Menu nagusira joan Eduki nagusira joan

Garapenerako
lankidetza

Mugiarazten gaituzten ideiak

 

Mundua aldatzeko helburuak

2015eko abenduan, Nazio Batuen Erakundeak Garapen Jasangarriaren Helburuak (GJH) onartu zituen. Helburuok lehendik onartuta zeuden Milurtekorako Helburuak ordeztu zituzten, eta 2030 arteko mundu agenda berri bat abiarazi zuten.

GJHan iparrorratz bat bezalakoak dira: 17 helburu nagusitara begira daude, eta helburu horiek injustizia ezabatzera, giza eskubideak defendatzera eta Planeta babestera zuzenduta daude. GJHak modu globalean uztartuta ulertu behar dira: ez da posible justiziarik bakerik ez bada, ezta bakea ere giza eskubiderik gabe, berdintasunik gabe, ingurumenarekiko errespeturik gabe. Hauek dira 17 helburuok:

17 objetivos de desarrollo sostenible

Lehendik zeuden Milurtekorako Helburuen aldean, GJH hauek errotiko aldaketa dakarte Garapenerako Lankidetza ulertzeko moduan. Aldaketa nagusietako bat da aplikazio unibertsaleko helburuak direla. Dagoeneko ez dira bakarrik garapen bidean dauden herrialdeen arazoa. Enplegu duinari buruz ari bagara, ezin diegu eskakizun hori garapen bidean dauden herrialdeei bakarrik eskatu; ez, gure herrialdeei ere eskatu behar diegu, agenda honek injustizien eta desberdintasunen kausei heldu nahi baitie errotik.

Garapenerako Helburu Jasangarriak ez dira derrigorrezkoak Lankidetza Deszentralizaturako (estatu mailatik behera gauzatzen den lankidetzarako, alegia: aldundi, udal, autonomia erkidego eta abarrek bultzatua), konpromisoa Espainiako Gobernuari dagokiolako. Baina, hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere egiten ditu GJHak eta horiek lortzeko borondatea adierazten du, GFAren 2015-2019 Marko Estrategikoan jasota dagoen bezalaxe.

GJHei buruz gehiago jakin nahi baduzu: http://www.un.org/sustainabledevelopment/es/

Marko estrategikoa

Gipuzkoako gizartea, GFAren bitartez, aspalditik dago konprometitua Garapenerako Lankidetzarekin. Lankidetza honen oinarriak ezartzeko egin da Garapenerako Lankidetzaren 2015-2019 Jarduketa Marko Estrategikoa.

Marko estrategiko honek jartzen ditu, hain zuzen ere, GFAak lideratutako politikak eta proiektuak eraikitzeko oinarriak. Ikusi dugun bezala, GJHek ibilbide orri zabal eta transbertsal bat marrazten dute lankidetzaren arlorako, baina ezin dugu egin denetik eta leku guztietan. Horregatik, GFAk erabaki du batik bat ardatz hauek hartzea langai nagusi gisa:

  • Pobreziaren aurkako eta lan duinaren aldeko lana.
  • Giza eskubideen aldeko borroka, batez ere kolektibo zaurgarrien (emakumezko, ume, LGTBI, errefuxiatu edo desgaituen) eskubide zibil eta askatasunen alde.
  • Genero berdintasunaren defentsa eta sustapena.
  • Kultura aniztasunaren defentsa, gizartea eraldatzeko lanabes gisa.
  • Ingurumen jasangarritasunaren defentsa.
  • Tokiko garapen eta gobernagarritasunaren sustapena eta lurralde erakundeen sendotzea.

Gipuzkoa ordezkatzen dugu

GFAk gipuzkoarrak ordezkatzen ditu nazioarteko lankidetzan ari diren beste erakunde eta antolakundeetan:

  • Garapenerako Lankidetzaren Erakunde arteko Batzordea eta Kontseilua; bi erakundeok Eusko Jaurlaritzaren Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziakokoak dira, eta garapen politikak planifikatzea eta kudeatzea dute xede.
  • Euskal Fondoa, Euskal Toki Entitate Kooperatzaileen Elkartea; elkarte honek euskal udal eta toki erakundeen lankidetzarako ekintzak koordinatzen eta bultzatzen ditu.
  • (H)ABIAN 2030: gizarte eraldaketarako Hezkuntzaren euskal Estrategiaz arduratzen dena.