Menu nagusira joan Eduki nagusira joan

Landa Garapena

Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) ZUZENEKO LAGUNTZAK, 2015-2020

2015ean sartu zen indarrean Nekazaritza Politika Erkide berria. NPE berriak diru laguntzak ekoizpenari lotzeari utzi dio, eta bereziki saritzen du ingurumena mantentzea (ordainketa berdea).

Oinarrizko ordainketaren araubidea diru laguntzen sistema berri bat da, ekoizpenetik askatu dena, eta ordainketa bakarraren aurreko araubidea ordeztu duena. Uzta eta ganadu jakin batzuek dituzte soilik ekoizpenari lotutako diru laguntza osagarriak.

Oinarrizko ordainketaren eskubide berrien balioa eskualdeko erreferentzia batean oinarrituta ezartzen da, eta erreferentziazko aldi historikoa 2013ko kanpaina da. Horrela, eskubideen esleipen berriak aukera ematen du ekoizpenari lotu gabeko laguntzak 2015etik aurrera emateko, 2020ra arte.

Nekazari txikien araubide erraztuan dauden nekazariek, hari uko egiten ez badiote, urteko zenbateko finko bat dute (1.250 euro baino gutxiago). Haien abantaila da ez dutela nekazari aktibo izan behar eta ez dutela greeninga bete behar, ezta baldintzazkotasuna ere, eta ez dute konbergentziarik edukiko. Horretarako baldintza, ordea, honako hau da: oinarrizko ordainketa eskubideak esleitzeko kalkulatutako hektarea kopuru berbera mantendu beharko dute.

Laguntza horiek soilik ordaintzen dira ingurumenaren, elikagaien segurtasunaren, animalien eta landareen osasunaren, animalien ongizatearen eta, oro har, lurrak ekoizpen baldintza egokietan uztearen alorreko arau zorrotz batzuk betetzen badira. Horri esaten zaio «baldintzazkotasuna». Arau horiek betetzen ez baditu, ordainketak eten daitezke, eta nekazariari isunak ezarri dakizkioke.

Nekazaritza sektorean belaunaldi aldaketa sustatzeko, % 25eko hobaria dago nekazari gazteentzako ordainketa zuzenen zenbatekoak, jardueraren lehen bost urteetan.

Oinarrizko ordainketaren eskubideen titulartasuna laga egin daiteke. Oro har, lagapena lurrarekin edo lurrik gabe egin daiteke (% 20ko ordainketarekin), eta soilik eskualde bereko nekazari aktiboei.

Lehentasunez, nekazari gazteek eta beren nekazaritza jarduera hasten ari direnek eskatu ditzakete erreserba nazionalaren karguko oinarrizko ordainketaren eskubideak.

NPEren laguntzen eskabide bakarra

Eskabide bakarra Gipuzkoako lurralde historikoan kokatutako nekazaritza ustiategietako titularrek egin dezakete, oro har, otsailaren 1etik apirilaren 30era arte, FEAGA funtsekin finantzatutako eta Nekazaritza Politika Erkidearen zuzeneko laguntzen eta FEADER funtsekin finantzatutako Kudeaketa eta Kontrol Sistema integratuaren pareko gainerako laguntzen onuradun izan daitezkeen ekoizpen unitateak dituzten ustiategietakoek.

Zuzeneko laguntzen ildoak (Lehen zutabea)

Oinarrizko ordainketaren araubidea
  • Oinarrizko ordainketa
  • Ordainketa berdea (greening)
  • Nekazari gazteen ordainketa (40 urtetatik behera)
Lotutako abeltzaintzako laguntzak
  • Behi ume-hazleak
  • Esnetarako behiak
  • Gizentzeko behiak
  • Ardi aziendaren ustiategiak
  • Ahuntz aziendaren ustiategiak
  • 2014an eskubide bereziak zituztenak eta aitortutako azalerarik ez: Ardi azienda, ahuntz azienda; esnetarako behiak; eta gizentzeko behiak
Nekazari txikien araubide erraztua (NTAE)
  • NTAE

