Ehungintza

Noizdanik praktikatzen da ehungintza, hau da, landareetatik edo animalien ileetatik lortutako hariak elkar gurutzatu eta oihalak egitea? Pentsamolde tradizionalean Adam aitzurrarekin eta Eba goruarekin agertu ohi dira, lanbide zaharrenak direla adierazteko. Ez da oso zientifikoa, baina aitortu behar da irutea eta oro har ehungintzari loturiko ia guztia emakumeen esku egon izan dela, lihoa soroan ereitetik botoiak josteraino: “ehunak ehun lan”. 

Beste behin ere, lanbide xumea izaki, dokumentazio historiko zehatz gutxi aurkitzen dugu, batez ere emakumeek protagonizatuta. Gizonezkoak protagonista direnean, aldiz, dokumentu gehiago aurkitzen dugu, protagonismo gehiago izaten zutelako baita “emakumezkoen” lanbideetan ere. Esaterako, Martin Aliri Beasaingo jostunaren ondasunen inbentarioa gordetzen da Gipuzkoako Artxibo Orokorrean, 1578an Pragan eginda. Esan beharra dago ez zela nolanahiko jostuna, enperatrizarena baizik.

Garai bertsukoa zen Juan de Alcega, “jostun unibertsala”, Euskal Itsas Museoak erakusketa bat dedikatu ziona.

Ehulea ere gizonezkoen tradiziozko lanbidetzat hartu izan da, gainerako lanak emakumeen esku geratzen baziren ere. Historiak, aldiz, esaten digu XVIII. mendean hasi zirela gizonak berenganatzen ordura arte emakumeena izandako lanbidea. Zergatik? Bada, etekin handiagoa lortzen hasi zirelako. Sarritan esaten da gizonen lanak, fisikoki behintzat, gogorragoak izan direla. Gogorra, ehuntzea teilatupean eta eserita? Historiak irakasten digu ez dela horrela.
 

Objetua:
Gorua
Dokumentuak: