Menu nagusira joan Eduki nagusira joan

Basa animaliak
eta landareak

Liztor asiarraren aurkako protokoloa

Liztor asiarrari edo Vespa velutina intsektuari aurre egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuak ondorengo lan protokoloa prestatu du Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikaziorako Departamentu, Gipuzkoako Erlezainen Elkarte, udal eta Landa Garapenerako Elkarteen eragile batzuekin batera.

Intsektuaren ziklo biologikoan oinarrituta, protokoloa lau ataletan banatzen da:

  1. Liztor asiarraren erreginak
  2. Liztor asiarraren lehen habiak(Primarioak)
  3. Liztor asiarraren insektuak urtan zehar
  4. Liztor asiarraren behin betiko habiak(Bigarren habiak)

Liztor asiarrari aurre egiteko jardunak gune urbanoetan zein ez urbanoetan gauzatzea proposatzen da; lekuan lekuko eragileek erabakiko dute protokolo honetan esaten dena bururaino eramatea ala ez.

Eragileak herritarrari informazioa eman nahi badio jarduna egiten duen eremuan - eskoletan, parkeetan, etab.

Liztor asiarraren erreginak

Liztor habia bakoitzak ehunka erregina sortzen ditu udazkenean. Erregina horiek babesean gordeta pasatzen dute neguko garai zailenak. Eguraldiaren baldintzak aldatzen direnean, erreginak lehen habia egiten hasten dira eta zeregin horretarako material eta elikagai bila ibiltzen dira batetik bestera. Garai hori udaberri hasiera da (martxoa eta maiatza bitartean, baina aldakorra klimatologiaren arabera).

Erreginak udaberri hasieran harrapa daitezke; erregina galduz gero, habiako bizidunak galduta daude eta ziklo biologikoa moztuta geratuko da. Beraz, bigarren habian daudenen kopurua murriztu egingo da eta, ondorioz, kalteak gutxitu egingo dira.

Tranpak erabiliko dira erreginak harrapatzeko. Baina betidanik gure lurretan bizi izan diren beste intsektu batzuk ere erortzen dira gailu horietan, eta kontuan hartu behar da horiek ere beren funtzioa betetzen dutela naturan; beraz, kalte kolateralak saihestu behar dira ahal den heinean. Tranpak jartzearen ardura jarduna egiteko asmoa duen erakunde eragilearena izango da, hots, udal, mankomunitate, eta erlezain elkarteena, besteak beste. Garrantzitsua da eragile ezberdinen arteko harremana eta koordinazioa lantzea, eta inoiz ez da jarriko kontrolik gabeko tranparik.

Tranpak jarriko duen erakunde eragileak Gipuzkoako Foru Aldundiko Basanimalien eta Landareen Zerbitzuko arduradunaren baimena izan behar du.

Tranpak jartzen dituen erakunde eragileak identifikatu egin behar ditu tranpa guztiak, hau da, udal, erlezain elkarte, edo dena delakoaren izena jarriko dio tranpa bakoitzari.

Erlategien inguruan erregina berriak ikusten hasten direnean, Gipuzkoako Erlezain Elkarteak (GEE) erreginak harrapatzeko tranpak jartzeko eta kentzeko datak proposatuko dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiko Basanimalien eta Landareen Zerbitzuko arduradunari; proposatutako datak ezberdinak izan daitezke kostan edo barnealdean.

Basanimalien eta Landareen Zerbitzua GEEaren proposamenean oinarrituko da, besteak beste, erakunde eragileak tranpak jartzeko egindako baimen eskariari oniritzia emateko garaian.

Tranpak jartzeko asmoa duten eragileak –udalak, mankomunitateak, erlezain elkarteak, etab.- helbide honetara zuzenduko dira baimena eskatzeko:

Basanimalien eta Landareen zerbitzua

Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentua

943 113948
 

Honako datuak eskatuko zaizkio tranpak jartzeko eskaera egiten duen eragileari:

  • Erakunde edo elkartearen arduraduna.
  • Erakunde edo eragilearen eta arduradunaren datuak: izen abizenak, NA, helbidea, harremanetako telefonoa eta posta elektronikoa.
  • Tranpak jarriko diren tokien erreferentzia: herria eta lekua. Erlezainen kasuan, GFAko datu basean alta emanda dauden erlatokien datu berberak eskatuko dira.
  • Leku bakoitzean jarriko diren tranpa kopurua.
  • Tranpak noiz jarri eta noiz kenduko diren (martxoaren 1etik apirilaren 30eko tartean)
  • Basanimalien eta Landareen Zerbitzuak, baimena ematerakoan, betebehar hauek exijituko dizkio eskaera egin duen eragileari:
  • Tranpak eragilearen izenarekin edo logotipoaren bidez identifikatuta jartzea (udalaren izena, erlezainen elkartearen izena, ..)
  • Erakunde edo elkartearen arduraduna.
  • Tranpak baimendutako denboraldian soilik jartzea eta harrapaketa bukatu bezain pronto kentzea.
  • Tranpak gutxienez astean behin errebisatzea
  • Tranpak errebisatzerakoan erreginen kopurua apuntatzea.

Erreginak harrapatzeko baimena eskatu duen eragileak, harrapaketa bukatu ondoren, informazio hau bidali behar dio Basanimalien eta Landareen Zerbitzuari:

  • Baimenaren datuak: erakunde eragilearen izena eta tokien erreferentzia
  • Harrapaketaren emaitzak

Intsektu espezie batzuen egoera tamalgarria dela eta, tranpak jartzerakoan ahalegin guztia egin behar da kalterik ez eragiteko beste intsektu batzuei. Adibidez, betidanik gure lurraldean bizi izan den Vespa crabro liztortzarra negutik maiatzera bitartean irteten da eta garrantzitsua da tranpetan ez harrapatzea.

Bereziki garrantzitsua da erreginak harrapatzeko tranpak jartzea liztorren jazarpen handia dagoen erlategien inguruan, gune urbanoetan, eta iraganean liztor habia asko izan den guneetan.

Erreginak harrapatzeko erabiliko diren gailuak norberak egindakoak edo komertzialak izan daitezke, beti kontuan hartuta beste intsektu espeziengan ahal den eragin kaltegarri gutxien sortu behar dutela. Beraz, tranparen formek, sarrera- irteeren neurriek, eta abarrek erraztu egin behar dute helburu ez diren intsektuen irteera.

Erreginak harrapatzeko gailuetan garagardoa, ziropea, produktu komertzial bereziak, eta antzekoak erabiliko dira erakargarri gisa. Erakargarri modura, komenigarri da liztor asiar batzuk ere sartzea.

Komunikabideetan ez da propagandarik egingo erreginak harrapatzeko tranpen inguruan, eta ez da kontrolatu gabeko tranparik jarriko. Erlezain elkarteak tranpak jartzeari buruzko heziketa eta gomendioak zabalduko ditu erlezainen artean. Bestalde, garrantzia berezia eman behar zaio eragileen arteko harremanari (erlezainen eta udalen artekoa, eta abar).

Liztor asiarraren lehen habiak(Primarioak)

Liztor asiarraren zikloan, erreginak sortuko duen lehen estruktura da; erreginak arrautzak jarriko ditu bertan, eta horietatik sortuko diren larbei elikagaiak eman ondoren, garatuz joango dira lehen intsektu helduen talde txikia izatera ailegatu arte. Zikloaren zati hori martxotik maiatza bitartean gertatuko da eta eguraldiaren arabera gertakizunak aurreratu edo atzeratu egingo dira. Hilabete batzuk igaro ondoren, lehenengo habiako intsektu talde horrek tokiz aldatuko du eta behin betikoa izango den bigarren habia bat eraikiko dute; habia horretan intsektu kopurua handitu egingo da, 1800-2000ko taldea osatzeraino. Lehen habiak eragingo dituen kalteak ez dira handiak izango, baina bai, ordea, behin betikoak sortuko dituenak. Beraz, lehen estruktura horiek suntsitu egin behar dira ahal den neurrian.

Erreginek edozein toki hautatzen dute lehen habia eraikitzeko, sarritan pertsonen inguruko eraikinak -biltegiak, txabolak, teilatu azpiak, eta abar – eta baita zuhaitzak ere.

Lehen habiak apiriletik maiatzera bitartean bistaratuko dira, eta habien agerpena aurreratu ala atzeratu egingo da eguraldiaren arabera. Habia primarioak neurriz eta intsektu kopuruz txikiak direnez, sarritan baliabide gutxi batzuk behar dira haiek suntsitzeko.

Lehen habiak deuseztatzeko balizko kanpainaren antolaketaren ardura tokian tokiko eragilearena izango da, hots, udal, mankomunitate, eta abarrena; halaber, komenigarria da eragileek kendu dituzten habia primarioen datuak jasotzea.

Lehen habiak deuseztatzeko kanpainaren jarduna habiaren morfologiaren ezagupenean oinarritu behar da, hots, beste espezieek duten habiengandik bereizten jakitean; hartarako, eskura dauden baliabide guztiak erabiliko dira - triptikoak, herriko aldizkariak, eta abar - . Halaber, kanpaina aurrera eramateko erabili ditzakegun metodoak eta horiek izan ditzaketen balizko arriskuen berri ere eman behar da.

