Gipuzkoan mingain urdinaren 3. serotipoaren hedapena saihesteko eta abereen osasuna babesteko, Lurralde Oreka Berdeko Departamentuak borondatezko txertaketa programa antolatzea erabaki du. Hori dela eta, nahi duten abeltzainek euren azienda txertatzeko aukera izango dute, Departamentuak txertoa eta aplikazioa bere gain hartuko dituelarik.
Txertaketa programarekin bat egin nahi duten abeltzainek apirilaren 15a baino lehen harremanetan jarri beharko dute, 943083891 telefono zenbakira deituz edo minza@abelur.eus helbidera mezu bat bidaliz. Mezuan telefono zenbakia, ustiategiaren titularraren izena eta ustiategiaren kodea adierazi beharko dira.
Mingain urdinaren 3. serotipoa 2023an iritsi zen Europara, eta azken hilabeteetan hainbat herrialdetan hedatu da. 2024ko irailean Espainian lehen fokuak atzeman ziren Badajozen, eta ordutik penintsularen erdialdera eta hegoaldera zabaldu da. Gainera, Frantziatik ere mehatxua iristen ari da, birusa gure mugen ingurura iritsi arte hedatu delarik. Serotipo hau bereziki kaltegarria da abeltzaintzarentzat, ardietan hilkortasun handia eragin dezakeelako (%6-7 helduetan eta %14-25 arkumeetan), baita esne-behietan esne ekoizpenaren murrizketa ere.
Orain arte, Espainian txertaketa estrategiak eta mugimendu mugak ezarri dira birusaren transmisioa geldiarazteko, baina 2025ean Nekazaritza Ministerioak neurri horiek kentzea aurreikusten du, eta, ondorioz, birusak azkar zabaltzeko arriskua areagotuko da. Horren aurrean, hiru aukera aztertu dira: inolako neurririk ez hartzea, txertaketa derrigortzea edo borondatezkoa ezartzea. Sektoreko ordezkariekin egindako bileretan, gehiengoak borondatezko txertaketaren aldeko hautua egin du, eta, beraz, programa martxan jarriko da.
Mingain urdinaren birusa Culicoides generoko eltxoen bidez transmititzen da, eta eltxo horien aktibitate handieneko hilabeteak irailetik eta azarora bitartekoak dira. Horregatik, beharrezkotzat jo da Gipuzkoan 3 hilabetetik gorako behi eta ardi-aziendari txertoa eskaintzea, babes handiagoa bermatzeko. Egoeraren bilakaeraren arabera, txertaketa nahitaezkoa bihurtzeko aukera ere aztertuko da.
Lurralde Oreka Berdeko Departamentuak 82.000 dosi erosiko ditu lehen fase honetan, eta lehentasuna mendiko larreetara igoko den aziendari emango zaio, batez ere ardiei. Txertaketa udazkena baino lehen amaitzea aurreikusten da.
2025/03/14
"Basoa gara" jardunaldia
2025/03/18
Adituen hitzaldiak: basoa nola zaintzen dugun eta basoak nola zaintzen gaituen.
Tokia: “Gunea” aretoa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Plaza Gipuzkoa, Donostia.
Ordutegia: 18:00-20:00
Hizlariak:
Blanca del Noval (Basque Culinary Centerren “Silvestre” liburuaren egileetako bat): "Basoa eta Elikagaiak"
Alejandro Cantero (HAZI) eta Ana Ariz (BSTK Basotik Fundazioa): "Baso Kudeaketa Jasangarria"
Manuela Renzi (Forest Therapy Hub, Milan): "Basoa eta Ongizatea"
Izen-ematea: doakoa. Aurrez izena ematea gomendagarria basotik.eus webgunean.