Larrugintza

Espartinak, euskaldunen artean erabat tradizional bihurtuagatik ere, XIX. mendean hasi ziren gurean hedatzen, oinetako merkeak izaki. Baina abarkak, larruzko oinetako oinarrizkoenak, aspaldi handitik erabili izan dira. Noizdanik? Ezin jakin, ondare xumeari gertatu ohi den bezala, zeharka baizik ez baita dokumentatzen. Adibidez, esaten da Antso II.a Gartzeiz Iruñeko erregeak gerran mendi elurtua zeharkatzeko erabili zituela, X. mendean; baina ez ote den legenda, historia baino. Era berean, Erdi Aroko baserritar libre armadunak aipatzeko “hidalgos de abarca” esamoldea erabili izan da, beren apalean gutxieneko noblezia zutela adieraztearren.

Larrua hainbat gauzatarako erabili izan da historiaurretik, ondua edo ondu gabe: janzteko ez ezik, zahagi eta zahatoak egiteko ere, uhal eta petralerietarako, burdinoletako hauspoetarako... Abarka eta beste gauza xume batzuk etxean ere egiten ziren arren, larrua behar bezala ontzea lanbide bat zen, ikasi egiten zena, hainbat kontratutan ikus daitekeenez. 

XX. mendean, zapatak merkeago eta espartinak are merkeago izanagatik, larruzko abarkak oso arruntak izan dira, Elgoibarko gabon zahar feriaren argazkiak erakusten duenez. Merkeak ez ezik lanerako praktikoak ziren seinale, XX.ean gomazko abarkak zabaldu ziren: material berria, diseinu zaharra. XXI. mendean larruzko abarkagintzak bizirik dirau, jai folkloriko askotan ezinbesteko osagaia izaki.
 

Objetua:
Abarkak
Dokumentuak: