Ondareak balio du hamalau!

 

2023ko Ondarearen Europako Jardunaldien leloa “Ondarea Bizirik” dela eta, Gordailua Ondare Bildumen Zentroak eta Gipuzkoako Artxibo Orokorrak elkarlanean proiektu bat gauzatu dute: Ondareak balio du hamalau!

Webgune batean hamalau lanbide aurkezten dira; horietako batzuk bizi-bizirik daude; beste batzuek, nola edo hala, lehengo erara edo eraldatuta, bizirik diraute; bat edo beste dagoeneko ez da Gipuzkoan aurkitzen. Nolanahi dela ere, den-denek gure iraganaren berri ematen digute, bai eta gure orainaren berri ere, ondare bihurtuta.

Hamalau asko da, eta hala ere oso gutxi, Gipuzkoako Foru Aldundiak duen ondareari erreparatuz gero. Hemen hautatutakoetan saiatu gara azaltzen lanbide bakoitzaren garrantzia, betiere Artxiboko agiriak eta argazkiak zein Gordailuko objektuak agerian utzirik. Halaber, Gipuzkoako museoak edo bestelako ondare-zentroak bisitatzeko gomendioa luzatzen da, dagokion gaiarekin lotuta betiere.

Urriaren 27an antolatutako bisita gidatuan, Gordailuan bertatik bertara ikusi ahal izango dira webean aipatutako objektuak, eta beste asko. Webak, berriz, gutxienez urtebetez utziko ditu edukiak ikusgai, publikoak zuzenean ezagut ditzan, eta Gordailuaren eta Gipuzkoako Artxibo Orokorraren lanaren berri izan dezan