Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan alta eman, baja eman eta aldatzeko prozedura

Nekazaritzako ustiategi bat Erregistroan alta ematea nahitaezkoa da, baita horri buruzko datuak eguneratzea eta zehaztea ere; hain zuzen ere, ezinbesteko da hori egina izatea foru, estatu eta europar esparruko Nekazaritzako Administrazioarekin izan beharreko edozein harremanetarako. Nekazaritzako Administrazioarekiko harreman horien bitartez, jarduera sustatzeko laguntza eskatu daitezke, edo onura fiskalak edo sozialak eskatzeko aukera ere, nahiz ustiategirako nahiz titularrentzako.

Ustiategi berrien alta emateaz gainera, ustiategi batean gertatzen diren funtsezko aldaketak ere erregistratu behar dira; esate baterako, nekazaritza jardueran baja ematea; ustiategiaren titularitateetan, ustiategi motan, kokapenean edo kokalekuan eta ustiategiaren mugetan izandako aldaketak. Oro har, Erregistroan ustiategiak duen identifikazio moduluari eragiten dion edozein aldaketa erregistratu behar da.

Interesatuek beren nekazaritza ustiategien kokalekuari dagokion Eskualdeko Nekazaritza Bulegoan formalizatu behar dute eskaera, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak hartarako jarri duen eskaera ereduaren arabera. Eskaerarekin batera, kasu bakoitzari dagokion dokumentazioa erantsi beharko da.

Erregistro bulegoak ofizioz has dezake ustiategi bati alta emateko edo aldatzeko espedientea, edozein arrazoi dela eta, baldin eta erregistratu gabe dagoen nekazaritza ustiategi baten berri baldin badu edo ustiategian gertaturiko aldaketaren bat antzematen badu. Izena emateko edo aldaketarako proposamena interesaturiko pertsonei jakinaraziko zaie berrets dezaten eta, hala badagokio, datuak zuzen ditzaten.

Nekazaritzako ustiategia erregistratzeko eskakizunak

Gipuzkoako lurralde historikoko nekazaritzako ustiategi guztiek Gipuzkoako Lurralde Historikoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan alta emateko eskatu behar dute. Nekazaritza ustiategi bakoitzari identifikazio zenbaki bat esleituko zaio. Abeltzaintza ustiategiei dagokienez, abelburu kopuru handiena biltzen duten instalazioak non dauden eta dagokien udalerriari atxikiko zaizkio; nekazaritza eta baso ustiategiei dagokienez, ustiategiak lur eremu handiena daukan udalerriari atxikiko zaizkio.

  • Pertsona fisikoen kasuan:
    • Izena eman beharreko pertsonen NAren fotokopia.
  • Titularitate partekatuko elkarteen kasuan:
    • Titularitate partekatuko elkartearen IFZren fotokopia.
    • Titularitate partekatuko elkarteko kideen NAren fotokopia.
  • Pertsona juridikoen kasuan:
    • Sozietatearen IFZren fotokopia.
    • Sozietatea eratzeko eskrituraren fotokopia.
    • Sozietatearen estatutuen fotokopia.
    • Bazkideen zerrenda, eta haien nortasun agirien fotokopia.
    • Ordezkaritza ahalordearen egiaztagiria.

Aukera dago gaitasun profesionala eta esperientzia profesionala ondoko agirien bidez egiaztatuko da:

