ekonomia sustapena
eta berrikuntza

4.0 Industria

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2015-2019 aldirako egin duen Kudeaketa Plan Estrategikoaren helburu nagusietako bat da ekonomiaren susperraldiari eustea, enpresen lehiakortasuna sendotuta. Izan ere, planak honela definitzen du bere burua: “eraldaketa ekonomiko eta sozialerako palanka bat, etapa berri baterantz abiatzeko, lehiakortasunean eta garapen iraunkorrean".

Eraldaketa hori bultzatzeko, Ekonomia Suspertzeko Plana definitu da, zeinaren helburua baita "Gipuzkoako enpresei laguntzea, hobeak izan daitezen, eta produktu nahiz zerbitzu berriak sor ditzaten, industriari eta gainerako sektoreei laguntza emanez, gure ekonomiaren etorkizuneko erronkei heltzeko”. Gipuzkoako Foru Aldundiak ekonomiaren susperraldian elementu aktibo bilakatzeko konpromisoa hartzen du, alegia, laguntzaile, lehiakortasun faktore guztien sustapenean.

Gipuzkoako lurraldea izaera industrial nabarmenekoa da; langileen kualifikazio maila handia du; eta bertan badago ekosistema garatu bat, ezagutzan eta berrikuntzan oinarritua. Horregatik, bultzatzen dugu 4.0 Industria eredua garatzea gure enpresa txiki eta ertainetan, eta horrela erantzuten diogu industria aurreratu baten aldeko apustua egiteko erronkari. Izan ere, sektore hori funtsezkoa da, duen pisuagatik eta erakarpen ahalmenagatik; lurraldean aberastasuna eta enplegua sortzeko motor nagusia da, eta palanka nagusia internazionalizaziorako eta I+G+Brako.

4.0 Industria bultzatzea Gipuzkoaren etorkizun industriala bermatzea da, enpresa txiki eta ertainei lagunduz eraldatzen fabrikazio aurreratuago, eraginkorrago eta iraunkorrago baterantz, zeinak txertatuko baititu teknologia eta material berriak, baina baita berrikuntza ere, diseinuan, merkaturatzean, negozio ereduetan eta kudeaketa-sistemetan.