Liztor asiarraren insektuak urtean zehar

Liztor asiarraren ziklo biologikoari jarraituz, lehen habian jaio diren intsektu talde txikiak habia uzten du eta bigarren toki batean beste habia bat eraikitzen hasiko da. Bigarren estruktura hori behin betiko habia izango da. Habia etengabe handitzen jarraituko dute liztorrek, eta erregina, era berean, ehunka arrautza jartzen arituko da; habia 1800 – 2000 intsektu edukitzera ailegatuko da bere une garatuenean. Ziklo biologikoaren etapa horretan liztorrek elikagaien behar handia dute, gluzido eta proteinena batez ere; hortik dator sortzen duten kalte ikaragarria.

Liztorren populazioa eguraldiari lotuta dago; halaber, liztorrek sortzen dituzten kalteak handiagoak dira liztor populazioa handitzen den heinean. Liztorren erasoak uztailean hasten dira; abuztua, iraila eta urria dira garai gogorrenak, eta ia abendua arte iraun ditzakete.

Liztorrak harrapatzeko metodoak erreginak harrapatzeko erabiltzen ditugun berberak dira, baina tranpetan erabiltzen den erakargarria aldatu egiten da. Liztorrek proteina asko behar dute udaran.

Liztorrak tranpen bidez harrapatzeko arrazoiak era askotakoak izan daitezke:

  • Erlatokietan: erleengan egiten duten presioa gutxitzeko.
  • Behin betiko habia bat suntsitzen denean - adibidez, habia tirokatu ondoren -, kanpoan geratzen diren liztorrek gizakiarentzat arriskua sor dezaketelako.
  • Segurtasun arazoak: intsektuak ikusten ditugunean, baina habiaren kokapena ikustea ezinezkoa zaigulako.

Tranpak erabiliko dira liztor asiarrak harrapatzeko. Baina betidanik gure lurretan bizi izan diren beste intsektu batzuk ere erortzen dira gailu horietan, eta kontuan hartu behar da horiek ere beren funtzioa betetzen dutela naturan; beraz, kalte kolateralak saihestu behar dira ahal den heinean.

Tranpak jartzearen ardura jarduna egiteko asmoa duen erakunde eragilearena izango da, hots, udal, mankomunitate, eta erlezain elkarteena, besteak beste. Garrantzitsua da eragile ezberdinen arteko harremana eta koordinazioa lantzea, eta inoiz ez da jarriko kontrolik gabeko tranparik.

Tranpak jarriko duen erakunde eragileak Gipuzkoako Foru Aldundiko Basanimalien eta Landareen Zerbitzuko arduradunaren baimena izan behar du.

Tranpak jartzeko asmoa duten eragileek –udalak, mankomunitateak, erlezain elkarteak, etab.- helbide honetara zuzenduko dira baimena eskatzeko:

Basanimalien eta landareen zerbitzua

Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentua

Honako datuak eskatuko zaizkio tranpak jartzeko eskaera egiten duen eragileari:

  • Erakunde edo elkartearen arduraduna.
  • Erakunde edo eragilearen eta arduradunaren datuak: izen abizenak, NA, helbidea, harremanetako telefonoa eta posta elektronikoa.
  • Tranpak jarriko diren tokien erreferentzia: herria eta lekua. Erlezainen kasuan, GFAko datu basean alta emanda dauden erlatokien datu berberak eskatuko dira.
  • Leku bakoitzean jarriko diren tranpa kopurua.
  • Tranpak noiz jarri eta noiz kenduko diren.

Basanimalien eta Landareen Zerbitzuak, baimena ematerakoan, betebehar hauek exijituko dizkio eskaera egin duen eragileari:

  • Tranpak baimendutako denboraldian soilik jartzea eta harrapaketa bukatu bezain pronto kentzea.
  • Tranpak gutxienez astean behin errebisatzea

Erreginak harrapatzeko erabiliko diren gailuak norberak egindakoak edo komertzialak izan daitezke, beti kontuan hartuta beste intsektu espeziengan ahal den eragin kaltegarri gutxien sortu behar dutela. Beraz, tranparen formek, sarrera- irteeren neurriek, eta abarrek erraztu egin behar dute helburu ez diren intsektuen irteera.

Erreginak harrapatzeko gailuetan garagardoa, ziropea, produktu komertzial bereziak, eta antzekoak erabiliko dira erakargarri gisa. Erakargarri modura, komenigarri da liztor asiar batzuk ere sartzea.

Liztorrak harrapatzeko tranpak jartzea bereziki garrantzitsua da liztorren jazarpen handia dagoen erlategien inguruan, gune urbanoetan, edota iraganean liztor habia asko izan den guneetan.

Komunikabideetan ez da propagandarik egingo erreginak harrapatzeko tranpen inguruan, eta ez da kontrolatu gabeko tranparik jarriko. Erlezain elkarteak tranpak jartzeari buruzko heziketa eta gomendioak zabalduko ditu erlezainen artean.

