eta eskualdeetara transferi daitezkeen jardunbideak identifikatu ere. Landu den beste alderdi bat izan da ikustea zer eragin duten politika horiek ongizatearekin, konpromisoarekin eta erretiro-prozesuetan adina kudeatzeko moduarekin erlazionatutako programetan.

Gipuzkoak ez ezik, Eskoziak, Belgikak, Frantziak, Finlandiak eta Alemaniak ere hartu dute parte lan-jardunaldian; Europako Batzordeak ere bat egin du, baita Erresuma Batuko Pentsioetako lehen ministro Ros Atlmann baroisak ere.

Ekonomia Sustapeneko zuzendari Antton Tomasenak azaldu du zer estrategia eta programa garatzen ari den Gipuzkoa lan-ingurune eraldatzaileen barruan, eta kontzeptu hauek dakartzala: partaidetza, ikaskuntza, pertsonetan oinarritutako antolaketa-eredu berriak, kalitate oneko enpleguak, enpresen eraldaketa, industria/zerbitzu aurreratuak, pertsonekin erlazionatutako lurralde-garapen eta -konpromisoa, enpresak/erakundeak eta lurraldea. Hori guztia Foru Aldundiak martxan jarritako Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan dago, eta kudeaketa-planaren babesean.

Jardunaldiak oso erabilgarria izan dira elkarrengandik ikasteko, eta parte hartu duten herrialde eta eskualdeekiko harremanak indartu dira, martxan jarritako politikak ezartzeko eta garatzeko, ezagutza transferitzeko eta partekatzeko, eta lankidetza-sareak garatzeko.

Lan-ingurune eraldatzaileak lehentasunezko lan-ildoa dira Europar Batasunean, haren ustez aukera ematen dutelako zehaztutako helburu politikoak lortzeko; izan ere, hauek jasotzen ditu kontzeptu beraren pean: ekoizgarritasuna, berrikuntza eta eraldaketa (antolaketa-ereduak, produktua, zerbitzuak, lurraldea), eta pertsonen, enpresen/erakundeen eta lurraldearen ahalduntzea eta gaitasunak.