Landa garapeneko neurriak (Bigarren zutabea)

  • Nekazaritza eta ingurumena eta klima
  • Ekoizpen ekologikoa
  • Muga naturalak eta beste muga espezifiko batzuk dituzten guneak

Esteka interesgarriak

Esteka honetan nekazaritza partzelen informazio geografikoaren sistemaren (SIGPAC) inguruko informazioa dago jasota. Sistema horren bitartez azalerarekin edo ganaduak baliatutakoarekin lotutako laguntzen edozein araubidetan nekazariek eta abeltzainek aitortutako partzelak geografikoki identifikatu daitezke.

Oinarrizko ordainketaren legedia

  • EAEkoa

    • Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuaren AGINDUA, 2017ko martxoaren 15ekoa, Nekazaritza Politika Erkidean (NPE) txertatutako zuzeneko laguntzen 2017ko ekitaldirako deialdia egiten dueña.
    • 20/2016 DEKRETUA, otsailaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoan honako hauek garatu eta aplikatzekoa: Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) zuzeneko laguntzen erregimenak, Nekazaritza Lursailak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sistema (SIGPAC) eta laguntzen onuradunek bete beharreko baldintzak.
  • Estatukoa

    • 745/2016 Errege Dekretua, abenduaren 30ekoa, 1075, 1076, 1077 eta 1078/2014 Errege Dekretuak, abenduaren 19koak, Nekazaritza Politika Erkidea Espainian aplikatzeko emandakoak, aldatzen dituena.
    • 1172/2015 Errege Dekretua, abenduaren 29koa, honako hauek aldatzen dituena: 1075/2014 Errege Dekretua, abenduaren 19koa, 2015etik aurrera nekazaritzarako eta abeltzaintzarako zuzeneko ordainketak eta beste laguntza araubide batzuk aplikatzeari eta zuzeneko ordainketaren eta landa garapenerako ordainketaren kontrolari buruzkoa; 1076/2014 Errege Dekretua, abenduaren 19koa, Nekazaritza Politika Erkideko oinarrizko ordainketaren araubideko eskubideen esleipenari buruzkoa; eta 1077/2014 Errege Dekretua, abenduaren 19koa, nekazaritza partzelen informazio geografikoaren sistema arautzen duena.
    • 1075/2014 Errege Dekretua, abenduaren 19koa, 2015etik aurrera nekazaritzarako eta abeltzaintzarako zuzeneko ordainketak eta beste laguntza araubide batzuk aplikatzeari eta zuzeneko ordainketaren eta landa garapenerako ordainketaren kontrolari buruzkoa.
    • 1076/2014 Errege Dekretua, abenduaren 19koa, Nekazaritza Politika Erkideko oinarrizko ordainketaren araubideko eskubideen esleipenari buruzkoa.
    • 1077/2014 Errege Dekretua, abenduaren 19koa, nekazaritza partzelen informazio geografikoaren sistema arautzen duena.
    • 1078/2014 Errege Dekretua, abenduaren 19koa, ordainketa zuzenak, landa garapenerako urteko pizgarri jakin batzuk edo mahastizaintza eta ardogintzako sektorea babesteko programa jakin batzuengatiko ordainketak jasotzen dituzten onuradunek bete beharreko baldintzazkotasunaren arauak ezartzen dituena.
  • Europakoa

    • Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 1307/2013 Erregelamendua, 2013ko abenduaren 17koa, Nekazaritza Politika Erkidean jasotako laguntza araubideei jarraikiz nekazarientzako ordainketa zuzenei aplikagarriak zaizkien arauak ezartzen dituena eta Kontseiluaren (EK) 637/2008 eta (EK) 73/2009 Erregelamenduak indargabetzen dituena.