Gipuzkoako Dantzagunea Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerbitzua da, eta helburu du dantzako ikaskuntza eta sormen prozesuak bideratzea. Lan ildo nagusi hauek ditu: babesa ematea koreografiaren sormenari eta ikerketari; prestakuntza espezializatua; dantza zabaltzeko modu berriak bilatzea eta sormen prozesuen dokumentazioa jaso eta artxibatzea. Errenterian du egoitza, baina lurraldeko dantza komunitate guztiari ematen dio zerbitzua; beraz, dantza praktikatzeko prestaturiko tokiak eskaintzen ditu, beste zerbitzu batzuekin batera (adibidez, informazioa eta aholkularitza).
K bulegoa informazio eta laguntza gunea da. Gipuzkoako kultura sektorean lan egiten duten pertsona, talde eta erakundeei bideratua da, bai amateurrei bai profesionalei. Bulegoaren helburua da proiektuen sorreran eta garapenean azaleratzen diren beharrei erantzuna ematea, proiektu horien jasangarritasuna eta sektorearen profesionalizatzea sustatzeko.
XVII. mendeko baserri batean baserria nolakoa zen erakusten duen museoa da Igartubeiti Baserri Museoa. Gipuzkoako Foru Aldundiak 1992an erosi zuen Igartubeiti baserria, desagertu ez zedin. Zaharberritzea konplexua izan zen, eta eredugarri gisa kalifikatu zuten. Horren ondorioz, XVII. mende hasieran zuen irudi historikoa berreskuratu du baserriak. Interpretazio Zentroan, euskal baserrien mila urte baino gehiagoko historia ekartzen dugu gogora. Igartubeitiko familiaren eta bizilagunen ahotsak entzunda, antzematen dugu nola joan ziren handitzen eta garatzen antzinako baserriak; nola bizi ziren eta nola lan egiten zuten bertako biztanleek; nolako harremanak zituzten beraien artean; zer sinesten zuten; zer ekoizten zuten; nola elikatzen ziren; nola dibertitzen ziren eta zerekin sufritzen zuten.
Ekaingo (Uneskok Gizateriaren Ondare izendatua) kobazuloaren Magdalen Aldiko margoen faklsimila (erreplika zehatza) da Ekainberri. Museo ekipamendu ezberdina eta orijinala da eta bertan sentiaraziko dizute haitzulo batean somatzen den sentsazioa Homo sapiens-aren inguruko animaliek irudikatzeko abilezia miresten duzun bitartean. Hori dena osatzeko zenbait jarduera bizitzeko aukera izango duzu (ehiza, sua, margotzea) Paleolito Garaian bezala.
Lazkaoko Beneditarren Fundazioa 2011ko udaberrian sortu zen, Lazkaoko Beneditarren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Lazkaoko Udalaren eskutik. Juan José Agirre fraide beneditarrak zuzentzen du fundazioa, eta bi helburu nagusi ditu: azken lau hamarkadetan Agirrek euskal gaien inguruan bildutako dokumentu funtsen ardura hartzea eta funts berriak jaso eta gizartearen esku jartzeko lanarekin jarraitzea. Horretarako artxibo zentro modernoa du Lazkaon, jendeari irekita dagoena.
Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa da Topic. 2009ko azaroan zabaldu zituen ateak, eta irudimenaren, berrikuntzaren eta originaltasunaren aldeko apustua egiten duen egitasmo bakar, erakagarri eta interesgarria da. Europa osoan txotxongilo artearentzako zentro integral bakarra da.