Liztor asiarraren behin betiko habiak

Liztor asiarrak, bere zikloari jarraituz eta eguraldiak baldintzatuta, maiatza aldera utziko du lehen habia eta behin betiko habia eraikitzen hasiko da. Fase horretan erreginaren lana arrautzak jartzea da, eta habiaren populazioa handitzen joango da. Habia helduaren neurria metrotik gorakoa izatera ailegatu daiteke eta bertako populazioa 2000 liztorrekoa.

Zikloaren fase horretan liztor asiarrek elikagaien behar ikaragarria dute, batez ere elikagai proteiko eta gluzidikoena, eta horregatik eragiten dituzte kalte ikaragarriak beste intsektu espezie eta abarrengan.

Liztorren populazioa aldakorra da habian. Azarotik aurrera, eguraldia hozten joaten den heinean, habian dauden larba zein intsektu kopurua jaisten joaten da.

Irailetik aurrera liztor emeak ernaltzen hasten dira, eta negura igarotzea lortzen duten eme ernalduak izango dira hurrengo urteko erregina berriak, espeziearen jarraipena ematera bideratutakoak.

Habiak suntsitzeko ardura izango duten eragileek ahal duten liztor asiarren habia gehien suntsituko dute; halaber, jardun hori egiterakoan kontuan izan behar dute ahalik eta kalte kolateral gutxien eragin behar diela beste espeziei.

Gune ez urbanoetako habiak suntsitu edo ez suntsitu erabakitzerakoan, habiaren kokapen berezia edo habiaren inguruan egon daitezkeen erlategiak hartuko dira kontuan. Erlategitik abiatu eta 1000 metroko erradioaren barnean dauden habiak kentzea proposatzen da.

Hauek dira proposamenaren zioak:

  • Erleen gaineko predazioa txikiagotzea.
  • Erlategietan dabiltzan liztor langile kopurua gutxitzea.
  • Erleen presoaldia bukatzea eta janari bilketarekin jarraitu ahal izatea.

Habiak suntsitzeko erabiliko diren erak edo metodoak bi izango dira:

  1. Aga edo pertikaren bidez.
  2. Habia tirokatuz

Aga edo pertikaren bidez

Metodoari buruz:

  • Intsektizida habiaren barnean botatzeko erabiliko da.
  • Gune urbano eta ez urbanoetan erabil daiteke.
  • Habia behar bezala suntsitu dela ziurtatu behar da; bizirik geratu diren liztorrek pertsonak ziztatzeko arriskurik ez dutela bermatu behar da.
  • Habiari intsektizida bota ondoren zegoen tokian utzi daiteke.
  • Eragileek erabakitzen badute suntsitutako habia bere kokapenetik kentzea -etxe baten sabaian, leiho batean, edo antzeko toki batean dagoelako-, habia jaso eta modu egokian desagerraraziko dute; izan ere, intsektizidaz kutsatuak daudenez ezin dira hondakin organiko modura tratatu eta, beraz, habia plastikozko poltsa lodi batean jasoko da – zulatu ez dadin- eta poltsa horri su emango zaio toki egoki batean.

Pertika erabiltzeko prozedura:

  • Lurretik egingo da lan pertika habiara iristeko moduko tokietan.
  • Deuseztatze jarduna lagun batek edo bi lagunek egingo dute.
  • Liztorrak akabatzeko produktua hauts ala likido forman erabil daiteke. Ikus: DIPTRON
  • Ahal den liztor gehienak barruan daudela jaurti behar da intsektizida habiara.
  • Intsektizida bota eta habia kokapenetik kentzea erabakitzen bada, komeni da habia 24-48 orduz uztea bertan, kanpoan zeuden eta habiara bertaratzen diren liztorrak ere hil daitezen.
  • Habia kentzea erabakitzen bada eta habia zegoen lekuan arazoak sor ditzaketen liztorrak geratu badira, behar beharrezkoa da tranpak jartzea intsektu horiek harrapatzeko.
  • Istripuak ekiditeko, lan hori egingo duten pertsonek behar bezalako heziketa izango dute.

Materiala:

Pertika erabiltzaileak material egokiaz hornitu behar dira: buzoa, eskularruak, pozoiak botatzeko tresna egokiak, intsektizida, markatzaileak, etab.

Liztorra

Prebentziozko neurriak:

  • Langileentzat nahiz beste pertsonentzat jarduera arriskutsua bada, bertan behera utziko da. Jarduerak arrisku gehigarria izanez gero, laguntza eskatu behar da, protokoloak ezartzen duen bezala.
  • Lan eremua hesitu egin behar da zintaz, konoz edo antzekoez, oinezkorik sar ez dadin.
  • Errepidetik gertu egonez gero, hura itxi eta seinaleztatu egin behar da, indarrean dagoen Zirkulazio Kodearen arabera. Behar izanez gero, Udaltzaingoaren laguntza eskatu behar da.
  • Lan eremua aztertu egin behar da eta ziurtatu arrisku gehigarririk ez dagoela, linea elektrikorik adibidez. Linea elektrikoetatik gertu lan egin behar bada laguntza eskatu behar da, protokoloak ezartzen duen bezala. Guztiz debekatuta dago linea elektrikoen inguruetan lan egitea.

