Gida

Izena

Prozedura Ekonomiko-Administratiboa.

Helburua

Administrazioak zerga alorrean eta bestelako gaietan emandako egintzen aurka jarritako erreklamazio ekonomiko-administratiboak ezagutu eta ebaztea.

Organoa

Gipuzkoako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboa.

Hasiera

Interesatuak eskatuta. Bere kasa edo ordezkariaren bitartez jardun dezake.

Ordezkaritza

Ordezkaritza ahalorde nahikoaz frogatu daiteke, notarioaren sinaduraz legeztatutako agiri pribatua aurkeztuta, edo, bestela, Auzitegiko idazkariaren aurrean apud acta eskuratu.

Pertsona juridikoak direnean, sinatzen duen pertsonak frogatu beharko du ahalmena duela erreklamazioa aplikaziozko arau edo estatutuei jarraituz jartzeko.

Ordezkaria alta emanda badago Zergapekoen Ordezkarien Erregistroan, hala adierazi beharko du eta hor izena eman izanaren kopia aurkeztu. Erregistroan izena emango bada, 001 eredua bete beharko da; aipatu ereduari erantsi beharko zaio ordezkaritza frogatzen duen jatorrizko agiria edo behar bezala konpultsatutako kopia.

Legitimazioa

Honako hauek izango dute erreklamazio ekonomiko-administratiboa jartzeko legitimazioa:

  • Zergapekoek, atxikitzaileek eta, hala balegokie, zergen erantzuleek.
  • Kudeaketako administrazio-egintza dela medio beren legezko interesak ukituak dituzten pertsonek.
  • Foru Ogasunean kontu-hartzailetzaz arduratzen den organoak.

Erreklamazioa jartzeko epea

Hilabetea, errekurritutako egintza jakinarazten denetik aurrera.

Hilabetearen konputua datatik datara egingo da, jarraian aipatzen denaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita:

  • Erreklamazioa jasotzen duen egintza.
  • Berraztertze errekurtsoari buruz Administrazioak ematen duen ebazpen espresua, baldin eta errekurtso hori erreklamazio ekonomiko-administratiboa jarri aurretik aurkeztea erabaki bada.

Berraztertze errekurtsoa jarri ondoren erantzunik jaso ez bada, erreklamazio ekonomiko-administratiboa jar daiteke errekurtsoa aurkeztu zenetik behin hiru hilabete pasa ondoren. Dena den, interesatuak aukeran du ebazpen espresuaren zain geratzea.

Oro har, eta ebazpen espresuaren zain geratzea ez bada aukeratzen, erreklamazio ekonomiko-administratiboa jarri ahal izango da aurkeztutako eskaera ezetsitzat hartzen denetik aurrera. Ezespena prozedura bakoitzak isiltasun administratiboari buruz dituen erregelen arabera ulertuko da.

Hala ere, Ondasun Higiezinen eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergen kasuan, arau bereziak daude epe eta jakinarazpenei dagokienez.

Udal zergei dagokienez, hilabeteko epea dago erreklamazio ekonomiko-administratiboa jartzeko, derrigorrezko berraztertze errekurtsoaren ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Berraztertze errekurtsoa jarri ondoren erantzunik jaso ez bada, erreklamazio ekonomiko-administratiboa jar daiteke errekurtsoa aurkeztu zenetik hilabete bat pasa ondoren. Dena den, interesatuak aukeran du ebazpen espresuaren zain geratzea.

Aurkezteko era

Erreklamazioak paperean edo elektronikoki aurkeztu ahal izango dira.

Elektronikoki aurkeztu beharko dute 320/2017 Foru Aginduak, ekainaren 28koak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zergen foru Administrazioarekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzeko obligazioa arautzen duenak, 1. artikulan aipatzen dituen pertsona eta entitateak:

  1. 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 14. artikuluko 2. apartatuan aipatzen dituen subjektuak. Besteak beste, artikulu horrek honako hauek aipatzen ditu:
    1. Pertsona juridikoak (merkataritza sozietateak, sozietate zibilak, eta abar).
    2. Pertsonalitaterik gabeko entitateak (ondasun erkidegoak, jabekideen komunitateak, eta abar).
  2. Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunak, establezimendu iraunkor bidez jarduten dutenean; eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga arautzen duen 16/2014 Foru Arauak, abenduaren 10ekoak, 24.2 eta 38. artikuluetan aipatzen dituen kasuetan daudenean.
  3. 582/2014 Foru Aginduak, azaroaren 5ekoak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuko zerga ordezkarien errolda arautzen duenak, 9. Artikuluan, eta haren hurrengoetan xedatutakoari jarraituz, ordezkari profesionalak edo entitateak, beren izenean zein haien ordezkatuenean jarduten dutenean, baita ordezkatu horiek aurreko zenbakietan sartuta ez daudenean ere.

