Menu nagusira joan Eduki nagusira joan

Abeltzaintza

Elikadura katea

Elikadura katea zaintzeko hainbat kontrol egiten dira Nekazaritzako Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Planaren bitartez. Kontrol horiekin bereziki zaintzen da araudia betetzea elikagaien eta pentsuen segurtasunaren arloan, animalien osasunean, landareen sanitatean, animalien ongizatean, giza kontsumorako ez diren animalia jatorrizko azpiproduktuetan (SANDACH), elikagaien merkaturatze kalitatean eta kalitate desberdinduan eta, azkenik, nekazaritza ekologikoan.

Nekazaritzako Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Plana 2016-2020

Ekoizpen primarioaren higiene programak

Programaren helburua da kontrol bakarrean batzea abeltzaintza ustiategi baten higienea kontrolatzean kontuan hartu beharreko oinarrizko alderdi guztiak, araudi espezifikoek araututako beste kontrol batzuetan sartu gabe. Hain zuzen ere, abeltzaintza ustiategien higienean, animalien osasunaren oinarrizko kudeaketan, azpiproduktuen kudeaketan, albaitaritzako medikamentuen erabileran eta ustiategian nahitaezkoak diren erregistro-dokumentuetan kontuan hartu beharreko alderdiak zaintzen dira programa honen bitartez.

Hondakinen ikerketa programa

Programaren helburua da kontrolatzea substantzia batzuen eta haien hondakinen erabilera animalia bizietan eta haien produktuetan. Programa horren barruan kontrolatzen da substantzia debekatuak eta legediak ezarritako mugak gainditzen dituzten substantzia baimenduak ez egotea, animalietan, edozein animalia espezieren haragietan (espezie handiak, untxiak, hegaztiak eta ehiza) edo animalia jatorriko beste produktu batzuetan, adibidez, esnetan, arrautzetan, akuikulturako produktuetan eta eztian.

Animalien elikaduraren kontrol programak

Helburu nagusia da bermatzea pentsuek betetzen dituztela kaltegarritasun ezari eta segurtasunari buruzko baldintza orokorrak, pentsuak, hain zuzen ere, animalia jatorriko produktuen ekoizpenaren lehen katebegia dira eta.

Esne gordinaren trazabilitatearen eta kalitatearen kontrola

LETRA Q izeneko programa Nekazaritza Ministerioak bultzatua da, eta bere helburua da esnegintza prozesuen kalitatea hobetzea, ustiategitik hasi eta industria eraldatzailera bitarteko urratsetan. Sareko informazio sistema bat da, esne gordinaren trazabilitatea eta kalitatea zaintzeko, eta, haren bitartez, gizakien kontsumorako esnearen eta esne gordinaren mugimenduen sektoreko eragileak, establezimenduak eta edukiontziak erregistratu eta identifikatu daitezke.

Sandach programa (gizakien kontsumorako bideratuta ez dauden animalien azpiproduktuak)

Programaren helburua da produktu horiek osasun publikoari eta animalien osasunari dakarzkieten arriskuak ahal beste saihestea eta murriztea, gizakien eta animalien elikadura katearen segurtasuna babestea, eta, aldi berean, karga administratiboa murriztea, kontrolak soiltzea eta eragileei kostuak murriztea.