Eskaileraren erabilera:

  • Esku-eskailera bat erabili baino lehen ziurtatu behar da egoera onean dagoela, eta baztertu egin behar dira segurtasun bermeak betetzen ez dituztenak.
  • Esku-eskailerek beharrezko erresistentzia izan behar dute, baita bermatzeko eta eusteko elementuak ere, haiek erabiltzean langileari arriskurik ez sortzeko; euskarriek modu seguru batean finkatuta egon behar dute (modu egonkor eta erresistente batean).
  • Fabrikatzaileak adierazitako eran eta ezarritako mugekin erabili behar dira. Ez da erabili behar bost metrotik gorako esku-eskailerarik.  Esku-eskaileratik igotzea eta jaistea aurrez aurre egin behar da, hau da, zuzen begiratuz erabiltzen ari diren luzekako langei.
  • Debekatuta dago langile batek baino gehiagok eskailera aldi berean erabiltzea.
  • Eskailera baten gainean lanean ari denean, langileak ez du urruti dagoen puntu batera iristeko ahaleginik egin behar, bere burua luzatzera behartuz, erortzeko arriskua baitu. Eskailera behar adinbat aldiz mugituko behar da.
  • Metalezko eskailerak eroale elektrikoak dira. Ez da gomendatzen halakoak erabiltzea edonolako zirkuitu elektrikoetatik gertu edo zirkuitu horiekin kontaktua egin dezaketen tokietan.
  • Eskailera bikoitzak erabiltzen badira, altueraren erdi aldera katetxo edo zinta bat izan behar dute, gehiegi irekitzea mugatzen duena.

Plataforma jasotzailearen erabilera:

  • Plataforma erabili baino lehen ziurtatu behar da sistema guztiek ondo funtzionatzen dutela eta erantsitako segurtasun gailu guztiek behar bezala lan egiten dutela.
  • Errespetatu egin behar dira eranskailuetan adierazitako arreta-neurri eta jarraibide guztiak, hau da, bastidore eramailean, besoan eta plataforman jarrita daudenetan adierazitakoak. Ez da gainditu behar gehienezko zama-edukiera nominala. Edukiera hori elementu hauen pisuaz osatuta dago: langileria, tresneria eta plataforman jarritako edo hari erantsitako elementu guztiak. Kargak modu uniformean banatu behar dira plataforma jasotzailearen zoruan.
  • Baimendutako eta behar bezala prestatutako langileek maneiatu behar dituzte lan ekipo mota horiek. Ziurtatu behar da operadoreek oso ondo ulertzen dutela plataformaren maneiua. Horretarako, nahitaezkoa da erabilera-eskuliburua irakurtzea. Ez da utzi behar baimenik gabeko inork plataforma erabil dezan.
  • Lan plataformak CE marka izan behar du, eta fabrikatzaileak emandako jarraibideen arabera erabili behar da.
  • Plataforman adierazi behar da jasan dezakeen gehienezko karga, eta baldintza hori errespetatu egin behar da, gainerako oharrak eta jarraibideak bezala.
  • Langileak beti eduki behar ditu bi oinak plataformaren zoruan, eta guztiz debekatuta dago plataformatik atera eta tarteko barretara igotzea.  Nahitaez erabili behar da norbera babesteko ekipamendua, erorketen aurkakoa.
  • Saskira igotzeko eta handik jaisteko, hark dituen baliabideak erabili behar dira; inoiz ez da salto egin behar saskitik lurrera; saskia jasota baldin badago, ez da erabili behar igotzeko gailurik edo sartzeko beste edozein sistemarik.
  • Plataforma barruan ez da erabili behar gorago igotzeko elementu osagarririk, eskailera modukorik.
  • Lurraren egonkortasuna egiaztatu behar da. Lur horizontalaren gainean bakarrik maneiatu behar da. Dena den, behar bezala erabili behar dira katu egonkortzaileak, eta egiaztatu behar da fabrikatzaileek ezarritako arauen arabera zabaldu direla; gurpilek presio zuzenean puztuta egon behar dute.
  • Maniobrak egin bitartean ez da langilerik egongo haren eragin esparruan.
  • Makina mugitzeko aginduak bete baino lehen, dorretxoaren posizioa egiaztatu behar da higidura-noranzkoari dagokionez.
  • Plataforma mugimenduaren norabidean orientatuta jarri behar da beti. Pertsona batek gidatu behar du maniobra oztoporen batek ikuspena galarazten badu. Aldez aurretik ikuskatu behar da plataforma mugitu behar den lurzorua eta, behar izanez gero, oinez egingo da azterketa.