Paperean

Behar bezala sinatutako idatzia aurkeztu behar da, eta bertan datu hauek jarri:

  • Errekurtsogilearen izen-abizenak.
  • IFZ.
  • Jakinarazpenak jasotzeko helbidea (helbide aldaketaren berri eman behar da, lehengo helbidera bidalitako jakinarazpenak baliozkoak baitira helbide berria ezagutzen ez denean).
  • Ordezkariaren izena, abizenak, IFZ eta ahalordeak, nor bere izenean aritzen ez bada.
  • Inpugnatutako egintzaren identifikazio argia eta zehatza, eta hura eman duen organoarena, egintzari buruzko espedientearen zenbakia adierazita. Ahal bada, espedientearen fotokopia erantsiko da.

Idatzia honako toki hauetan aurkez daiteke:

  • Auzitegiaren erregistroan, auzitegiaren egoitzan bertan.
  • Gipuzkoako Foru Aldundiaren, autonomia erkidegoetako Administrazioaren eta Estatuko Administrazioaren erregistroetan.
  • Gipuzkoako Lurralde Historikoko udaletako erregistroetan, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartutako erregistro bulegoak baldin badituzte.
  • Posta bulegoetan, kartazal irekian eta zigilua barruan jarrita.

Elektronikoki

Erreklamazioa aurkeztu beharko da Gipuzkoatarian dagoen aplikazioa erabillita: Foru Auzitegi Ekonomiko Administratiboa

Identifikazioa bitarteko hauen bidez egin beharko da:

Ohar garrantzitsua: erreklamazioa aurkeztean, egokitzat jotzen diren alegazioak egin daitezke, eta frogak proposatu eta nahi diren agiriak aurkeztu daitezke. Horrelakoetan, ulertuko da uko egiten zaiola alegazioak erakusteko tramiteari, non eta espresuki ez den eskatzen tramite hori egiteko.

Aurkezteko lekua

Idatziak honako toki hauetan aurkez daitezke:

  • Auzitegiaren erregistroan, auzitegiaren egoitzan bertan.
  • Gipuzkoako Foru Aldundiaren, autonomia erkidegoetako Administrazioaren eta Estatuko Administrazioaren erregistroetan.
  • Gipuzkoako Lurralde Historikoko udaletako erregistroetan, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartutako erregistro bulegoak baldin badituzte.
  • Posta bulegoetan, kartazal irekian eta zigilua barruan jarrita.
  • Estatu espainiarrak atzerrian dituen ordezkaritza diplomatikoetan eta bulego kontsularretan.

Egintzak etetea

Erreklamazio ekonomiko-administratiboa jartzeak ez du inpugnaturiko egintza eteten, salbu kasu hauetan, orduan automatikoki eteten baita:

  • Berme nahikoa aurkezten denean zerga zorraren zenbatekoa osorik ordaintzeko.
  • Zerga isun baten aurka erreklamatzen denean; kasu horretan ez da bermerik aurkeztu behar.

Hauetako bat izango da bermea:

  • Gordailuen Kutxa Nagusian dirutan edo balore publikotan egindako gordailua.
  • Abal edo fidantza solidarioa, banku, aurrezki kutxa, kreditu kooperatiba edo elkarrekiko bermerako sozietate batek emana.
  • Kaudimen aitortua duten herriko bi zergadunek emandako fidantza pertsonal eta solidarioa, zorra ez bada 1.502,53 eurotik gorakoa.

Prozeduraren faseak-Tramitazioa

  • Akatsak zuzentzea.
  • Organo kudeatzaileari espedientea eskatu eta hura jasotzea.
  • Espedientea erakustea alegazioak aurkezteko.
  • Frogak.
  • Aztertzea eta ebazpena prestatzea..

Prozeduraren faseak-Ebazpena

  • Erreklamazioa ebaztea (Batzar Osoan, Aretoan edo banaka).
  • Interesatuari eta kudeatzaileari jakinaraztea.
  • Ebazteko epea: urtebete.
  • Errekurtsoak: prozedura ekonomiko-administratiboa bukatu ondoren administrazioarekiko auzi errekurtso jar daiteke ebazpenaren aurka 2 hilabeteko epean.
  • Erreklamazioa onartzen ez den kasuetan, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri aurretik, eta hori aurkezteko epea aldatu gabe, deuseztapen errekurtsoa jarri ahal izango da Auzitegiko aretoan hamabost eguneko epean, bakar-bakarrik errekurtsoaren oinarria erreklamazioa oker onartu ez izana denean..