  • Nekazaritza alorreko gutxieneko titulazio akademikoa: bigarren mailako Lanbide Heziketa edo erdi mailako edo goi mailako prestakuntza zikloa.
  • Bekak, lan kontratuak, nominak, Gizarte Segurantzan nekazaritza jardueraren arabera alta emanda daudela egiaztatzen duten agiriak edota nekazaritzako etekinekiko PFEZ aitorpenak, guztiokin nekazaritzako esperientzia profesionaleko urteak kontuan hartzearren.
  • Nekazaritza jarduerari buruzko etengabeko prestakuntza ikastaroetan parte hartu izanaren ziurtagiriak, irakastorduak zehaztuta.
  • Lurrik gabeko nekazaritza ustiategia:
    • Azienda mota eta gutxi gorabeherako abelburu kopurua zehaztuko da.
    • Ustiategiko lurralde oinarrian ezingo da lurrik inskribatu.
  • Jabetzapeko lurrik gabeko abeltzaintza ustiategia:
    • Azienda mota eta gutxi gorabeherako abelburu kopurua zehaztuko da.
    • Nekazaritza ustiategiari atxikirik dauden lurrei buruzko ondoko agirietako batzuk aurkeztu beharko dira: landa errentamenduaren kontratua; erabiltzeko eta gozatzeko eskubidearen egiaztagiria; komodatu kontratua; eta/edo jabeak lurrak erabiltzeko eskatzailearen alde emandako baimena.
    • Ustiategiko lurralde oinarrian ezingo dira jabetza araubideko lurrak inskribatu.
  • Lurrak inskribaturik dauzkan nekazaritza ustiategia:
    • Azienda mota eta gutxi gorabeherako abelburu kopurua zehaztuko da.
    • Nekazaritza ustiategiari atxikirik dauden lurrei buruzko ondoko agirietako batzuk aurkeztu beharko dira: salerosketa edo jabetza oso edo usufruktuaren eskritura; jarauntsia esleitzeko edo banatzeko eskritura; 3/1999 Legera bilduriko oinordetza-ituna; edo jarauntsiaren banaketa egin gabe bada, kasu berezietan, hildako jabearen azken testamentua eta azken nahien ziurtagiria.
    • Era berean, goian adierazi den dokumentazioa aurkeztu beharrik gabe, Jabetza Erregistroko Informazio Ohar Soila aurkeztu ahal izango da.
  • Baratzezaintza eta frutikultura ustiategia:
    • Landuriko baratzezaintza eta frutikultura motak eta gutxi gorabehera hartzen duten eremua zehaztuko dira.
    • Nekazaritza ustiategiari atxikirik dauden lurrei buruzko agiri hauetako batzuk aurkeztu beharko dira: salerosketa edo jabetza oso edo usufruktuaren eskritura; jarauntsia esleitzeko edo banatzeko eskritura; 3/1999 Legera bilduriko oinordetza-ituna; jarauntsiaren banaketa egin gabe bada, kasu berezietan, hildako jabearen azken testamentua eta azken nahien ziurtagiria; Jabetza Erregistroko Informazio Ohar Soila; landa errentamenduaren kontratua; erabiltzeko eta gozatzeko eskubidearen egiaztagiria; komodatu kontratua; edo jabeak lurrak erabiltzeko eskatzailearen alde emandako baimena.
  • Baso ustiategia:
    • Landuriko baso motak zehaztuko dira eta gutxi gorabehera hartzen duten eremua.
    • Nekazaritza ustiategiari atxikirik dauden lurrei buruzko agiri hauetako batzuk aurkeztu beharko dira: salerosketa edo jabetza oso edo usufruktuaren eskritura; jarauntsia esleitzeko edo banatzeko eskritura; 3/1999 Legera bilduriko oinordetza-ituna; edo jarauntsiaren banaketa egin gabe bada, kasu berezietan, hildako jabearen azken testamentua eta azken nahien ziurtagiria.
    • Era berean, goian adierazi den dokumentazioa aurkeztu beharrik gabe, Jabetza Erregistroko Informazio Ohar Soila aurkeztu ahal izango da.

Nekazaritzako ustiategiari baja emateko eskaerak

Nekazaritza jarduera utziko duten Gipuzkoako nekazaritzako ustiategi guztiek Gipuzkoako Lurralde Historikoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan baja ematea eskatu behar dute.

Baja emateko eskaerarekin batera ondoko dokumentazio espezifikoa aurkeztu ahal izango da:

  • Heriotza agiria, erretiro saria jasotzearen ziurtagiria, baliaezintasun pentsioaren ziurtagiria, sozietatea desegiteko erabakia, errentamendu kontratuaren likidazioa.

Nekazaritza ustiategiari dagozkion datuak aldatzeko eskakizunak

Ustiategian gertatzen diren funtsezko aldaketak (titularitate aldaketak, ustiategiko pertsonen alta/baja ematea, ustiategiko pertsonek ustiategiarekiko loturan izandako aldaketak) Gipuzkoako Lurralde Historikoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari jakinarazi behar zaizkio, eta aldaketa horiek egin ditzan eskatu.

Kasuaren arabera aurkez litekeen dokumentazio espezifikoa:

  • Salerosketa edo jabetza oso edo usufruktuaren eskritura; jarauntsia esleitzeko edo banatzeko eskritura; 3/1999 Legera bilduriko oinordetza-ituna; jarauntsiaren banaketa egin gabe bada, kasu berezietan, hildako jabearen azken testamentua eta azken nahien ziurtagiria; Jabetza Erregistroko Informazio Ohar Soila; landa errentamenduaren kontratua; erabiltzeko eta gozatzeko eskubidearen egiaztagiria; komodatu kontratua; lehengo jabearen edota titularraren baimena pertsona bat titular berri gisa altan emateko; ezkontide edo izatezko bikotekidearen kasuan, egoera horren egiaztagiria; heriotza ziurtagiria; erretiro pentsioa jasotzearen ziurtagiria; baliaezintasun pentsioaren ziurtagiria, sozietatea desegiteko erabakia; …

Eskaerak aurkezteko eta ebazteko epea

Interesatuak edozein unetan eskatu ahal izango du nekazaritzako ustiategiaren alta, baja edo datuen aldaketa.

Erregistro Bulegoak, eskaera aurkezten den egunetik ondoko hilabetearen barrenean, bidezkotzat jotzen diren egiaztatze eta txostenak egin ondoren, alta-baja-aldaketa gauzatuko du Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan, eta hartzen duen erabakiaren berri emango dio eskatzaileari. Ebazpen epea igaro bada eta organo eskudunak berariazko ebazpenik eman ez badu, eskaera onetsitzat hartu ahal izango da.

Era berean, Erregistroaz arduratzen de Bulegoak, interesatuak aldez aurretik hala eskaturik edo ofizioz, ustiategia lehentasunezko nekazaritza ustiategitzat joko du, hala badagokio.

Eskaera egin