Pertikaren erabilera:

  • Pertika muntatzen hasi aurretik ziurtatu behar da ez dagoela inor lan eremuan, istripurik izan ez dadin. Langile guztiei abisatu behar zaie zer-nolako lanak egin behar diren.
  • Arreta berezia jarri behar zaio pertikaren muturrari, arriskua baitago ebakitzeko eta kolpeak hartzeko. Segurtasun eskularruak erabili behar dira.

Produktu kimikoaren erabilera:

  • Produktua erabili baino lehen arretaz irakurri behar dira segurtasun datuen fitxa eta etiketa, eta haren argibideei jarraitu behar zaie.
  • Nahi gabeko kontaktua izanez gero, eskuak ur askorekin garbitu behar dira, 15 minutuz, gutxienez. Behar izanez gero, zipriztindutako jantziak erantzi behar dira. Nahi gabe ahoratuz gero, ezbeharra izan duen pertsona gertueneko ospitalera eraman behar da, eta, ahal bada, etiketa edo ontzia ere eraman.
  • Nahitaez erabili behar dira eskularruak, maskara, eta aurpegi babesa.

Norbera babesteko ekipamendua:

  • Liztor asiarraren aurkako jantzia: lan-jantzia, maskara, betaurrekoak, eta larruzko eskularruak.

Habia tirokatuz

Liztorra

Habia suntsitzeko asmoa duten eragileek -udala, mankomunitatea, etab.- habia eskopeta tiroz suntsitzea nahi badute, honako baldintza hauek bete behar dituzte tiratzaile taldea osatzeko:

  • Taldeetan udaltzainek parte hartu behar dute eta onartuko da horiekin batera tiratzaileak egotea.
  • Udaltzain arduradun bat izendatuko da eta taldea arduradun horren menpean egongo da. Taldekideek arma baimena eduki behar dute nahitaez, baita erabili behar dituzten armen dokumentazioa ere.
  • Udaltzain arduradunak suntsitzen dituzten habia guztien informazioa jasoko du.
  • Eragileek helbide honetan eskatu behar dute habiak suntsitzeko baimena:

Basanimalien eta Landareen zerbitzua - Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentua

Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentua

Eskaera horretan eragileak honako informazioa eman behar du:

  • Taldearen arduraduna (udaltzaina)
  • Partaideen izen-abizenak, NA, helbidea eta telefonoa
  • Udalerriaren izena
  • Jardun behar den eremua eta denboraldia
  • Eragileak, jarduera egin ahal izateko, taldekide guztiak aseguratu behar ditu.
  • Diputazioak baimena emango dio habia suntsitzeko ardura duen talde bakoitzari. Baimenak honako baldintzak jasoko ditu:
  • Baimenak liztor asiarraren habiak suntsitzeko bakarrik balioko du; ezin izango da inolaz ere tiroa beste alde batera edo beste espezie bati bota.
  • Taldekideek indarrean izan behar dute arma erabiltzeko dokumentazio guztia. Jarduera egiteko, segurtasun neurri guztiak bete behar dira eta arduradunak hori horrela egiten dela bermatu behar du; batez ere, tiratzaileentzat tiro egiteko era egokia bilatu du.
  • Habia suntsitu aurretik, arduradunak ziurtatu behar du tiratzaile guztiak ondo babestuta daudela liztor asiarren erasoen kontra.
  • Arduradunak habia behar bezala suntsitu dela ziurtatu behar du eta, halaber, bizirik geratu diren liztorrek pertsonak ziztatzeko arriskurik ez dutela bermatu behar du.
  • Suntsitutako habia guztien informazioa jaso eta bideratu beharko du arduradunak nekagip bidez.
  • Taldekideak behartuta daude habiak suntsitzeko oinarrizko heziketa egitera.

Materiala:

  • Tiratzaile guztiek erlezain buzoa eta eskularruak behar dituzte, buzoa ahal bada bi oihalekoa.
  • Eskopeta: 12-70 eta hobe 12-76. Egokienak “repetidora” eta “pajillera”, kanoiaren luzera 66 cm-koa, txokeak aldakorrak izanik, izar bat, hiru izar eta zilindrikoa.
  • Munizioa: 11/10/5 eta 1 draiak, 70-36g. eta 76-50 g.
  1. Basozainek erabiliko duten materiala erosteko eta ordaintzeko ardura Diputazioarena izango da.
  2. Eragileek antola ditzaketen habiak suntsitzeko taldeen materialak erosteko eta ordaintzeko ardura beraiena izango da.

