#Likezibereskubideei kanpaina 2018

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak #Likezibereskubideei kanpaina abian jarri du lurraldeko haur, nerabe eta gazteak Sarean dituzten eskubide eta betebeharren gainean sentsibilizatzeko. Honen asmoa da haurrei eta nerabeei arlo digitalean dituzten eskubide eta betebeharrez ohartaraztea, berdintasunean oinarritutako bizikidetzarako balioak izan ditzaten.

Azaroaren 20a Haurren eta Nerabeen Nazioarteko eguna izanik, harekin bat egin nahi dugu eta, Nazio Batuek onartutako Haurren eta Nerabeen Eskubideei buruzko Hitzarmenak (HEH) dioen moduan, adierazi eta agerian jarri Sarean ere eskubideak eta horiei lotutako betebeharrak dituztela.

 

Helburuak:

  • Gazteek teknologiaren erabilerari dagozkion portaera eta jarrera egokiak barneratzea; horretarako, denok erabilera okerrekiko kontzientzia hartu eta prebentzioa egin behar dugu.
  • Prebentzioa eta sentsibilizazioa, Sareko arrisku-egoeren eta norberak dituen eskubide eta betebeharren inguruan.
  • Ahalduntzea; gazteei erabilera ona egiten laguntzea. Horretarako, inplikatzea eskatuko zaie (aldarrikatzea espazio horretan daudela eta elkarrenganako errespetuaren alde daudela).
    Internet errealitate bat da, eta kanpainaren xedea da ahalik eta erabilera seguru eta osasungarriena egiten laguntzea. Sarea, berez, tresna positiboa ere bada; eta horregatik, ondo erabiltzeko bide-orriak ere eskaintzen dira kanpainaren barnean.

Interesa duen hezitzaile orok nortasun digitalari buruzko gai desberdinak landu ditzake, hainbat material eta dinamikaren bidez: irudiaren erabilera Sarean, whatsapp taldeen erabilera, online eta offline munduen arteko diferentzia, laguntasuna Sarean...

5 zibereskubideak:

Sarean beren eskubideak eta betebeharrak zaindu egin behar dituzte; bertan ondo sozializatzeko eta beren irudia babesteko. 5 eskubide hauek izango dira kanpainaren ardatza (Unicefek duen definizioan oinarritua): :

    • Eskubidea dut errespeta nazaten eta nik ere besteak errespetatzen ditut.
    • Eskubidea dut nire identitatea, isilpeko Informazioa eta pribatasuna babestuak izan daitezen,eta nik ere besteenak babesten ditut.
    • Eskubidea dut Sarean noiz eta nola parte hartu nahi dudan erabakitzeko,eta besteek ere bai.
    • Eskubidea dut, IKTak baliatuz, nire bizi-kalitatea hobetzeko, ingurune horretan giro zintzo eta baketsuaz gozatzeko,, eta besteena ere hobetzen ahalegintzen naiz.
    • Eskubidea dut Sarean aske eta seguru sentitzeko eta besteei ere lagunduko diet hala senti daitezen.

 

 

Materialak