Foru Aldundiak Gipuzkoako 53 udalerritako 81 landa-bide hobetzen lagunduko du

Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak Gipuzkoako landa-bideak hobetzeko 2022eko dirulaguntzen deialdiaren ebazpena onartu du. Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak 1.299.636 euro bideratu ditu laguntzetara, zeinak hurrengo bi urteetan banatuko diren. Horien bitartez 53 herritako 81 baserri bide konponduko dira, zehazki, 68 kilometro. Ebazpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu da, non herri bakoitzetik zein baserri bide konponduko den bertan zehazten den. https://egoitza.gipuzkoa.eus/gao-bog/castell/bog/2022/05/25/c2203215.pdf. Programa hori Aldundiaren LandaGipuzkoa proiektuaren barruan kokatzen da, helburutzat duena lurralde oreka sustatzea, foru erakundeak Gipuzkoa desberdintasunik txikieneko Europako lurralde bilakatzeko egindako apustuaren barruan. Horretarako, oinarrizko azpiegiturak (bideak, edateko ur publikoa eta saneamendua) mantentzera eta hobetzera, banda zabal ultra-azkarra zabalduz eten digitala murriztera, jarduera erakartzera, gizarte-zerbitzuak optimizatzera, edota despopulazioa saihestera bideratutako jarduerak barne hartzen ditu.

           Baserri-bideak hobetzearekin landa-eremuetako biztanleen bizi kalitatea hobetu eta lehen sektorearen garapena bultzatu nahi da, irisgarritasuna eta garraioa oro har hobetuz, eta nekazaritza-azalerak hobeto ustiatzea ahalbidetuz. Besteak beste, honako lan hauek egiten dira: landa-bide berriak eraikitzea, lehen asfaltatzea edo hormigoitzea; landa-bideak nekazaritza-ustiapenetara konpontzea, egokitzea eta hobetzea; landa-bideak igarotzeko harri-lubetak eta horma ainguratuak; uhinbikoak eta babesak jartzea; eta bide horietarako sarbideak seinaleztatzea.

Jabier Larrañaga Ekonomia, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak adierazi duenez, laguntza horien bidez lurraldeko udalerri eta toki-erakunde txikiei lagundu nahi zaie hobekuntza-jarduera horiek egiten. «Udalek zailtasunak dituzte, beren aurrekontuetatik, azpiegitura horiek eraikitzeko eta kontserbatzeko inbertsioei aurre egiteko, are gehiago krisi garaian; beraz, Aldundiak ahalegin hori babesten du, lan horien finantzaketa babestuz».

3.360 kilometro bide

2020an ez zen deialdirik egin pandemiaren ondorioz, eta 2021ean berreskuratu zen diru-laguntzen lerro hori. Hala, iaz, udalek eta tokiko-erakunde txikiek 2.784.000 euroko inbertsioa egin zuten, eta Foru Aldundiak 1.500.000 milioi euro bideratu zituen deialdira, 62 proiekturi lagunduz. Horri esker, 62 kilometro landa-bide berritu edo asfaltatu ziren lehen aldiz. Aurreko legegintzalditik ia 400 kilometrotan egin dira jarduerak.

Guztira, erabilera publikoko 3.360 kilometro inguru ditu gaur egun lurraldeak, “eta diru-laguntza horien bidez pixkanaka berritzen jarraitzen dugu sare hori; izan ere, horiek hobetzea eta modernizatzea da udalek, batez ere 2.500 biztanletik beherakoek, egiten diguten eskaera nagusietako bat”, azaldu du Larrañagak. Deialdiak lehentasuna ematen die udalerri txikiei, eta diru-laguntzen gehieneko ehuneko handiagoa ezartzen die, hiriguneetatik urrun egiten diren obrei babes handiagoa emateko irizpideez gain. “Gure helburua da Gipuzkoako landa ingurunean hirietan pareko zerbitzu integralak eta ongizate-maila izatea da, ingurune erakargarria eta lehiakorra izan dadin, bizitzeko eta lan egiteko”, amaitu du.