Prozedura

  • Habia ahal bezain azkar suntsitu behar da; angelu desberdinetatik bizpahiru eskopeta batera tiroka eta tiro asko batera botata. Helburua barruan dauden ahalik eta liztor gehienak hiltzea da.
  • Ahal den liztor gehien barnean harrapatzeko, habia goizeko lehen orduan edo iluntzean suntsitu behar da.
  • Erortzen diren habia zatiak jasotzen saiatu behar da, batez ere zati handiak badira eta inguruan jendea ibiltzen bada. Zati horiek bizirik geratu diren liztorrak erakarri ditzakete. Erne ! hartu babes neurri zorrotzak.
  • Suntsitutako habia zegoen lekuan bertan (edo ahal bezain gertu) bizirik geratu diren liztorrak harrapatzeko tranpak jarriko ditugu (1 edo gehiago nahi bada). Ziztaden arriskua gutxitzeko “oso garrantzitsua da esandakoa egitea”. Ikus: ETXEKO TRANPAK
Tranparen barruan habi zatiak eta lurrera eroritako liztor batzuk sartzea da eraginkorrena. Ezin bada, garagardo pixka batek ere balio dezake (100ml). Tranpa adarretik zintzilik jartzeko kanabera edo hodi teleskopiko bat erabili daiteke.
  • Hurrengo egunean tranpa hori jaso eta suntsitu egin behar da.
  • Liztorrek ziztatzeko duten arriskuaren arabera egingo da 4. eta 5. puntuetan adierazitakoa.

Prebentziozko neurriak

  • Pertikaren metodoa erabiltzea ezinezkoa den kasuetan bakarrik erabili behar da jardunbide hori.
  • Langileentzat nahiz beste pertsonentzat jarduera arriskutsua bada, bertan behera utziko da. Jarduerak arrisku gehigarria izanez gero, laguntza eskatu behar da, protokoloak ezartzen duen bezala.
  • Lan eremua hesitu egin behar da zintaz, konoz edo antzekoez, oinezkorik sar ez dadin.
  • Errepidetik gertu egonez gero, hura itxi eta seinaleztatu egin behar da, indarrean dagoen Zirkulazio Kodearen arabera. Behar izanez gero, Udaltzaingoaren laguntza eskatu behar da.
  • Lan eremua aztertu egin behar da eta ziurtatu arrisku gehigarririk ez dagoela.
  • Tiro egin baino lehen, ziurtatu egin behar da ez dagoela inor esparruaren barruan.
  • Denak lerroan jarri behar dira, inoiz ez zirkuluan, kalterik izan ez dadin.

Norbera babesteko ekipamendua:

  • Liztor asiarraren aurkako jantzia: lan-jantzia, maskara, betaurrekoak, etalarruzko eskularruak.

Liztor asiarrari aurre egiten ariko diren eragileak

Faseak

  • Udalak, herritarren deia jasotzen duenean, aplikazio informatikoan datuak sartu eta gertakaria kudeatuko du bere baliabide propioekin edo Landa Garapenaren elkarteen bitartez. Herritarren batek SOS DEIAK – 112ra, Suhiltzaile Parkera edo beste erakunde batera deitzen badu, abisua udalari emateko esango zaio.
  • Baliabideak nahikoak ez badira, aplikaziotik – bertan sartutako datuen arabera - mezu bat bidaliko zaie suhiltzaileei (Donostiakoei edo Foru Aldundikoei) edo foru basozainei, horiek gaiaz ardura daitezen.
  • Suhiltzaileek laguntza eskatu diezaiokete udalari.

Eragileak

  • Udalak
    • Udalerriaren esparruan eskainiko du zerbitzua eta jarduna gune urbanoetan zein ez urbanoetara egingo da. Zerbitzua bere baliabide propioekin – brigadak – eta boluntarioen taldeekin edo enpresa baten bidez emango dute.
  • Landa Garapeneko Elkarteak (LGE)
    • LGEek bere eremua osatzen duten herriei eskainiko diete zerbitzua, eta jarduna gune urbanoetara zein ez urbanoetara egingo da. Zerbitzua bere baliabide propioekin -brigadak - edo enpresa baten bidez emango dute.
  • Suhiltzaileak
    • Suhiltzaileen jarduna mugatua izango da; beraien parte hartzea noiz eta nola izango den protokolo honen SUHILTZAILEAK PARTE HARTZEKO BETE BEHAR DIREN BALDINTZAK atalean dator.
  • Basozainak
    • Beraien parte hartzea gune ez urbanoetara mugatuko da. Habia suntsitzeko erabiliko duten metodoa tirokatzearena izango da. Metodo hori azken baliabide modura erabiliko da. Ikus BASOZAINEN JARDUN EREMUAK

Suhiltzaileak àrte hartzeko bete behar diren baldintzak

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentuko suhiltzaileen parte hartzea, habiak kentzeko jarduketari dagokionez, azpian jartzen diren kasuetara mugatuko da:

  • Larrialdi gisa katalogatzeko egoeraren bat gertatzen denean:
    • Ezin dira habiak neutralizatu lurretik, esku eskaileretatik edo udaletako zerbitzu, brigada edo bestelako eragileen eskura dauden makinetatik (garabiak, plataformak…), eta ez denean gomendagarri beste metodo batzuk erabiltzea (tiro, tranpak, etab.), bai habiak eraikin edo instalazioetatik gertu daudelako, bai ingurunean izan daitezkeen nahi gabeko eraginak gehiegizkoak direlako.
    • Premia handiz ezabatu behar delako, kontuan hartuta kokalekua, jarduera, osasunerako dagoen arriskua edo dagoeneko herritarrek jasandako eraginak.
    • Gabiaren edo inguruaren ezaugarri bereziak kontuan hartuta, babeserako neurri bereziak hartu behar direnean (tentsio elektrikoa, eroanbideak edo erregaien biltegiak…).
  • Eta sarbide ona duen hirigunean bertan edo hiri ingurunean daudenean, betiere ingurune horrek honako ezaugarri hauek dituenean:
    • Eraikinek multzo bat osatzen dutenean (gutxienez 3 eraikin), 100 metroko diametroa duen zirkulu batean partzialki sar daitezkeenean.
    • Gutxienez 4 metroko zabalera duen errepide edo bide asfaltatua bertara iristen denean.
    • Bi kasu horietan ez da oztoporik izango eskailera- kamioa lanerako baldintzetan berehala jarri ahal izateko eta, halaber, bermatu egin beharko da baliabideak jaso eta beste esku hartze batera joan ahal izango direla gehienez ere 5 minuturen barruan.

Beraz, habiak kentzeko ardura duten eragileek beraien baliabide propioekin habia ezin dutenean suntsitu, suhiltzaileek parte hartuko dute esandako baldintzak betetzen badira.

Habia markatzea

Udalak behin eta berriro habia berari buruzko jakinarazpena jaso ez dezan, udal ordezkaria habia ikustera joan eta dagokion erakundeak habia inaktibatu ondoren, azpian agertzen diren markak jarriko dira herritarrak erraz ikusiko duen tokian:

Marka berdea: abidua jaso da

Marka gorria: inaktibatua dago

Suntsitutako habien informazioa jasotzea eta bideratzea

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuak “Liztor asiarra” lotura prestatu du Nekagip web orrian liztor asiarraren habien informazioa jasotzeko.

Nekagip-era sartu ahal izateko, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuak “Erabiltzailea” eta “Pasahitza” emango dizkio udalerri bakoitzari. “Erabiltzailea” udalaren IFZ izango da eta udal bakoitzari “Pasahitza” berea emango dio departamentuak ( udalak liztor asiarraren larrialdietarako izendatu duen pertsonak jasoko du bere posta elektronikoan). Aplikazioaren funtzionamenduaren eskuliburua aplikazioan bertan aurkitu daiteke.

Udalek habiei buruzko informazioa jaso behar dute, gune urbanoetan nahiz gune ez urbanoetan daudenena, eta kenduko diren eta kenduko ez direnena.

Udalek jasoko duten informazioak bi erabilpen izango ditu:

  • Habiaren suntsitze prozesuaren gestioan parte hartzen duten eragileak koordinatzeko.
  • Udalak behin betiko habiak inaktibatzeko edo suntsitzeko ardura Landa Garapeneko Elkarteen –LGE – esku jartzen duenean, “erabiltzailea” eta “pasahitza” emango dizkio LGEari; horrela, udalak lehen datuak sartuko ditu Nekagip orrian – koordenadak, tokia, etab.-, eta LGEaren zeregina izango da, habia suntsitu edo inaktibatu ondoren, egindakoaren informazioa Nekagip orrian sartzea eta prozesua bukatzea. Edozelan, tokian tokiko erabakia izango da, habiak suntsitu ondoren, egindako proposamena gauzatzea edo prozesua beste era batera antolatzea. Landa Garapeneko Elkarteek ezin badute, kokapena dela eta, habia suntsitu edo inaktibatu, suhiltzaileen edo basozainen laguntza eskatuko dute Nekagip bidez, Fluxugramak markatzen duen bideari jarraituz.
  • Liztorraren hedapenaren eta gainerako gaien ikerketak egin ahal izateko, datu guztiak Neiker laborategira eta beste erakunde batzuetara bidaliko dira.

Habiak suntsitzeko jardunen bukaera

Faktore biologikoak nahiz klimatikoak, eta eragileen usteak edo iritziak aztertu ondoren, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuak bukatutzat emango du habiak suntsitzeko jarduna, gehienez ere abenduaren 20an.

Habiak suntsitzeari utziko diogun egunaren berri udal guztietako arduradunei ohiko bideetatik jakinaraziko zaie.

Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentua

Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikaziorako Departamentua