Topaketak > Komunitate izaeraren eta balioen eragina Gipuzkoaren etorkizunean: Demokrazia, Lehiakortasuna, Babes sistema, Aniztasuna.

1. JARDUNALDIA

Komunitatea eta demokrazia: etorkizunera begirako ikuspegia Gipuzkoatik

 Ekitaldia ospatua

Gipuzkoa izaera komunitario indartsuko lurraldea dela esan ohi da. Ezin da ulertu gure lurraldea, ekonomian, hezkuntzan, euskalgintzan, gizarte babesean, kiroletan edota herrigintzan, esate baterako, garatu diren egitasmo komunitario eta eraldatzaileak kontuan izan gabe.

Baina indibidualismoaren eta globalizazioaren garaiotan Gipuzkoa ez da irla bat. Beraz, komunitatearekiko konpromiso eta lankidetza kultura ahultzen ari direnean, nola lortuko dugu merkatu globalean lehiakorrak izaten jarraitzea?, nola lortuko dugu geure nortasun kulturala eta aniztasuna kudeatzea? nola lortuko dugu ezberdinkeriei aurre egin eta behar dugun ongizate maila bat garatzea? eta, batez ere, nola lortuko dugu sistema demokratikoa mantentzea?

Gipuzkoa hitzaren lehen aipuaren milurtekoaren testuinguruan, komunitate gisa ditugun erronken inguruan hausnartu eta galdera hauei erantzuten ahaleginduko gara, “ Komunitate izaeraren eta balioen eragina Gipuzkoaren etorkizunean: Demokrazia, Aniztasuna, Babes sistema, Lehiakortasuna” jardunaldi zikloan.

Lehen irekiera jardunaldian, zikloaren marko nagusia finkatzeaz gain, komunitate izaeraren eta demokraziaren arteko loturez, eta, bereziki Gipuzkoako errealitateaz eta erronkez jardungo dugu.

Horrelakoa izan zen jardunaldia

Zure hausnarketak entzun nahi ditugu

Komunitategintzari buruz herritarrek zein adituek esateko dutena entzutea eta jasotzea dago jardunaldi ziklo honen muinean. “Komunitatea eta demokrazia: etorkizunera begirako ikuspegia Gipuzkoatik” jardunaldian hizlariek azaleratu zituzten gaien inguruko zure hausnarketa, iritzi, kezka eta proposamenak ezagutu nahi ditugu, nagusiki galdera hauei erantzunez: Komunitatearekiko konpromiso eta lankidetza kultura ahultzean, nola lortuko dugu lehiakorrak izaten jarraitzea, geure nortasun kulturala eta aniztasuna kudeatzea, eta, ezberdinkeriei aurre eginez behar dugun ongizate maila garatzea? Eta, batez ere, nola lortuko dugu sistema demokratikoa mantentzea?

Parte-hartzaileak

Pablo Oñate Rubalcaba

Balentziako Unibertsitatea

Politika Zientziaren eta Administrazioaren katedraduna Valentziako Unibertsitatean. Zuzenbidean lizentziatua eta Politika Zientzietan doktorea, hauteskunde sistemak, alderdiak eta portaera demokratikoa ikertu ditu. Argitalpen ugari egin ditu eta nazioarteko hauteskunde prozesuetan aholkulari gisa dihardu.

Andoni Eizagirre Eizagirre

Mondragon Unibertsitatea

Filosofian doktorea, eta, Politika eta Administrazio Zientzietan lizentziatua. Mondragon Unibertsitateko irakasle doktorea. Kooperatibismoan eta gizarte berrikuntzan aditua. PRAXIS taldeko ikerlaria.

Lorea Agirre Dorronsoro

JAKIN

Informazio Zientzietan lizentziaduna, antropologoa eta idazlea. Kazetaria Argian, Euskaldunon Egunkarian eta Berrian. Euskararen, feminismoaren eta euskal kulturaren alorretan ikertzailea Mondragon Unibertsitatean (Sorguneak). 2014tik Jakin aldizkariko zuzendaria.

Xabier Retegi Aiastui

Mondragon Unibertsitatea

Irakasle eta Goi Eskola Politeknikoko zuzendaria izan zen, hezkuntza kooperatiboaren ereduaren hasierako bultzatzaile nagusietako bat. Berrikuntza akademikoan eta kudeaketan erreferente, unibertsitatea sendotu zuen Euskadiko prestakuntza tekniko eta sozialaren aitzindari gisa.

Ainhoa Novo Arbona

EHU

Irakasle agregatua Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), federalismoan eta genero-ikasketetan espezializatua. Maila Anitzeko Gobernantza Ikerketa-taldeko ikertzailea. EHUko Ikasketa Feminista eta Generoko doktorego-programaren koordinatzailea.

Patxi Juaristi Larrinaga

Euskal Herriko Unibertsitatea

Soziologian doktorea. Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Politika eta Administrazio Zientzia Sailean irakasle titularra. Euskal kultura, euskaldunen balio, euskara, eta memoria historikoaren alorretan ikertzailea. Euskaltzaindiako euskaltzain urgazlea.