Helburua da produktibitatea handitzea, abeltzaintzaren sektore osoan ekoizpenerako gaiak eta bitartekoak ahalik eta modurik eraginkorrenean erabiliz, horrela kalitate oneko abere produktuak eskaintzeko eta, aldi berean, ingurumenean eta natura baliabideetan ahalik eta eragin txikiena sortzeko.

Abeltzaintza sustatzeko eta hobetzeko programak

Hainbat abeltzaintza elkarterekin egindako hitzarmenen bitartez, arrazen hobekuntza genetikoa sustatzen da, behar besteko ekoizpena eta behar bezalako kalitatea lortzeko eta, horrela, ustiategien errentagarritasuna sustatzeko.

Erregistro liburuen eta liburu genealogikoen kudeaketa

Liburuon helburua da ugaltzera bideratutako animaliak hautatzeko eta planifikatzeko erabakiak hartzen laguntzea, abere arrazak hautatzeko, zaintzeko eta hobetzeko plangintzan odolkidetasun mailak ondo ezagututa.

Galtzeko arriskuan dauden bertako arrazak

Animalia arraza autoktonoak babestu beharra 1993ko Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmenean dago jasota.

Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen jarraibideak aintzat hartuz, elikagai arloan interesgarriak diren baliabide genetikoak kontserbatzera eta modu jasangarrian erabiltzera bideratzen dugu lana.

Aiako hazitarako animalien testaje zentroa

Zentroaren helburua da haragitarako arrazetako arrei testaje ofizialak egitea. Test horietan hainbat adierazle jakin erabiltzen ditugu, zekorren balorazio objektiboak egiteko eta, horrela, ganaduzaleen arteko enkanteetan eta salmentetan eskaintzen diren zekorrak behar bezalako berme sanitarioa eta genetikoa izateko.